Ingurumena udalaren ardatzetako bat izango dela esan du gobernu taldeak
Bilduk eta EBk hitzartutako akordioaren harira, Ingurumen departamentuaren kargu Jose Manuel Ferradas EBko zinegotzia egin da, eta atzo datozen lau urteetarako lan ildoak aurkeztu zituzten berak eta Julen Mendoza alkateak, departamentuaren abiapuntua zein den zehazteaz gain. Hala, ingurumenaren garrantzia nabarmentzeaz gain, horren aldeko “apustu sendoa” egin zuten. Mendozak NBE Nazio Batuen Elkartearen txosten bati egin zion erreferentzia gaiaren garrantzia nabarmentzeko, eta txosten horrek dio munduaren garapena egungo bidean baldin badoa ehun urteko biziraupena izango duela: “Udal honek ezin du egoera horretatik kanpo mantendu, eta aurre egin beharko diogu ingurumenaren gaiari”. Ferradasek ere ildo berari jarraitu zion, eta ingurumen politikek egungo legegintzaldiko kudeaketan lehentasuna izan behar dutela iritzi dio. Hala ere, azken lau urteetako “kudeaketa eskasa” izango dela euren abiapuntua gogorarazi zuen: “Horren adibide da 2011ko aurrekontuetan ingurumenerako inbertsioen atalean euro bat ere ez dagoela, eta ingurumenerako aurrekontu osoa 270.000 eurokoa dela, azken urteetako txikiena”. Horrekin batera, aurreko udalak “hainbat gai estrategikoetan izandako pasibotasua” salatu zuen Ferradasek; esate baterako, Pasaiako Portuan, Donostialdeko Lurralde Zatikako Planean eta baita inguru naturalaren babesean ere. Horren aurrean, “ingurumen gaia transbertsala izatea” bultzatuko du Ingurumen Sailak, eta sei lan ildo izango ditu: Ingurumen Departamentuari giza baliabide eta baliabide ekonomiko gehiago ematea, ingurumen eta lurralde planifikazioa egitea, [...]
Bilduk eta EBk hitzartutako akordioaren harira, Ingurumen departamentuaren kargu Jose Manuel Ferradas EBko zinegotzia egin da, eta atzo datozen lau urteetarako lan ildoak aurkeztu zituzten berak eta Julen Mendoza alkateak, departamentuaren abiapuntua zein den zehazteaz gain. Hala, ingurumenaren garrantzia nabarmentzeaz gain, horren aldeko “apustu sendoa” egin zuten.
Mendozak NBE Nazio Batuen Elkartearen txosten bati egin zion erreferentzia gaiaren garrantzia nabarmentzeko, eta txosten horrek dio munduaren garapena egungo bidean baldin badoa ehun urteko biziraupena izango duela: “Udal honek ezin du egoera horretatik kanpo mantendu, eta aurre egin beharko diogu ingurumenaren gaiari”.
Ferradasek ere ildo berari jarraitu zion, eta ingurumen politikek egungo legegintzaldiko kudeaketan lehentasuna izan behar dutela iritzi dio. Hala ere, azken lau urteetako “kudeaketa eskasa” izango dela euren abiapuntua gogorarazi zuen: “Horren adibide da 2011ko aurrekontuetan ingurumenerako inbertsioen atalean euro bat ere ez dagoela, eta ingurumenerako aurrekontu osoa 270.000 eurokoa dela, azken urteetako txikiena”.
Horrekin batera, aurreko udalak “hainbat gai estrategikoetan izandako pasibotasua” salatu zuen Ferradasek; esate baterako, Pasaiako Portuan, Donostialdeko Lurralde Zatikako Planean eta baita inguru naturalaren babesean ere.
Horren aurrean, “ingurumen gaia transbertsala izatea” bultzatuko du Ingurumen Sailak, eta sei lan ildo izango ditu: Ingurumen Departamentuari giza baliabide eta baliabide ekonomiko gehiago ematea, ingurumen eta lurralde planifikazioa egitea, Natura 2000 Sarea sustatzea Aiako Harrian eta Lau Haizetan, herrian kalitate atmosferikoa eta akustikoa hobetzea, mugikortasun jasankorra sustatzeko politikak martxan jartzea eta herriaren parte hartzearen aldeko apustua egitea.
Ildo horretatik, errauste plantaren gaiarekin lotuta, hondakinekin zer egin erabakitzeko eztabaida publikoa bultzatu nahi dutela jakinarazi zuen Ferradasek. Horrekin lotuta, hondakinak murriztu, birziklatu eta berrerabiltzearen aldeko apustua berretsi zuen.
Ingurumen Aholku Kontseilua
Beste lan ildoetako bat Ingurumen Aholku Kontseilua martxan jartzea da, eta hori 2011. urtea amaitu baino lehen egin nahi dutela adierazi zuen Ferradasek. Parte hartzearekin lotuta, Ingurumen Batzordea ere irekia izatea nahi dutela esan zuen, eta edozein pertsonek eta elkartek proposamenak egin eta kexak agertzeko aukera izango dutela.
Ferradasen arabera, landa garapenari, lehen sektoreari eta kontsumo taldeei ere bultzada ematea da beste asmoetako bat. Jangeletan ere, elikagai ekologikoak sartu nahi dituzte.