Deklaratu duten poliziek ez dute frogarik aurkeztu
Atzo egin zuten Oarsoaldeko hamasei gazteren kontrako epaiketako aste honetako azkeneko saioa. Saio bikoitza izan zen, goizean eta arratsaldean deklaratu zuten poliziek. Guztira, Espainiako hemezortzi polizia zeuden deituta deklaratzera. Eta hamalauk deklaratu zuten. Goizean, lauk: lehenengo atxiloketetako arduradun nagusiak —Donostiako informazio brigadako buruak—; lehenengo sarekadako instruktoreak; Alex Etxeberria oiartzuarrari deklarazioa hartu zion sekretarioak, eta bigarren sarekadan, Gaizka Ibeas eta Iker Iraolaren atxiloketan pare hartu zuen instruktoreak. Alex Etxeberriari deklarazioa hartu zion idazkariak bideokonferentziaz deklaratu zuen, eta gainontzekoak epaiketa gelan izan ziren. Lehenengoak, Donostiako informazio brigadako buruak, Gazte Topagunea Segik antolatzen zuenik ezin dela frogatu onartu zuen. Horrez gain, gazte asanbladak Segik kudeatzen zituela frogatzen duen dokumentu objektiborik ere ez dutela onartu zuen. Gaineratu zuen bera dokumentuak sinatzera mugatzen zela, eta «konfiantza osoa» zuela bere lankideengan. Aginte mailan gainetik zegoen polizia ez zen agertu auzitegian. Bigarren poliziak, berriz, Oarsoaldeko sarekada Donostiako sarekadaren ondorio izan zela esan zuen. Gelatik kanpo Arratsaldeko saioa 16:00etarako deitua zuen epaileak, baina zertxobait beranduago hasi zen. Hamar poliziak deklaratu zuten. Xabier Lujanbioren atxiloketan parte hartu zuen poliziak deklaratu zuen lehenengo. Deklaratzen ari zela Lujanbio gelatik kaleratu zuten, antsietate krisiarekin, eta lekukoa den poliziari «torturatzaile» deitu ziolako. Arkaitz Anzak eta Iosu Arruabarrenak ere aretoa utzi behar izan zuten [...]
Atzo egin zuten Oarsoaldeko hamasei gazteren kontrako epaiketako aste honetako azkeneko saioa. Saio bikoitza izan zen, goizean eta arratsaldean deklaratu zuten poliziek. Guztira, Espainiako hemezortzi polizia zeuden deituta deklaratzera. Eta hamalauk deklaratu zuten.
Goizean, lauk: lehenengo atxiloketetako arduradun nagusiak —Donostiako informazio brigadako buruak—; lehenengo sarekadako instruktoreak; Alex Etxeberria oiartzuarrari deklarazioa hartu zion sekretarioak, eta bigarren sarekadan, Gaizka Ibeas eta Iker Iraolaren atxiloketan pare hartu zuen instruktoreak.
Alex Etxeberriari deklarazioa hartu zion idazkariak bideokonferentziaz deklaratu zuen, eta gainontzekoak epaiketa gelan izan ziren.
Lehenengoak, Donostiako informazio brigadako buruak, Gazte Topagunea Segik antolatzen zuenik ezin dela frogatu onartu zuen. Horrez gain, gazte asanbladak Segik kudeatzen zituela frogatzen duen dokumentu objektiborik ere ez dutela onartu zuen. Gaineratu zuen bera dokumentuak sinatzera mugatzen zela, eta «konfiantza osoa» zuela bere lankideengan. Aginte mailan gainetik zegoen polizia ez zen agertu auzitegian.
Bigarren poliziak, berriz, Oarsoaldeko sarekada Donostiako sarekadaren ondorio izan zela esan zuen.
Gelatik kanpo
Arratsaldeko saioa 16:00etarako deitua zuen epaileak, baina zertxobait beranduago hasi zen. Hamar poliziak deklaratu zuten.
Xabier Lujanbioren atxiloketan parte hartu zuen poliziak deklaratu zuen lehenengo. Deklaratzen ari zela Lujanbio gelatik kaleratu zuten, antsietate krisiarekin, eta lekukoa den poliziari «torturatzaile» deitu ziolako.
Arkaitz Anzak eta Iosu Arruabarrenak ere aretoa utzi behar izan zuten lasaitzeko. Izan ere, poliziek ukatu egin zituzten tratu txarrak. Javier Gomez Bermudez epaileak jarrera egokia izan zuen auzipetuekin, eta behar zutenean irteteko esan zien.
Momentu gogorrak bizi zituzten auzipetuek ez ezik, senideek eta lagunek ere. Ondoren, lehenengo sarekadan parte hartu zuten polizia instruktoreek deklaratu zuten.
Saioa bukatuta, etxerako bidea hartu zuten Madrilera joandako 40 bat lagunek, horien artean, hamahiru auzipetuk eta absolbitutako Imanol Sagarzazuk. Goizaldean ziren eskualdera iristekoak.
Astelehenean Errenteria-Oreretan atxilotu zituzten Oihana Mujika eta Iker Zabala oiartzuarrak eta Egoitz Urbe oreretarra, aldiz, espetxera eraman zituzten. Epaileak hartutako neurriaren arabera, kartzelan egon beharko dute epaiketak iraun bitartean.
Datorren asteko saioak
Auzipetuek eta polizia batzuek deklaratu ondoren, datorren astean jarraituko du epaiketak.
Zehazki, hurrengo hitzordua asteazkenean dute gazteek, senideek eta lagunek, 10:00etan, Madrilgo Auzitegi Nazionalean.
Lau polizia falta dira deklaratzeko, baina bik deklaratzea ez da beharrezkoa izango, eta gainontzeko biek asteazkenean deklaratuko dute, lekuko eta peritu gisa.
Epaiketak zenbat saio gehiago izango dituen, ordea, ez zuen zehaztu epaileak atzoko saioan. Egunotan bezala, egunean bertan jakingo dute auzipetuek epaiketa nola joango den.
Biharko manifestazioa
Atzo ere, gainontzeko egunetan bezala, asanbleak eta manifestazioak egin zituzten, auziaren nondik norakoak herritarrei jakinarazteko.
Horrez gain, torturaren gaineko hitzaldia izan zen arratsaldean Foru plazan, TAT Torturaren Aurkako Taldeak antolatuta. Eta hainbat herritar Madrildik zetorren autobusaren zain gelditu ziren.
Biharko, berriz, manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. 19:00etan hasiko da Oiartzungo Ugaldetxoko futbol zelaiaren parean, eta Errenteria-Oreretaraino iritsiko da.