Fiskalaren ondorioak entzunda, bihar jarraituko dute epaiketarekin
Astebeteko atsedenaldiaren ostean, gaur ekin diote berriro Oarsoaldeko hamasei gazte auzipetuen kontrako epaiketari Espainiako Auzitegi Nazionalean. Laugarren saioan, defentsaren lekukoen eta deklaratzeko falta ziren bi polizien txanda izan da. Goizeko hamarretarako deitu dituzte auzitegira Segiko kide izatea leporatzen dieten Oarsoaldeko hamasei auzipetuak. Senitarteko eta lagunen babesa izan dute. Bestalde, Oiartzungo Iker Zabala eta Oihana Mujika, eta Errenteria-Oreretako Egoitz Urbe Soto del Real espetxetik eraman dituzte aretora. Deklaratzen lehenak, defentsaren lekukoak izan dira. Guztira, hamalau lekuko inguru pasatu dira, banan-banan (batek bideokonferentziaz egin du), alde batetik eta bestetik egindako galderak erantzutera. Euren adierazpenekin orain arte poliziek emandako frogak desmuntatu dituzte. Ondoren, polizien txanda izan da. Pasa den asteazkenean hemezortzi zeuden deituta, eta hamalauk hitz egin zuten. Gaur, berriz, bi eseri dira aulkian (gainontzeko biek ez dute deklaratuko). Izaera bikoitza zeukaten, peritu eta lekuko gisa deklaratu baitute. Defentsak egindako galderen aurrean, ez dira xehetasunetan sartu, eta erantzunik ohikoena izan da ez dutela gauza askorik gogoratzen. Gaurkoa saio bikoitza izan da, eta bazkaltzeko atsedena hartu ondoren, arratsaldeko bostetan hasi dira berriro, eta zazpiak aldera bukatu dute. Azken txanpa Epaiketa azken txanpan sartuta dago, eta gaur arratsaldean dagoeneko ondorioak ateratzen hasi dira Fiskaltza eta akusazio partikularra, AVT. Horretarako, polizien adierazpenetan oinarritu dira: epaiketa aurreko [...]
Astebeteko atsedenaldiaren ostean, gaur ekin diote berriro Oarsoaldeko hamasei gazte auzipetuen kontrako epaiketari Espainiako Auzitegi Nazionalean. Laugarren saioan, defentsaren lekukoen eta deklaratzeko falta ziren bi polizien txanda izan da.
Goizeko hamarretarako deitu dituzte auzitegira Segiko kide izatea leporatzen dieten Oarsoaldeko hamasei auzipetuak. Senitarteko eta lagunen babesa izan dute. Bestalde, Oiartzungo Iker Zabala eta Oihana Mujika, eta Errenteria-Oreretako Egoitz Urbe Soto del Real espetxetik eraman dituzte aretora.
Deklaratzen lehenak, defentsaren lekukoak izan dira. Guztira, hamalau lekuko inguru pasatu dira, banan-banan (batek bideokonferentziaz egin du), alde batetik eta bestetik egindako galderak erantzutera. Euren adierazpenekin orain arte poliziek emandako frogak desmuntatu dituzte.
Ondoren, polizien txanda izan da. Pasa den asteazkenean hemezortzi zeuden deituta, eta hamalauk hitz egin zuten. Gaur, berriz, bi eseri dira aulkian (gainontzeko biek ez dute deklaratuko). Izaera bikoitza zeukaten, peritu eta lekuko gisa deklaratu baitute. Defentsak egindako galderen aurrean, ez dira xehetasunetan sartu, eta erantzunik ohikoena izan da ez dutela gauza askorik gogoratzen.
Gaurkoa saio bikoitza izan da, eta bazkaltzeko atsedena hartu ondoren, arratsaldeko bostetan hasi dira berriro, eta zazpiak aldera bukatu dute.
Azken txanpa
Epaiketa azken txanpan sartuta dago, eta gaur arratsaldean dagoeneko ondorioak ateratzen hasi dira Fiskaltza eta akusazio partikularra, AVT. Horretarako, polizien adierazpenetan oinarritu dira: epaiketa aurreko espetxe zigor eskaerak berretsi dituzte, auzipetuaren arabera, zortzi eta hamabi urte artekoak.
Bihar jarraituko dute epaiketarekin, eta azkenekoa izan daitekeen bosgarren saioan, defentsak aurkeztuko ditu ondorioak. 10:00etan jarri dute hitzordua.
Dagoeneko, auzipetuek, poliziek eta defentsaren lekukoek deklaratu dute. Lehenengo egunean, hamazazpi auzipetuetatik bostek hartu zuten hitza. Hiru —Zabala, Mujika eta Urbe— ez ziren azaldu lehenengo saioan. Egun horretan bertan, ordea, atxilotu eta espetxera bidali zituzten, eta epaiketak iraun bitartean izango dira bertan. Hirugarren egunerako gazte guztiek deklaratu zuten, eta denek ukatu zituzten haien kontrako akusazioak.
Bigarren egunean, gainera, auzipetuetako bat, Imanol Sagarzazu, kargurik gabe aske utzi zuen epaileak, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak haren kontrako karguak erretiratu ostean.
Hirugarren saioan, berriz, poliziek hitz egin zuten, baina ez zuten frogarik aurkeztu. Egun horretan ere gazteetako batzuk epaiketa gela utzi behar izan zuten antsietate krisiak jota, poliziek auzipetuek salatutako tratu txarrak ukatu ostean.
Fiskaltzaren zigor eskaerak
Zortzina urteko kartzela zigorra auzipetu guztientzat.
Akusazio partikularraren (AVT) zigor eskaerak
Oihana Mujika: hamabi urte.
Xabier Lujanbio: hamar urte.
Haizea Iriarte: hamar urte.
Maitane Linazasoro: hamar urte.
Gainontzekoak: zortzina urte.

