Jai herrikoien aldeko aldarria egin du Txosna Batzordeak
Txosna batzordeak jai herrikoein aldeko aldarria egin du
Beste urte betez, egitarau zabala antolatu du txosna batzordeak bihar hasiko diren Madalen jaiei begira. Atzo arratsaldean txosna batzordeko hamarnaka kidek Agirre Lehendakariaren plazan egindako agerraldian, ekimen horiek “ilusioz urte osoan zehar egindako lanaren fruitu” direla zehaztu zuten. Horregatik herritar guztiak animatu dituzte festetarako antolatutako gune alternatibo ezberdinetan: “txosna gunea, euskal gunea, amnistiaren aldeko txosna eta Maria Lezo gunea, hain zuzen ere”.
Erasorik onartu ez
Txosna Batzordearen xedea “herritik eta herriarentzat diren jaiak” antolatzea dela eta horrek guztiontzat diren jaien alde egotea esan nahi duela nabarmendu dute. Horrenbestez, gune alternatibo horietan inongo eraso sexista eta homofoborik ez dutela onartuko esan zuten agerraldian “gure guneak askatasunaren eta parrandaren isla izango direlako”. Agerraldian “askatasuna irudikatzen duten eta zoritxarrez, beste urte betez gure artean egongo ez diren herritarrak” gogoan izan zituzten, eta euskal preso eta iheslarien aldeko banderolak “herriko txoko guztietan egoteko” deialdia luzatu zieten herritarrei. Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren Oarsoaldeko hamasei gazteak eta hauen senide eta lagunek aipamen berezia izan zuten: “muxu eta besarkada beroenak bidali nahi dizkiegu. Txosna gunearen prestaketan zuen falta somatzen ari gara, beraz laster aske nahi zaituztegu etxean”.
Txupinazo garbi baten aldeko deia
18:00etan Agirre Lehendakariaren plazatik abiatuta Independentistekin batera egingo duten koadrilen igoeran parte hartzeko deia luzatu diete herritar guztiei txosna batzordetik, “denok batera txupinazo alai eta parte hartzailearen alde egingo dugu, aurtengo txupineroekin batera jaiei hasiera emanez” zehaztu zuten.
Urtero dira Herriko Enparantzan biltzen direnen artean arrautzak eta hirina botatzen ibiltzen direnak, horren aurrean, txupinazo “garbi” baten aldeko aldarria egin du Txosna Batzordeak amaitzeko: “haize berriak sartu dira herrian, lagun diezaiogun haize freskoari bidea egiten madalenak botaz txupinazoan”.