Bidegorri sarea zabaldu eta orduko 30 kilometroko eremuak sortuko dituzte
Udalak 2012rako plana aurkeztu du, Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planari aurrea hartuz Irun hiri iraunkorragoa egiteko bidean 2012rako hainbat neurri jasotzen dituen Aurrez Aurreko Plana aurkeztu zuen atzo Irungo Udalak, Hiriko Mugikortasun Iraunkorreko Planari (HMIP) aurrea hartuz. Besteak beste, gehienezko 30 kilometro orduko eremuak sortu, bidegorri sarea luzatu, eta garraio publikoa hobetu nahi dituzte. Jose Antonio Santano alkateak eta Hirigintza eta Mugikortasun ordezkariek, Miguel Angel Paezek eta Maite Cruzadok, aurkeztu zituzten neurriak, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) erakusketaren bulegoan. Hartuko dituzten neurrietako batzuek egungo trafikoa iraultzea ekarriko dute, batez ere, orduko gehienezko 30 kilometroko kaleak eta eremuak sortzeko erabakiak eta bidegorri sarearen luzatzeak. Nolanahi ere, neurriak abuztuaren 8tik aurrera abiatuko dituzten arren, ez dira denak batera hartuko, eta «behar bezala iragartzen esfortzu handia» egingo dutela nabarmendu du alkateak. Abiadura murrizteko neurria oinezkoei eta txirrindulariei begira hartutako erabakia da. «Abiadura mantsotuz oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna handitzen da, eta soinu kutsadura eta kontsumoak murriztuko ditugu», esan du alkateak. Bere esanetan, batetik, oinezkoen harrapatzeak ekidin nahi dituzte, eta, bestetik, «kotxeen eta bizikleten arteko elkarbizitza lasaiagoa izatea lortu nahi dugu, Colon pasealekua bezalako kaleetan». Aurrez Aurreko Planeko neurri berriak abuztuaren 8tik aurrera ezarriko dituzte, baina dagoeneko zenbait erabaki hartuta daudela gogoratu du Santanok, besteak beste, Miguel [...]
Udalak 2012rako plana aurkeztu du, Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planari aurrea hartuz
Irun hiri iraunkorragoa egiteko bidean 2012rako hainbat neurri jasotzen dituen Aurrez Aurreko Plana aurkeztu zuen atzo Irungo Udalak, Hiriko Mugikortasun Iraunkorreko Planari (HMIP) aurrea hartuz. Besteak beste, gehienezko 30 kilometro orduko eremuak sortu, bidegorri sarea luzatu, eta garraio publikoa hobetu nahi dituzte.
Jose Antonio Santano alkateak eta Hirigintza eta Mugikortasun ordezkariek, Miguel Angel Paezek eta Maite Cruzadok, aurkeztu zituzten neurriak, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) erakusketaren bulegoan. Hartuko dituzten neurrietako batzuek egungo trafikoa iraultzea ekarriko dute, batez ere, orduko gehienezko 30 kilometroko kaleak eta eremuak sortzeko erabakiak eta bidegorri sarearen luzatzeak. Nolanahi ere, neurriak abuztuaren 8tik aurrera abiatuko dituzten arren, ez dira denak batera hartuko, eta «behar bezala iragartzen esfortzu handia» egingo dutela nabarmendu du alkateak.
Abiadura murrizteko neurria oinezkoei eta txirrindulariei begira hartutako erabakia da. «Abiadura mantsotuz oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna handitzen da, eta soinu kutsadura eta kontsumoak murriztuko ditugu», esan du alkateak. Bere esanetan, batetik, oinezkoen harrapatzeak ekidin nahi dituzte, eta, bestetik, «kotxeen eta bizikleten arteko elkarbizitza lasaiagoa izatea lortu nahi dugu, Colon pasealekua bezalako kaleetan».
Aurrez Aurreko Planeko neurri berriak abuztuaren 8tik aurrera ezarriko dituzte, baina dagoeneko zenbait erabaki hartuta daudela gogoratu du Santanok, besteak beste, Miguel Astigar eta Jacobo Arbelaitz kaleen norabide aldaketa. Hondarribia, Zubiaurre eta Geltoki kaleak, Colon pasealekua eta Nafarroa etorbidea osatzen duten ardatza eta Zabaltza, Argentinar Errepublika, Beraketa, Luis Mariano, Pio XII. eta Juan Gamonetik San Juan plazara doan tartea, horiek guztiak gehienez 30era joateko izango dira.
Bidegorri sarea zabaldu
Txirrindularientzako ere neurri zehatz sorta ezarriko du udalak. Mugikortasun ordezkariak eman du horien berri: «Egungo bidegorri sarea zabaldu, haien informazio horizontala zein bertikala hobetzeko neurriak hartu, ia zortzi kilometroko bi ibilbide berri sortu [Hondarribia-Palmera eta Letxunborro] eta txirrindularien mugikortasunaren intermodalitatea hobetu». Azken neurri horren harira, hiriko tren geltokietan bizikletentzako aparkalekuak eraikiko dituztela jakinarazi zuen Paezek.
Abiatuko dituzten neurri guztiek mugikortasuna hobetu eta CO2 isurketak murrizteko helburua dute. Horregatik, garraio publikoaren aldeko neurriak ere hartuko dituzte. Hala, Mugikortasun ordezkariak autobus geltokietan hobekuntzak egin eta landa eremuko garraioa ere hobetu nahi dutela adierazi zuen. «Autobusentzako semaforoetako lehentasuneko sistema lantzen ari gara», gaineratu zuen Cruzadok.
Bere ustez, «gune publikoa hiritarren gunea» bilakatzeko jarrerak aldatu behar dira, eta horretan hiritarren kontzientzia hartzea ezinbestekoa izango da. Helburu horrekin kotxerik gabeko ekitaldi sinbolikoak iragarri ditu: «Hilabetean bitan Colon pasealekua oinezkoentzako soilik izango da».
Informaziorako bideak
Abuztuaren 8tik aurrera abiatuko dituzten aldaketetaz behar bezala informatzea garrantzitsua dela jakitun dira udal ordezkariak. Horregatik, hainbat bide erabiliko dituzte Aurrez Aurreko Planaren berri emateko. Lehenik eta behin, HAPOaren erakusketa iraunkorra jasotzen duen bulegoan lau panel jarri dituzte. Batean informazio orokorra dago, HMIParen eta 2012rako neurrien gainekoa. Eta beste hiru paneletan neurri zehatzak agertzen dira, hurrenez hurren, oinezkoen eta bizikletazaleen mugikortasunaren eta garraio publikoaren gainekoak.
Sarean ere ezagutu daitezke datozen aldaketak; udalaren webguneak dagoeneko informazio hori guztia jasotzen du (zuzeneko sarbidea: movilidad.irun.org). Gainera, SMS harpidetza zerbitzuan alta eman daiteke. Norberak nahi duen informazioa sakelakoan jasotzeko aukera ematen du zerbitzu horrek, eta Mugikortasun atala hautatuz gero, indarrean jartzen diren neurrien informazio zehatza jasoko du erabiltzaileak.