Euskal selekzioen aldeko mozioa onartu du udalak
Oiartzungo Udalbatzak aho batez onartu zuen atzoko udalbatzarrean ESAITek aurkeztutako mozioa. “Euskal selekzioen alde eta euskal kirolariek nazioarteko txapelketetan Euskal Herria ordezkatzeko duten eskubidearen alde” aurkeztutako mozioa izan. Aiora Perez de San Roman alkateak zehaztu zuen, Gobernu Taldea guztiz ados dagoela ESAITen mozioarekin. Era berean, gogorarazi zuen, abuztuaren 2an Oiartzuna iritsiko dela ESAITek euskal selekzioen alde urtero antolatzen duen mendi martxa. Horrez gain, abuztuaren 3an Elorsoro kiroldegian euskal selekzioen aldeko monolitoaren inaugurazioan parte hartuko du Udalak, ofizialki, eta herritarrei ere ekitaldian parte hartzeko deia egin zien alkateak. Martxel Toledo ESAITeko koordinatzaileak “eskerrak” eman zizkion udalari, “euskal selekzioen alde egiteagatik, hasiera-hasieratik”. Hala gogorarazi zuen, 1999an lehenengo Euskal Selekzio Eguna Oiartzunen antolatu zutela, eta udalak eman zuen laguntza ezinbestekoa izan zela. Maria Garaiar plaza Arau subsidiarioen baitan Elizalde auzoan, Sarastiberri baserriaren inguruan, Udal Ikastola Partzuergoaren lanen ondorioz sortuko den plaza berriak izango duen izena ere onartu zuen udalbatzarrak: Maria Garaiar. Pello Aramendi Gizarte Ongizateko zinegotziak azaldu zuenez, “gizon eta emakumeen arteko parekidetasunaren izenean hartutako erabakia izan da. Historia gizonek idatzi dute eta kaleak eta plazak euren izenez bete dira, eta emakumeek ere izan behar dute tokia”. Ikermap enpresari eman zion enkargua udalak inguru horretako toponimia eta izen posibleak aztertzeko, eta enpresaren proposamenaren [...]
Oiartzungo Udalbatzak aho batez onartu zuen atzoko udalbatzarrean ESAITek aurkeztutako mozioa. “Euskal selekzioen alde eta euskal kirolariek nazioarteko txapelketetan Euskal Herria ordezkatzeko duten eskubidearen alde” aurkeztutako mozioa izan.
Aiora Perez de San Roman alkateak zehaztu zuen, Gobernu Taldea guztiz ados dagoela ESAITen mozioarekin. Era berean, gogorarazi zuen, abuztuaren 2an Oiartzuna iritsiko dela ESAITek euskal selekzioen alde urtero antolatzen duen mendi martxa. Horrez gain, abuztuaren 3an Elorsoro kiroldegian euskal selekzioen aldeko monolitoaren inaugurazioan parte hartuko du Udalak, ofizialki, eta herritarrei ere ekitaldian parte hartzeko deia egin zien alkateak.
Martxel Toledo ESAITeko koordinatzaileak “eskerrak” eman zizkion udalari, “euskal selekzioen alde egiteagatik, hasiera-hasieratik”. Hala gogorarazi zuen, 1999an lehenengo Euskal Selekzio Eguna Oiartzunen antolatu zutela, eta udalak eman zuen laguntza ezinbestekoa izan zela.
Maria Garaiar plaza
Arau subsidiarioen baitan Elizalde auzoan, Sarastiberri baserriaren inguruan, Udal Ikastola Partzuergoaren lanen ondorioz sortuko den plaza berriak izango duen izena ere onartu zuen udalbatzarrak: Maria Garaiar.
Pello Aramendi Gizarte Ongizateko zinegotziak azaldu zuenez, “gizon eta emakumeen arteko parekidetasunaren izenean hartutako erabakia izan da. Historia gizonek idatzi dute eta kaleak eta plazak euren izenez bete dira, eta emakumeek ere izan behar dute tokia”.
Ikermap enpresari eman zion enkargua udalak inguru horretako toponimia eta izen posibleak aztertzeko, eta enpresaren proposamenaren harira aukeratu du izena Udalbatzak aho batez.
Hala ere, bi proposamen egin zituzten oposizioko taldeek, hurrengo kale, plaza edo dena delakoetarako. EAJko Aitor Santxez Urkiak Xabier Lete izena buruan edukitzeko eskatu zien Udal Gobernu Taldeko kideei. Hamaikabateko Xanet Arozenak, berriz, gogorarazi zuen euskaldunek ohitura dutela izenak inguruarekin lotzeko: “Sagastiatze edo antzeko zerbait izan zezakeen izena plaza horrek. Hurrengoetarako horrela sor daitezke izen berriak”.
Maria Garaiar Rekalde 1894an jaio zen Hernanin, baina Oiartzungo Bastero-berri baserrira ezkondu zen eta Comete Sarean aritu zen buru-belarri, II. Mundu Gerran Aliatuen aldeko hegazkin-pilotuei laguntzen.
Xanistebanetako aurrekontua
Aurtengo xanistebanetako egitaraua eta aurrekontua ere onartu zituen Udalbatzak, Bilduko zinegotzien aldeko botoarekin. Aurten, 108.000 euro pasatxoko aurrekontua izango dute festek.
Arditurriko fabrika zaharraren lurra
Atzo onartutako lur-trukaketa bati esker, udalak Aiako Harria Parke Naturalaren eremuan lurra jasoko du. Hor Arditurriko meategietako fabrika egon zen kokatua, beraz, lurrak balio arkeologiko eta historiko handia izan lezake. Udalak Olaizarren dituen lur eremu batzuen truke jasoko ditu Pikokarateko lurrak.