Idatzizko harremanak ere euskaraz izan ditzaten pausoa emateko eskatu diete Oiartzungo elkarteek euren hornitzaileei
Oiartzungo Euskara Elkartera egitasmoko elkarteek ekimen berria jarri dute martxan. Elkarteak hornitzen dituzten enpresei eskaera egin diete, beraiekin duten idatzizko harremana ere euskaraz izateko pausoak eman ditzaten. Ekimenean parte hartzen ari diren elkarteak, batez ere, auzoetako elkarte gastronomiko eta kulturalak dira, eta hornitzaileak, berriz, edariak, kafeak, olioak, edota garbiketa produktuak banatzen dituzten enpresak. Eskaera gutun bidez egin diete elkarteek, eta elkarteez gain, Ttur-tturrek eta Oiartzungo Udalak ere sinatu dute gutuna. Hilaren 12an bilera egin zuten, eta bilera horretan eman zizkieten gutunak bertaratu ziren hornitzaileei. Elkarteetako ordezkaritza bat, hornitzaile batzuk, Ttur-tturreko suspertzaile Axun Erzibengoa eta Udaleko euskara teknikari Aitziber Arnaiz izan ziren bileran. Euskara Elkartera egitasmoaren barnean, elkarte batzuk hornitzaileekin lotura duen konpromiso zehatz bat dute: “Bizpahiru hornitzaile ohikoenei idatzizko harremana euskaraz nahi dugula eskatuko diegu”. Hori oinarri hartuta, hornitzaileei honako eskaera egin diete, gutunaren bidez: “Komunikazio bide berri hori martxan jartzea gustatuko litzaiguke, eta hemendik aurrera zuekin dugun idatzizko harreman guztia euskaraz izatea: aurrekontuak, fakturak, entrega agiriak…”. Bileran izan ziren hornitzaileek jarrera positiboa erakutsi zuten, eta eskaerak aztertuko dituztela esan zuten, baita zein pauso emateko moduan diren ere. Ttur-tturreko suspertzaileak eta Udaleko ordezkariak adierazi zuten badakitela kasu bakoitza ezberdina dela, eta bakoitzak ahal duen neurrian aurrera egitea dela garrantzitsuena. Parte [...]
Oiartzungo Euskara Elkartera egitasmoko elkarteek ekimen berria jarri dute martxan. Elkarteak hornitzen dituzten enpresei eskaera egin diete, beraiekin duten idatzizko harremana ere euskaraz izateko pausoak eman ditzaten.
Ekimenean parte hartzen ari diren elkarteak, batez ere, auzoetako elkarte gastronomiko eta kulturalak dira, eta hornitzaileak, berriz, edariak, kafeak, olioak, edota garbiketa produktuak banatzen dituzten enpresak.
Eskaera gutun bidez egin diete elkarteek, eta elkarteez gain, Ttur-tturrek eta Oiartzungo Udalak ere sinatu dute gutuna.
Hilaren 12an bilera egin zuten, eta bilera horretan eman zizkieten gutunak bertaratu ziren hornitzaileei. Elkarteetako ordezkaritza bat, hornitzaile batzuk, Ttur-tturreko suspertzaile Axun Erzibengoa eta Udaleko euskara teknikari Aitziber Arnaiz izan ziren bileran.
Euskara Elkartera egitasmoaren barnean, elkarte batzuk hornitzaileekin lotura duen konpromiso zehatz bat dute: “Bizpahiru hornitzaile ohikoenei idatzizko harremana euskaraz nahi dugula eskatuko diegu”.
Hori oinarri hartuta, hornitzaileei honako eskaera egin diete, gutunaren bidez: “Komunikazio bide berri hori martxan jartzea gustatuko litzaiguke, eta hemendik aurrera zuekin dugun idatzizko harreman guztia euskaraz izatea: aurrekontuak, fakturak, entrega agiriak…”.
Bileran izan ziren hornitzaileek jarrera positiboa erakutsi zuten, eta eskaerak aztertuko dituztela esan zuten, baita zein pauso emateko moduan diren ere.
Ttur-tturreko suspertzaileak eta Udaleko ordezkariak adierazi zuten badakitela kasu bakoitza ezberdina dela, eta bakoitzak ahal duen neurrian aurrera egitea dela garrantzitsuena.
Parte hartzeko
Ekimena irekia da, eta elkarte gehiagok eskaera horrekin bat egin nahi izanez gero, Ttur-tturrekin jarri behar dute kontaktuan.
Elkarteak
- Aldeguna elkartea.
- Altzibarko bilera elkartea.
- Artaso elkartea.
- Bizardia elkartea.
- Girizia elkartea.
- Herri Musikaren Txokoa.
- Ibargain elkartea.
- Iturri Berri elkartea.
- Kataxulo Gaztetxia.
- Goiko Eskola Kulturgune Okupatua.
Hornitzaileak
- Goi-Eko.
- Viguisa.
- Baleio.
- Baque.
- Sein Izarra.
- Oarsoak.
- Kortajarena.
- Enopateka.