Hendaiako eta Txingudiko ingurune naturala batzeko Txinbadia sortu dute
Txingudiko eta Lapurdiko kostaldeko eremu naturalak batzeko eta babesteko akordioa egin dute Eusko Jaurlaritzak eta CPIE Euskal Kostaldeak. Akordio horren arabera, 4,2 milioi euroko inbertsioa egingo dute bi erakundeek mugaren bi aldeetan. Hala, Irunen...
Txingudiko eta Lapurdiko kostaldeko eremu naturalak batzeko eta babesteko akordioa egin dute Eusko Jaurlaritzak eta CPIE Euskal Kostaldeak. Akordio horren arabera, 4,2 milioi euroko inbertsioa egingo dute bi erakundeek mugaren bi aldeetan. Hala, Irunen, Txingudi-Nekoetxean egingo dituzte inbertsioak, eta Hendaian, berriz, Larretxean, Nekatoenean eta Asporotstxipin. Jarduera horiek aurrera eramateko Txinbadia sortu dute Eusko Jaurlaritzak eta CPIEk.
Egitasmoaren arabera, mugako bi aldeetan paisaien, lur eta itsas eremuetako habitaten nahiz kostaldearen babesa bilatuko dute. Horien eraberritzea errazteko sortu dute ere Txinbadia, egitasmo zientifiko eta teknikoen bidez. Aldi berean, sentsibilizazio programak bultzatuko dituzte, lau eremu horiek Natura 2000 Sarean daudelako.
“Mugarik gabeko mapa”
Joan den asteko ostegunean sinatu zuten akordioa Jaurlaritzak eta CPIEk. Eusko Jaurlaritzaren aldetik Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Nekazaritza eta Arrantza sailburuak parte hartu zuen sinadura ekitaldian, eta CPIEren ordezkaria George Lafau erakundeko presidentea izan zen.
Unzaluren arabera, Txinbadia egitasmoa garatzeak «ingurumena eta inguru naturala» babesteko eta ezagutarazteko balioko du, eta «errealitatean mugarik gabeko mapa bat» marraztuko duela ziur dago. Hala, mugakide diren eremuen arteko lankidetza nabarmendu zuen Unzaluk, eta egitasmoak era koordinatuan garatuko dituztela esan zuen. Heziketa eta sentsibilizazio kanpainak aurrera eramango dituztela esan zuten bi erakundeetako kideek.