Bihar, etzi eta etzidamu ziklomotorren IAT zerbitzua herrian
Bihar, etzi eta etzidamu ez da ez Irun ez Urnietara joan beharko ziklomotorrari IAT (Ibilgailuen Azterketa Teknikoa) egitera. Izan ere, hiru egunetan zerbitzu hori Errenteria-Oreretan bertan emango du TÜV Rheiland enpresak. Lehentasuna emango zaie zik...
Bihar, etzi eta etzidamu ez da ez Irun ez Urnietara joan beharko ziklomotorrari IAT (Ibilgailuen Azterketa Teknikoa) egitera. Izan ere, hiru egunetan zerbitzu hori Errenteria-Oreretan bertan emango du TÜV Rheiland enpresak. Lehentasuna emango zaie ziklomotorrei, baina motorrek ere aukera izango dute tokiaren arabera.
Goizetan egongo da zabalik 08:30etik 13:30era Masti Loidi poligonoan. Aurretik hitzordua eskatu beharko da Irungo egoitzara deituta. Honakoa da telefono zenbakia: 943 62 63 00.
Lurralde osoan zehar ari dira ematen zerbitzu hori IAT mugikorrari esker. Horrenbestez, datozen egunak Errenteria-Oreretan pasatu ondoren, hilaren 20an Oriora joango dira.
Enpresatik jakinarazi dutenez, aztergunea punta-puntakoa da teknologia ikuspegitik; horrez gain, lan administratiboak egiteko beharrezko material guztia dauka.
Horrez gain, gogorarazi dute 2007tik beharrezkoa da ziklomotorrei ere IAT azterketa egitea. Asmoa da ez soilik gidariaren eta errepideetako gainontzeko erabiltzaileen segurtasuna bermatzea, baita ingurumena zaintzea ere.
Azterketa
Horretarako, ziklomotorreko hainbat elementu aztertzen dituzte: identifikazioa; kanpoaldeko itxura, karrozeria eta xasisa; barrualdeko itxura; argiak eta seinalizazioa; CO2 isurketa; balaztak; norabidea; eta ardatza, gurpilak, neumatikoak eta suspentsioa. Horrez gain, soinua eta gehienezko abiadura ere kontrolatzen dituzte.