Txupina lehertzearekin batera, hasi da festa
Hasi dira 2011ko madalenak. Arratsaldeko zazpietan puntuan eman diote sua txupinari Jose Luis Insausti eta Idoia Arbelaitz omenduek, eta jendea Errenteria Musika Kultur Elkarteko Banda jotzen ari zen Zentenarioa-rekin saltoka hasi da. Bilkura aretoan e...
Hasi dira 2011ko madalenak. Arratsaldeko zazpietan puntuan eman diote sua txupinari Jose Luis Insausti eta Idoia Arbelaitz omenduek, eta jendea Errenteria Musika Kultur Elkarteko Banda jotzen ari zen Zentenarioa-rekin saltoka hasi da. Bilkura aretoan ere udaleko ordezkariek, omenduek eta presoen senideek ere gozamenez hartu dute festa.
Txupinazoa hasi baino ordu erdi lehenago Herriko Enparantza betetzen hasi da. Txosna Batzordetik festen hasiera “garbia” egiteko deialdiari ez diote batzuk kasurik egin, eta suziria lehertu baino lehen plazaren erdialdean zegoen jendea dagoeneko arrautzez eta irinez beterik zegoen. Bilkura aretoan, berriz, urduritasuna nabari zen, batik bat omenduen artean. Behean, bitartean, Independentistak sarekoak eta koadrilak plazara iritsi dira arratsaldeko zazpiak baino minutu batzuk lehenago. Plaza eta inguruak leporaino beteta zeuden. Eta bat-batean ordulariak zazpiak markatu dituenean jaia hasi da.
Hasierako beroaldiaren ostean, lasaitzen joan da plaza, eta Zentenarioa amaitu denean, pixkanaka hustu egin da. Bandako kideak herriko kaleetan zehar atera dira erraldoi eta buruhandiekin giroa bizituz. Eta oraindik lan handia egin beharko dute, eurek eta herritarrek bost egun luze baitituzte aurretik.