Deklaratu duten poliziek ez dute frogarik aurkeztu
Oarsoaldeko hamasei gazteren kontrako epaiketaren hirugarren saioa egin dute goizean. Poliziek deklaratu behar dute gaur.
Lehenengo deklaratu duenak, Gipuzkoako Informazio Brigadako buruak, bere deklarazioan esan du ezin dela frogatu gazte asanbladak Segik kontrolatzen zituenik, ezta Gazte Topagunea antolatzen zuenik. Gaineratu du bera dokumentuak sinatzera mugatzen zela, eta “konfiantza osoa” zuela bere lankideengan. Aginte mailan gainetik zegoen polizia ez da agertu auzitegian.
Bigarren polizia batek deklaratu du Oarsoaldeko sarekada Donostian egin zutenaren ondorioz abiarazi zutela. Oraindik hainbat poliziek deklaratu behar dute, eta epaileak 14:00etan erabakiko du zer egin.
Eguerdian, 12:30ean, agerraldia egin dute Foru plazan, egoeraren berri emateko. Auzipetuak noiz iritsiko diren adi egoteko esan dute, harrera egiteko. Gogorarazi dute 17:30ean torturaren gaineko hitzaldia egingo dutela Foru plazan bertan, TAT Torturaren Aurkako Taldeak antolatuta.