Jaizkibelen ura ateratzeko hoditeria eraikitzea salatu dute talde ekologistek
Servicios de Txingudi enpresak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Jaizkibelen, lur azpian, eraikitzen ari diren hoditeria salatu dute Ekologistak Martxan eta Eguzki taldeek.
“Jaizkibel mendia artifizialtzen ari dira”, diote ekologistek, “eta zalantzak ditugu Natura 2000 Sarearen araudia eta tramitazioa betetzen dituen eraikitzen ari diren hoditeria horrek”. Ekologistek adierazi dutenez, hoditeria hori Jaizkibelgo sei putzu eta hainbat errekasto lotzen dituen “azpiegitura konplexua” da.
“Ideia ez litzateke zentzugabea izango baldin eta horren beharra balego eta mendia kaltetuko ez balute. Kontua da azken urtetan uraren kontsumoa behera ari dela egiten, eta proiektuak duen ingurumen eragina txarra da”.
310 litro segundoko
Azpiegiturak metro erdiko diametroko hodiak eta segundoko 310 litro aterako lituzkeen ponpak izango lituzke. Servicios Txingudi enpresak egin duen ingurumen eraginaren ikerketa Simple modukoa dela adierazi dute. Azterketa horretan administrazio publikoek ez dute parte hartu behar.
Ekologistak Martxan-ek eta Eguzkik adierazi dute putzu bakoitzean eraikin bat egingo dutela (sei guztira). Gorozkuntzeta inguruan sei metroko altuera duen ponpatzeko eraikin bat eraikiko luketeela. Ur biltegi bat ere altxatu nahi dute bertan, baita 160 kw-ko transformadore bat ezarri ere. Gainera, beste bi transformadore (100 eta 200 kw-ekoak) eraiki nahi dituzte, eta ur biltegi bat eraiki Guadalupe inguruan.
“Ez dugu Jaizkibelek horrelako ur ateratzerik jasan dezakeenik, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak egin dituzten ikerketen arabera”, diote. Uraren Euskal Agentziak iaz Servicios de Txingudiri sei putzu horietatik 2,4 hm3-ko ateratzeko baimena esleitu zion. “Hala ere, proiektuaren oinarri diren ikerketek diote erdia atera behar dutela, landaredia kaltetu nahi ez badute, eta ondorioz, mendiko errekastoak lehortu nahi ez badituzte”, salatu dute.
Euren kezka azaldu dute bi talde ekologistek: “Enpresaren mugarik gabeko anbizioak kezkatzen gaitu. Arduragabetsu jokatu zuten errauste plantaren gaian, eta orain mendia lehortu nahi dute, baita duen ingurumen aberatsa suntsitu ere”.