Aurreikuspenak bete dira eta Kontxako bandera Bermeon da
Sorpresetarako tartea estuegia zen, eta usteak berretsi baino ez ziren egin. Bermeon da Kontxako Bandera, Urdaibaik nagusitasun osoz irabazita. 24 segunduko aldea atera zion Urdaibaik Kaikuri, eta honenbestez ia minutuko aldearikin irabazi dute Kontxa ...
Sorpresetarako tartea estuegia zen, eta usteak berretsi baino ez ziren egin. Bermeon da Kontxako Bandera, Urdaibaik nagusitasun osoz irabazita.
24 segunduko aldea atera zion Urdaibaik Kaikuri, eta honenbestez ia minutuko aldearikin irabazi dute Kontxa aurten bermeotarrek.
Lehen txanda Hondarribirentzat
Oarso Bidasoko ontzien estropadari erreparatuta, batean kale besteen bale. Hondarribiak irabazi zuen bere txanda, oso estropada txukuna osatuz. Sanjuandarrak aldiz, oso atzean geratu ziren, indarge, sailkapen orokorraren azken aurreko postura erortzeraino.
Astillero estropadatik kaleratuta, hiru ontzik baino ez zuten arraun egin lehengo txandan, San Pedroren hutsunea agerian utziz. Beranduegi iritsi zen antolakuntzaren erabakia Libiarentzat, eta horrek, are zirrara gehiago kendu zion aurrez ia erabakita zegoen estropadari.
Galiziara laugarrenez
Gizonen proban ez bezala, emakumeen estropadan emoziorik ez zen falta izan. Aurten emakumeen kontxako bandera Gipuzkoan geratu behar zela zirudien, baina galiziarrek ezustea eman eta irabazi egin zuten. Honenbestez, Emakumeen Kontxako IV. Bandera Galizian da baita ere, aurreko hirurak bezala.
Lehen igandeko irabazleak, zumaiarrak, atzean geratu ziren herenegun, ziabogan denbora asko galduta. Galiziarren eta Getaria-Tolosa ontziko arraunlarien arteko lehia estua izan zen bukaeraraino, baina azkenean, galiziarrak gailendu ziren lau segundoko aldearekin.
Bandera kaian jaso zuten, emakumeek zein gizonek, han bildutako jarraitzaile ugariren txalo zaparrada artean.