Kanpo kaiak, zergetan huts
MIKEL PERUARENA / GIPUZKOAKO HITZA Gas, ikatz, biodiesel eta petrolioz betetako itsasontziak, Jaizkibelgo itsaslabarren gainean eraikitako kanpo portuan amarratzen. Irudi hori agertzen du Pasaiako Portu Agintaritzak, kanpoko kaia eraikitzeko idatzia duen plan estrategikoan. Izan ere, elektrizitatea sortzeko eta sektore energetikoari lotutako jarduerek garrantzi berezia dute portu berriaren proiektuan. Ez alferrik, portu agintaritzak idatzitako ingurumen eraginaren txostenak zehazten ditu energia sorrerari lotutako instalazioek zenbateko eremua hartuko luketen kanpoko kaian: ikatza eta kokearentzat, 180.000 metro koadro gordeko lirateke; beste hainbeste behar lirateke gas naturalarentzat; biodieselari eta petrolio produktuei lotutako jarduerek 40.000 metro koadro hartuko lituzkete. Guztira, portu berriaren eremuaren %43 inguru da hori. Ingurumen eraginaren txostenak 175 hektareako kanpo kaia eraikitzea aztertzen du. Miguel Buenek, portu agintaritzako presidente izan zen garaian, orain bi urte, zehaztu zuen 135 hektareakoa izango zela portu berria, lehen fasean. Ez da zehaztu, ordea, eremua murrizteak zein ondorio izango dituen egitasmoan. Eta, beraz, ez dago argi zenbat leku eta zer jarduera eraman nahi dituzten sustatzaileek kanpoko kaira. Ideia batzuk argi daude, ordea, eta kanpo kaiari buruzko aukera guztietan energiari lotutako jarduerak nabarmentzen dira. Portu berriko salgai trafikoen artean, ikatzak eta petrolio kokeak garrantzia irabaziko luketela zehazten du ingurumen eraginaren txostenak, baita energiari lotutako gaiak sartzen hasiko liratekeela ere: [...]
MIKEL PERUARENA / GIPUZKOAKO HITZA
Gas, ikatz, biodiesel eta petrolioz betetako itsasontziak, Jaizkibelgo itsaslabarren gainean eraikitako kanpo portuan amarratzen. Irudi hori agertzen du Pasaiako Portu Agintaritzak, kanpoko kaia eraikitzeko idatzia duen plan estrategikoan. Izan ere, elektrizitatea sortzeko eta sektore energetikoari lotutako jarduerek garrantzi berezia dute portu berriaren proiektuan.
Ez alferrik, portu agintaritzak idatzitako ingurumen eraginaren txostenak zehazten ditu energia sorrerari lotutako instalazioek zenbateko eremua hartuko luketen kanpoko kaian: ikatza eta kokearentzat, 180.000 metro koadro gordeko lirateke; beste hainbeste behar lirateke gas naturalarentzat; biodieselari eta petrolio produktuei lotutako jarduerek 40.000 metro koadro hartuko lituzkete. Guztira, portu berriaren eremuaren %43 inguru da hori.
Ingurumen eraginaren txostenak 175 hektareako kanpo kaia eraikitzea aztertzen du. Miguel Buenek, portu agintaritzako presidente izan zen garaian, orain bi urte, zehaztu zuen 135 hektareakoa izango zela portu berria, lehen fasean. Ez da zehaztu, ordea, eremua murrizteak zein ondorio izango dituen egitasmoan. Eta, beraz, ez dago argi zenbat leku eta zer jarduera eraman nahi dituzten sustatzaileek kanpoko kaira.
Ideia batzuk argi daude, ordea, eta kanpo kaiari buruzko aukera guztietan energiari lotutako jarduerak nabarmentzen dira. Portu berriko salgai trafikoen artean, ikatzak eta petrolio kokeak garrantzia irabaziko luketela zehazten du ingurumen eraginaren txostenak, baita energiari lotutako gaiak sartzen hasiko liratekeela ere: biodiesela, gas natural likidotua eta hidrokarburoak.
Horrekin batera, ingurumen eraginaren txostenean, Portuko Agintaritzak zehaztu du kanpoko kaiak zentral termiko bat hartuko lukeela; ziklo konbinatukoa edo ikatzezkoa izango litzatekeen, ez dute zehaztu —Iberdrolaren ikatzezko zentral termikoak 2022 arteko baimena du oraindik—.
Onura fiskalak
Diputazioko gobernuan izan den aldaketarekin eta Espainiako Ingurumen Ministerioak ingurumen eraginaren txostenaz egin dituen oharrekin, ez da erraza asmatzen kanpo kaiaren egitasmoak zer etorkizun izango duen, baina sustatzaileek sarri nabarmendu dute proiektuak, zergen ikuspegitik, zenbateko garrantzia izango lukeen.
