Boxeo gaua etzi, Paco Bueno Boxeo Taldearen eskutik
Boxeo gaua egingo dute larunbatean Beraungo frontoian
Paco Bueno Boxeo taldeak antolatuta, boxeo gaua egingo dute etzi Beraungo frontoian. Alfonso Gonzalez Zamoritak zehaztu ditu ekitaldiaren nondik norakoak gaur goizean udalean egin duten agerraldian.”Beste urte betez boxeo gaua antolatu dugu eta gustura gainera, geroz eta ikusle gehiago hurbiltzen delako. Hori gure taldean dauden boxeolarien maila onari esker da, zalantzarik gabe” azaldu du Paco Bueno gimnasioko arduradunak. Etziko boxeo gauean Pako Bueno Boxeo taldeko Yuri Pompilio boxeolari profesionala; Nikolay Zabolotski eta Juanjo Sanz neo profesionalak; eta, Jon Nagore, Xebas Latigo Perez, Fernando Suarez eta Rafa Camilo amateurrak Zaragoza (Espainia) eta Valentziako (Herrialde Katalanak) boxeolarien aurka ariko dira etzi ring gainean 22:30etik aurrera.
Pako Bueno Boxeo Taldeak “kirol hori sustatzeko egiten ari den lana” nabarmendu Kirol Patronatuko presidente den Jose Manuel Ferradasek. Halaber herritarrei boxeo gaua ikustera joateko gonbitea egin die “ikusleek gozatzen duten bitartean kirolari hauek merezi duten babesa erakusteko modua baita halakoetan parte hartzea”.
Herritarren babesa
Boxeo gaua aurkezteko egin duten agerraldian izan dira Yuri Pompilio, Nikolay Zabolotsky eta Fernando Suarez Paco Buenoko boxeolariak. Ponpiliok taldeko kide guztiek egiten duten lan handia nabarmendu du “ongi prestatuta ez bazaude ring gainean gaizki pasatzen duzulako”. Bestalde jendearen aldetik “babes handiagoa” jasotzea gustatuko litzaiekela esan du Pompiliok: “askok kartelak kalean ikusita kanpokoak garela pentsatzen dute, baina ni txikitan etorri nintzen bertara bizitzera eta euskalduna naiz, herri honetakoa sentitzen naiz. Beste nazionalitateak izan ditzakegu, ez garelako hemen jaio, baina gero, bertan hazi gara eta bertakoak, euskaldunak sentitzen gara”.
Zabolotskyk hilaren 22an egingo du debuta profesional mailan eta Fernando Suarez berriz, urte amaiera edo datorren urte hasieran pasako da maila horretara. Guztira, “bost boxeolari profesional ditugu” zehaztu du Zamoritak.
Juan Manuel Kortajarena Gizpuzkoako Federazioko lehendakariordea, agertokiaz aritu da: “areto handiak 2.000 ikusle joango badira ongi daude, baina larunbateko saioan 300 bat lagun bilduko gara eta horretarako egokiagoa da Beraungo frontoia”.
Etziko boxeo gauerako sarrerak Paco Bueno gimnasioan eros ditzakete interesadunek aldez aurretik. Aulkietan ikusteko sarrerak 15 euroan salduko dituzte, orokorrak 10 euroan eta haurrenak 5 euroan.