Hondarribiak eta San Juanek Kontxako Banderari agur esan zioten atzo. Urte osoan prestatzen ibili dira urteko estropadarik handiena bi taldeetako kideak, baina espero ez zuten gonbidatuak agertu ziren atzo Kontxako badian: haizea eta itsaso txarra. Horrek baldintzatu zuen estropada. Izan ere, berdeak eta arrosak atzoko bigarren txandan atera ziren, hau da, haizeak gogorren jo zuen txandan. Hala, lehen txandako denboretatik –Urdaiabaik aise irabazi zuen, Kaikuren aurretik– oso urrun bili ziren bigarren txandakoak, eta txanda horretan ere, Astillero irabazletik urruti izan ziren Hondarribia eta San Juan. Horrenbestez, seigarren postuan sailkatu ziren atzo hondarribiarrak –Urdaibaitik hiru minutu eta hiru segundora–, eta zazpigarrenean arrosak – hiru minutu eta lau segundora–. Behintzat, Oarso Bidasoko bi taldeen arteko lehia ederra izan zen, azken txanpan batik bat.
Bestalde, Zumaiak irabazi zuen atzoko emakumeen estropada: Hibaikako arraunlariek parte hartzen dute bertan. Giroa ere sutsua izan zen Donostian, eta elastiko berdeak eta arrosak nagusi izan ziren.

San Juango ontzia, Donostiako portuan