Miguel Buenek, 2009ko urrian, adierazi zuen kanpo kaia eraikitzeko gastua, gero zerga bidez jasoko dena baino txikiagoa izango dela: “Energia sorrera, lurralde orekaren ikuspegitik, funtsezkoa da, eta zergen ikuspegitik kutxa erregistratzaile bat”. Kaiaren eremua 135 hektareara murriztuta ere, energia jarduerei eusteko premia nabarmendu zuen.
Josu Jon Imaz Petronorreko presidenteak ideia berean sakondu zuen, hilabete lehenago, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan: “Pasaiako kanpoko kaiarekin aukera paregabea daukagu Gipuzkoan. Halako azpiegitura batek proiektu energetikoen inbertsio esanguratsuak erakarriko ditu, ziklo konbinatuko zentraletatik, petrolioa birfintzeko edo biltegiratzeko instalazioetaraino. Nabarmendu nahi nuke, gainera, sektore energetikoak ogasun bakoitzari egiten dion ekarpen garrantzitsua”.
Ustezko onura fiskalak
Baina argudio horiek kolokan jarri ditu Javier Olaberri abokatu eta ingeniariak. Pasaiako kanpoko portuaren eraikuntza ezbaian jarri duen lobby-ko kide da Olaberri, eta hiru orrialdeko dokumentu bat argitara eman du, talde horrek eztabaidarako ireki duen webgunean. “Ez da egia zerga bereziekin diputazioak zerga bilketa hobetuko duenik, Pasaiako kanpoko kaian biltoki fiskal bat edo zentral termiko bat jarrita ere”, adierazi du Olaberrik.
“Ustez, kanpoko kaiak sortuko lituzke zerga emari handi batzuk, diputazioari aukera emango liokeelako elektrizitate sorkuntzaren eta erregaien gaineko zerga bereziak biltzeko”, azaldu du Olaberrik. Plan estrategikoan, Portuko Agintaritzak hala dio: “Gaur egun, Gipuzkoako zerbitzu plataformetara iristen diren petrolio produktu gehienak Bilboko portutik datoz, eta beraz zerga bereziak eta BEZa Bizkaiko Foru Aldundian sartzen dira. Pasaiako kanpoko kaian hidrokarburoen sarrerarentzako biltoki fiskal bat edukiko balu Gipuzkoak, trafiko horri lotutako zerga berezien eta BEZaren bilketa oso esanguratsua izango litzateke; beraz, diputazioari hil edo bizikoa zaio portuaren etorkizuneko garapena”.
Erregaien gaineko zerga bereziak biltoki fiskala dagoen lurraldean bertan ordaintzen dira. Biltoki fiskala Bizkaian dagoenez, zerga berezien dirutza Bizkaiko Ogasunak jasotzen du. Antzera gertatzen da elektrizitatea sortzen duten instalazioekin ere: sortzen duten lekuan ordaintzen dituzte zerga bereziak, baina gero hiru diputazioen eta Eusko Jaurlaritzaren artean banatzen dira, pisu ekonomikoaren arabera. 2007ko Ekarpenen Legeak arautzen du diru partiketa hori: Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan erabakitzen da diputazio bakoitzari dagokion ehunekoa. 2009an adostu zuten Bizkaiak %44,94 jasotzea, Gipuzkoak %33,15, eta Arabak %16,91.
“Gipuzkoan biltoki fiskala egon edo ez egon, edo zentral elektriko bat egon edo ez egon, zerga bereziak hiru ogasunen artean partituko dira, berdin-berdin: Euskal Autonomia Erkidegoan bildutako guztiaren %33,15 egokituko zaio Gipuzkoako foru ogasunari”, laburbildu du Olaberrik. Adibiderako: 2009an, hidrokarburoen zerga bereziengatik, 1.029 milioi euro jaso zituzten hiru diputazioek; dirutza horretatik, 341 milioi euro jaso zituen Gipuzkoako Ogasunak, nahiz eta biltoki fiskala Bizkaian egon. Elektrizitateari lotutako zerga berezietan, berriz, 23,6 milioi euro egokitu zitzaizkion Gipuzkoari.
Kanpoko kaia egiteagatik, ez dira salgai trafikoak handituko, Olaberriren esanetan: “Orain ez dago hidrokarburo gehiago, ez delako behar. Biltoki fiskala jartzeagatik ez da hidrokarburo gehiago etorriko. Portu berriak ez du duro bat gehiago ekarriko”. Izatekotan, Bilboko portuari kenduko lioke trafikoa; eta biltoki fiskalean jasotakoa berdin partitu beharko litzateke hiru diputazioen artean.
Elektrizitatea sortzeagatiko zergak, berriz, eskasagoak dira hidrokarburoen zergen aldean; “eta ekoitzitakoaren heinean ordaintzen dituzte”, esan du Olaberrik, zentral horien jarduna moteldua dagoela gogoraraziz. Hortaz, Olaberri harritua dago, nondik sortu den kanpoko kaiak onura fiskalak ekarriko dituen ideia: “Hain argudio faltsua izanda, ez dut ulertzen nola zabaldu den”.
Webgune honetan argitaratu du txostena Javier Olaberri ingeniariak:
www.foropuertopasaia.com