Urolaren kontra jokatuz ekingo dio etzi Trintxerpek denboraldiari
Etzi hasiko da Liga trintxerpreko talde gorenarentzat. Don Boscon du partida, Urolaren kontra, 16:30ean. Printzipioz, faborito dira zuri-urdinak, baina Trintxerpeko entrenatzaile Josu Zubia ez da fio: «Txanpa onean datorren taldea da, igo berria. Hala...
Etzi hasiko da Liga trintxerpreko talde gorenarentzat. Don Boscon du partida, Urolaren kontra, 16:30ean. Printzipioz, faborito dira zuri-urdinak, baina Trintxerpeko entrenatzaile Josu Zubia ez da fio: «Txanpa onean datorren taldea da, igo berria. Halako taldeek konfiantza handia izaten dute, batez ere lehengo jardunaldietan. Ez dute atzean geratu nahi izaten eta horregatik uste dut partida zaila izango dela». Behar bezala lan eginez gero, ordea, «puntuak etxean geratuko direla» espero du Zubiak.
Aurtengoa bigarren denboraldia du Zubiak talde zuri-urdinaren gidaritzan. Jokalari berri asko ekarri ditu taldera, denera hamar bat, «talde lehiakorragoa» osatuz, eta gustura dago, horiek denak denboraldiaurrean egin duten lanarekin. Elkar ezagutu, fisikoki prestatu eta taktikoki nola lan egin nahi duen azaldu. Hiru helburu horiei begira lan egin du Zubiak orain arte.
Denboraldirako helburuei erreparatuta, zuhur mintzo da: «Helburuak epe motzera zehaztu ditugu. Hasiera on bat izatea eta hasieratik behintzat zintzilik ez geratzea, ahal den eta puntu gehien eginez. Horrez gain, taldea ahal den eta erosoen aurkitzea nahi nuke, astean zehar egindako lana partidatan isla dadin. Horrek azkenean puntuak ematen ditu», esan du entrenatzaileak.