Haurren krosa aurkeztu dute
Madalenetan tokia hartzen ari da pixkanaka haurren krosa. Dagoeneko laugarren aldiz egingo dute, eta gaur aurkeztu dute EAJko eta EAT Errenteriako Atletismo Taldeko ordezkariek hilaren 24ean jokatuko den saioa. Ohi bezala, Haur, Benjamin eta Alebin mai...
Madalenetan tokia hartzen ari da pixkanaka haurren krosa. Dagoeneko laugarren aldiz egingo dute, eta gaur aurkeztu dute EAJko eta EAT Errenteriako Atletismo Taldeko ordezkariek hilaren 24ean jokatuko den saioa. Ohi bezala, Haur, Benjamin eta Alebin mailek parte hartu ahal izango dute, eta 12:00etan abiatuko dira Koldo Mitxelena plazatik. Haurren mailakoek Morrongilleta, Biteri eta Xenpelar kaleak, Foru plaza, eta Madalen eta Maria Lezo kaleak zeharkatu beharko dituzte Koldo Mitxelenan bukatzeko. Benjamin eta Alebin mailek, berriz, beste ibilbide bat egingo dute: Maria Lezo, Foru plaza, Madalen kalea eta Koldo Mitxelena plaza.
Parte hartzeko nahikoa da egunean bertan krosaren aurretik izena ematea. Dortsalak ere orduan banatuko dituzte. Antolatzaileek jakinarazi dute korrikalari guztiei kamiseta bana emango dietela, eta maila bakoitzeko lehen hiruei (neskak zein mutilak), berriz, domina. Horrez gain, aldagelak behar dituztenek Orereta Ikastolako instalazioak erabili ahal izango dituzte.