Defentsaren abokatuek absoluzioa eskatu dute auzipetu guztientzat
Bukatu da epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Orain, Oarsoaldeko hamasei gazte auzipetuak epaiaren zain geratzen dira. Udako atsedenaldiaren ostean, epaia urrirako edo azarorako espero dute, baina ikusteko dago noiz izango den. Gaur, behintzat, defentsaren abokatuek guztientzako absoluzioa eskatu dute, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak aurkeztutako froga bakarrak poliziek egindako jarraipenak eta inkomunikazio aldian egindako adierazpenak izan direla argudiatuta. Horrez gain, Javier Gomez Bermudez epaileak pasa den asteko astelehenetik espetxean egon diren Oihana Mujika eta Iker Zabala oiartzuarrak eta Egoitz Urbe oreretarra askatzeko agindua eman du. Epaiketara ez zirela agertu eta, atxilotu egin zituzten, eta epaiketak iraun bitartean Madrilgo Soto del Real espetxean preso edukitzeko agindua eman zuen epaileak. Datozen orduetan aske uztea espero da. Goizeko hamarretan puntuan hasi da gaurko azken saioa. Aurreko egunean Fiskaltzak eta AVTk egin bezala, gaur, defentsaren abokatuek atera dituzte euren ondorioak; guztira, bost abokatuk hitz egin dute. Ez da arratsaldeko saiorik izan, baina goizeko saioa luzatu egin da, 15:00ak pasatxo izan arte. Defentsaren abokatuez gain, auzipetuek ere hitza hartzeko aukera izan dute, eta guztien izenean, Arkaitz Anzak hitz egin du. Sumarioaren sostengu bakarra “torturapean egindako adierazpenak izan direla frogatuta” gelditu dela adierazi du, batetik. Bestetik, berriz, auzipetu guztiak Euskal Herrian ireki den aro politikoaren parte direla eta [...]
Bukatu da epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Orain, Oarsoaldeko hamasei gazte auzipetuak epaiaren zain geratzen dira. Udako atsedenaldiaren ostean, epaia urrirako edo azarorako espero dute, baina ikusteko dago noiz izango den. Gaur, behintzat, defentsaren abokatuek guztientzako absoluzioa eskatu dute, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak aurkeztutako froga bakarrak poliziek egindako jarraipenak eta inkomunikazio aldian egindako adierazpenak izan direla argudiatuta.
Horrez gain, Javier Gomez Bermudez epaileak pasa den asteko astelehenetik espetxean egon diren Oihana Mujika eta Iker Zabala oiartzuarrak eta Egoitz Urbe oreretarra askatzeko agindua eman du. Epaiketara ez zirela agertu eta, atxilotu egin zituzten, eta epaiketak iraun bitartean Madrilgo Soto del Real espetxean preso edukitzeko agindua eman zuen epaileak. Datozen orduetan aske uztea espero da.
Goizeko hamarretan puntuan hasi da gaurko azken saioa. Aurreko egunean Fiskaltzak eta AVTk egin bezala, gaur, defentsaren abokatuek atera dituzte euren ondorioak; guztira, bost abokatuk hitz egin dute. Ez da arratsaldeko saiorik izan, baina goizeko saioa luzatu egin da, 15:00ak pasatxo izan arte.
Defentsaren abokatuez gain, auzipetuek ere hitza hartzeko aukera izan dute, eta guztien izenean, Arkaitz Anzak hitz egin du. Sumarioaren sostengu bakarra “torturapean egindako adierazpenak izan direla frogatuta” gelditu dela adierazi du, batetik. Bestetik, berriz, auzipetu guztiak Euskal Herrian ireki den aro politikoaren parte direla eta izango direla esan du, eta prozesu horretan, halako epaiketek tokirik ez dutela gaineratu du.
Zigor eskaerak, berberak
Atzoko saioan, berriz, Fiskaltzak eta AVTk epaiketaren aurretik egindako zigor eskaerak berretsi zituzten, Segi gazte erakundekoak direla, eta hortaz, «talde terroristako kide» direla esanda.
Fiskaltzak auzipetu guztientzako zortzina urteko espetxe zigorra eskatu zuen.
AVTk, berriz, zortzi eta hamabi urte arteko zigor eskaerak egin zituen: hamabi urte Oihana Mujikarentzat, hamarna urte Xabier Lujanbio, Haizea Iriarte eta Maitane Linazasororentzat eta zortzina urte gainontzeko auzipetuentzat.
Epaiketa pasa den astelehenean hasi zen, eta bost egunez luzatu da, astebeteko atsedenaldiaren ostean. Bigarren saioan, hamazazpigarren auzipetu bat, Imanol Sagarzazu, absolbitu egin zuen epaileak, fiskalak eta AVTk haren kontrako akusazioa erretiratu ostean.
2008an eman zuen Fernando Grande Marlaskak eskualdeko 22 gazte atxilotzeko agindua, Segiko kide izatea leporatuta. Hamar apirileko polizia operazioan atxilotu zituzten, eta beste hamar, Donostiako Auzitegian aurkeztu ziren urte horretako uztailean, eta orduan atxilotu zituzten. Bi ihes eginda daude. Hamazazpi auzipetu dituzte (horietako bat absolbitu dute) eta gainontzeko hiruak epaiketaren aurretik absolbitu zituzten. Gazte horietako askok atxiloaldian torturak jasan zituztela salatu zuten