Etxez etxeko laguntza bultzatuko dute, egoitzak ahalik eta gehien saihesteko
Zaharrek eta ezinduek etxean bizitzea nahiago dute, egoitza batean bizitzea baino. Eta Administrazio Publikoak ere ohartu dira horretaz. Bi arrazoirengatik, bereziki. Batetik, gaixoentzat eta helduentzat ona delako. Bestetik, merkeagoa da aurrekontu pu...
Zaharrek eta ezinduek etxean bizitzea nahiago dute, egoitza batean bizitzea baino. Eta Administrazio Publikoak ere ohartu dira horretaz. Bi arrazoirengatik, bereziki. Batetik, gaixoentzat eta helduentzat ona delako. Bestetik, merkeagoa da aurrekontu publikoentzat.
Hala, etxez etxeko laguntza bultzatzeko, eta egoitzetan sartzeko momentua atzeratzeko plan pilotua jarri dute martxan Gipuzkoako hainbat herritan, tartean Irunen eta Oiartzunen (azken horretan, landa gunean ere bai) .
Orain arte, diputazioak eta udalak arduratu dira zerbitzu horretaz. Euskal Jaurlaritzak bat egin du horiekin Etxean ondo programa martxan jartzeko.
Ez da zerbitzu berria, helburua prestazioak edo zerbitzuak areagotzea da, eta profesionalen arteko elkarlana bultzatzea.
Bost herri
Euskal Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaien departamentuak bost herri aukeratu ditu esperientzia martxan jartzeko: Irun, Tolosa, Donostia, Zarautz eta Oiartzun. Plan pilotua izango da, irailean jarriko dute martxan, eta urte eta erdi iraungo du.
500 pertsona inguruk probatuko du etxez etxeko laguntzako programa berria. Udaletako gizarte zerbitzuetako kideek, oinarrizko osasun arretako zerbitzuetako kideekin batera, proposatuko dituzte beharra izan dezaketen helduak eta ezinduak. .
Horrez gain, pertsona horiek zaintzen dituztenei laguntza eta sostengua ere eskainiko dietela iragarri dute Jaurlaritzatik.
Esperientzia bukatuta, emaitzak ebaluatuko dituzte, eta orduan erabakiko dute beste herrietara zabaldu, edo bertan behera utzi.