Sukaldaritza handia, txokoan
Goi mailako sukaldariz eta jatetxez beteta dago Gipuzkoa. Baina ziur su gehien dauden guneak ez direla jatetxeak, elkarteak baizik. Hori argi dute Pasai Antxoko Armonia elkartean, eta goi mailako sukaldaritza eta herri sukaldaritza uztartzeko jardunaldiak egin dituzte. Arrakastatsuak izan direnez, errepikatzeko asmoa dute Antxoko elkartekoek, eta irailari begira ideia gehiago dituzte su artean lantzeko. Zazpi astez egin dituzte gastronomia jardunaldiak Armonia elkartean. Bertan, hamahiru saio egin dituzte, bi asteko: astelehenetan goi mailako sukaldariak izan dira eskolak ematen, eta ostegunetan, berriz, jardunaldietan izena eman dutenen artean elkartrukatu dute ezagutza. Markos Novo jardunaldien antolatzaileak esan duenez, «jardunaldi interaktiboak» izan dira, hau da, parte hartzaileak ez dira mugatu entzutera, eta hori guztia blok batean apuntatzera. «Sukaldaritzaren gaineko jakin-min handia izan dute eskolak hartu dituztenek, eta adituek esandakoetaz eta beste kideek gomendatutakoaz ikasi dute denek. Horregatik gaude oso pozik jardunaldien emaitzarekin», aitortu du Novok. Denera, 27 sukaldari-gaik parte hartu dute ikastaroan, «espero genuena baino askoz gehiagok», dio, harro, Novok: «Partaide bat, su bat ideia ez dugu bete. Mugimendu handia izan da Armonia elkartean hamahiru saioetan». Valentziatik, Japoniara Japoniako sukaldaritzaren gaineko ezagutzak banatu ditu Hitoshi Karube Japoniako sukaldariak Antxon; Laure Robles valentziarrak, berriz, Levante aldeko sukaldaritzaren berri eman zien 27 parte hartzaileei; eta azkenik, Mexikoko [...]
Goi mailako sukaldariz eta jatetxez beteta dago Gipuzkoa. Baina ziur su gehien dauden guneak ez direla jatetxeak, elkarteak baizik. Hori argi dute Pasai Antxoko Armonia elkartean, eta goi mailako sukaldaritza eta herri sukaldaritza uztartzeko jardunaldiak egin dituzte. Arrakastatsuak izan direnez, errepikatzeko asmoa dute Antxoko elkartekoek, eta irailari begira ideia gehiago dituzte su artean lantzeko.
Zazpi astez egin dituzte gastronomia jardunaldiak Armonia elkartean. Bertan, hamahiru saio egin dituzte, bi asteko: astelehenetan goi mailako sukaldariak izan dira eskolak ematen, eta ostegunetan, berriz, jardunaldietan izena eman dutenen artean elkartrukatu dute ezagutza. Markos Novo jardunaldien antolatzaileak esan duenez, «jardunaldi interaktiboak» izan dira, hau da, parte hartzaileak ez dira mugatu entzutera, eta hori guztia blok batean apuntatzera. «Sukaldaritzaren gaineko jakin-min handia izan dute eskolak hartu dituztenek, eta adituek esandakoetaz eta beste kideek gomendatutakoaz ikasi dute denek. Horregatik gaude oso pozik jardunaldien emaitzarekin», aitortu du Novok.
Denera, 27 sukaldari-gaik parte hartu dute ikastaroan, «espero genuena baino askoz gehiagok», dio, harro, Novok: «Partaide bat, su bat ideia ez dugu bete. Mugimendu handia izan da Armonia elkartean hamahiru saioetan».
Valentziatik, Japoniara
Japoniako sukaldaritzaren gaineko ezagutzak banatu ditu Hitoshi Karube Japoniako sukaldariak Antxon; Laure Robles valentziarrak, berriz, Levante aldeko sukaldaritzaren berri eman zien 27 parte hartzaileei; eta azkenik, Mexikoko Juan Antonio Nietok, Lilian Mifloresek eta Rodrigo Nietok Tingak eta Zakatekak nola egiten dituzten azaldu diete elkarte antxotarreko kideei. «Sukaldari oso onak dira horiek guztiak, baina maila pertsonalean ere harreman oso ona izan dugu guk haiekin, antolatzaile moduan. Parte hartzaileekin ere oso gustura gaude, batez ere izan duten jarrerarekin», nabarmendu du Markos Novok.
Jardunaldien barruan Luis Irizarrek Euskal Herriko sukaldaritzaren gaineko hitzaldia eman zuen. Eta nola ez, pil-pil erara egindako bakailaoarekin bukatu zituzten jardunaldiak antxotarrek: Astarbe sagardotegiko Hur Astarbek azaldu zituen bere sekretuak.
Aurrera begira, gogoz
Armoniako kideek ez zuten uste hainbeste jendek parte hartuko zuenik sukaldaritza eskoletan. Zalantzak zituzten parte hartzearen gainean, eta eskoletan izango zen giroaren inguruan.
Baina lehen astetik uxatu zituzten zalantza horiek, eta horregatik, beste hainbat ekimen buruan dituztela iragarri du Markos Novok: «Bi eguneko ikastaroak, cava dastaketak… Horrelakoak ditugu buruan, eta nola ez, gauza mardulagoak ez ditugu baztertzen. Lanerako gogoz gaude, horrelako ekimenek ahalegin handia eskatzen duten arren».
Goi mailako sukaldaritzak eta herri sukaldaritzak dituzten dohainak azaldu nahi zituzten Antxoko elkarteko kideek. Hori lortu dutela ziur daude, eta su artean tentuz ibiltzen direnei beldurrak kentzeko garaia dela uste dute. Finean, zazpi asteko jardunaldien helburua hori baitzen: su artean gustura ibiltzea, irudimenak agintzen duena platerera eramateko era konpartitzeko.