
Kontxa 2010, Hondarribia Donostiako portura sartzen
Gaur, 18:00etatik aurrera, kronometroen dantza hasiko da Donostiako Kontxako badian. Hilaren 4an eta 11n jokatuko den Kontxako Banderaren sailkapen estropada hasiko da ordu horretan: 25 traineruk parte hartuko dute. Horien artean Oarso Bidasokoak daude: Hondarribia, San Juan, San Pedro, Trintxerpe eta Hibaika.
Hondarribia eta San Juanek dituzte, sasoian lortu dituzten emaitzei erreparatuz, urteko estropada garrantzitsuenean parte hartzeko aukera gehien. San Pedrok gogor borrokatu beharko du igandean 12:00etatik aurrera Donostian lehiatzeko, eta Trintxerpek eta Hibaikak ez dituzte aukerarik.
Itsaso ona, lasaia, espero dute gaur arratsalderako. Indarra duten traineruei, beraz, errazagoa egingo zaie lehia, baldin eta urduritasunak gainditzen ez baditu. Hona sailkapen estropadari buruz Oarso Bidasoko traineruetako ordezkariek dituzten iritziak.
Galderak
1. Nola aurre egingo diozue gaurko Kontxarako sailkapen estropadari.
2. Zein traineru dira, zure ustez, Kontxan lehian ariko direnak?
Mikel Orbañanos.
Hondarribiko entrenatzailea
“%100a ematen badugu, barruan izango gara”
1. Sasoian eman dugun maila eman nahi dugu, eta hori egiten badugu, Kontxan sartzeko aukera handiak ditugu. Beti izaten dira sorpresak, eta zerbait gertatzeko arriskua hor dago. Baina %100a ematen badugu, barruan izango gara.
2. Aurreko urteetan baino sorpresa gutxiago izango direla uste dut. San Miguel Ligako zazpi traineru onenak uste dut sartuko direla Kontxan.
Igor Makazaga.
San Juango entrenatzailea
“Oso ondo gaude, urteko sasoirik onenean”
1. Gogotsu gaude. Ondo prestatu dugu sailkapen estropada eta Kontxa bera. Oso ondo gaude, eta uste dut urteko sasoirik onenean gaudela. Dena emango dugu.
2. Aurten, San Miguel Ligako lehenengo zazpien artean eta hurrengo bosten artean alde handia izan da. Hala ere, San Pedro sailkatuen artean sartuko dut, eta Pedreña kanpoan geldituko da.
Joxe Manuel Oiarbide.
San Pedroko ordezkaria
“Gauzak oso-oso ondo egin behar ditugu sailkatzeko”
1. Guretzako loteria antzekoa da. Segundo gutxian traineru asko gaude, eta gauzak oso-oso ondo egin behar ditugu Kontxara iristeko. Aukerak baditugu, eta sorpresak izango dira.
2. San Miguel Ligako zazpi aurrenekoak ikusten ditut Kontxan, baina Astillero kanpoan geldituko da. Horien ordez gu sartuko gara.
Jokin Pego.
Trintxerpeko presidentea
“Arraunlariek Kontxako giroa ikus dezatela nahi dugu”
1. Urteko azken estropada izango da guretzako gaurko sailkapen proba. Arraunlariek Kontxako giroa zein den ikus dezatela nahi dugu, eta lan duina egin. Gipuzkoako talde garen heinean bertan egon behar dugula uste dugu.
2. San Miguel Ligako lehen bost edo sei sailkatuak ikusten ditut Kontxan. Gero, KAE1eko Portugalete eta San Miguel Ligako zazpigarrena eta zortzigarrena sar daitezke Kontxan. Ezusteko gutxi izango dira.
Alex Orena.
Hibaikako entrenatzailea
“Gure buruarekin gustura gelditu nahi dugu”
1. Guretzako sasoia bukatzeko estropada izango da sailkapen estropada. Ondo arraun egin nahi dugu, eta gure buruarekin gustura gelditu.
2. Kaiku, Urdaibai, Hondarribia, Tiran, San Juan eta Astillero barruan ikusten ditut. Zazpigarrena Pedreña izan daiteke.
Parte hartzaileak
A taldea
Kaiku.
Urdaibai.
Hondarribia.
San Juan.
Tiran.
Pedreña.
Astillero.
San Pedro.
Castro.
Zumaia.
Camargo.
Orio.
B taldea
Amegrove.
Chapela.
Deustu.
Donostiarra.
Hibaika.
Cabo da Cruz.
Lekeitio.
Portugalete.
Santoña.
Santurtzi.
Trintxerpe.
Zarautz.
Zierbena.