Lehenengo aldiz Arditurri Eguna ospatuko dute igande honetan
Lehenengo aldiz, Arditurri Eguna ospatuko dute igandean, hilaren 17an, Arditurriko meategietan, Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta. Egun horretan, doaneko bisita gidatuak izango dira egun guztian zehar meategietan. Bisita horien helburua, Udaletik nabarmendu dutenez, Arditurriko meategietako aberastasuna zabaltzen jarraitzea da, herritarren eskura jartzea: “Izan ere, maiz gertatzen den modura, bertan ditugun altxorrak dira gutxien ezagutzen ditugunak. Horregatik, herritar guztiak gonbidatuta daude I. Arditurri Egunean Arditurriko meategietako altxorrak ezagutzera”. 10:00etan hasiko da I. Arditurri Eguna. Ordu horretatik 14:00ak arte, meategiak dohainik bisitatu ahal izango dira. Egun, bi ibilbide egin daitezke meategietan (motza eta luzea, arkeologoen azalpenekin osatua), eta biak ikusteko aukera izango da Arditurri Egunean. Izan ere, ibilbide luzeko lan guztiak dagoeneko bukatu dituzte, eta hori izango da egun honetan ezagutu ahal izango den berrikuntza nabarmenena. Arditurriko meategiko ibilbide luzearen eta lanen bukaeraren aurkezpena bihar egingo dute, 12:00etan. Egun osoko egitaraua igandean Arditurriko meategiak, baina, ez dira geologikoki soilik aberatsak, Udaletik gogorarazi dutenez. Horren adierazle dira iganderako antolatu dituzten tailerrak: geologia, musika eta eskulanak (azken hori, haurrentzat). Herri Musikaren Txokoak eta Luberri Ikasgune Geologikoak jarritako erakusketak ere izango dira, bisitariek ikus ditzaten. Hain zuzen ere, Luberriko Jose Angel Torresekin ordubeteko irteera egin ahal izango da 11:30ean, Arditurri inguruko mineralak ezagutzeko. Adin [...]
Lehenengo aldiz, Arditurri Eguna ospatuko dute igandean, hilaren 17an, Arditurriko meategietan, Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta. Egun horretan, doaneko bisita gidatuak izango dira egun guztian zehar meategietan.
Bisita horien helburua, Udaletik nabarmendu dutenez, Arditurriko meategietako aberastasuna zabaltzen jarraitzea da, herritarren eskura jartzea: “Izan ere, maiz gertatzen den modura, bertan ditugun altxorrak dira gutxien ezagutzen ditugunak. Horregatik, herritar guztiak gonbidatuta daude I. Arditurri Egunean Arditurriko meategietako altxorrak ezagutzera”.
10:00etan hasiko da I. Arditurri Eguna. Ordu horretatik 14:00ak arte, meategiak dohainik bisitatu ahal izango dira.
Egun, bi ibilbide egin daitezke meategietan (motza eta luzea, arkeologoen azalpenekin osatua), eta biak ikusteko aukera izango da Arditurri Egunean.
Izan ere, ibilbide luzeko lan guztiak dagoeneko bukatu dituzte, eta hori izango da egun honetan ezagutu ahal izango den berrikuntza nabarmenena.
Arditurriko meategiko ibilbide luzearen eta lanen bukaeraren aurkezpena bihar egingo dute, 12:00etan.
Egun osoko egitaraua igandean
Arditurriko meategiak, baina, ez dira geologikoki soilik aberatsak, Udaletik gogorarazi dutenez. Horren adierazle dira iganderako antolatu dituzten tailerrak: geologia, musika eta eskulanak (azken hori, haurrentzat).
Herri Musikaren Txokoak eta Luberri Ikasgune Geologikoak jarritako erakusketak ere izango dira, bisitariek ikus ditzaten.
Hain zuzen ere, Luberriko Jose Angel Torresekin ordubeteko irteera egin ahal izango da 11:30ean, Arditurri inguruko mineralak ezagutzeko. Adin guztientzako pentsatutako irteera da.
12:30ean, berriz, bisita gidatua egin ahal izango da Txomin Ugalde Oiasso Erromatar Museoko kidearekin. Bisita horretan, erromatar garaian Aiako Harrian egiten zuten meatze-ingeneritza izango dute hizpide adituak eta bisitariek.
Bestalde, goiz guztian zehar, txu-txu trena ibiliko da Arditurriko aparkalekua eta meategiak lotzeko bidea egiten.
Arratsaldean, berriz ere meategiak doan ikusi ahal izango dira 16:00etatik 18:00etara. Arratsaldeko egitaraua harrizulatzaileekin, tobera-jole eta bertsolariekin osatu dute.
Erromatar garaiko musika eta historia gogora ekarriz
Aurreko egunetan ere —ostiralean eta larunbatean— ekitaldiak antolatu dituzteArditurrin, Oiasso Erromatar Museoarekin eta Herri Musikaren Txokoarekin (HTM) elkarlanean.
Herri Musikaren X. Jardunaldiak Arditurrin bertan izango dira aurten. Erromatarren eta baskoi haien musikaren inguruan izenburua dute jardunaldi horiek.
Etzi ostirala, Ludi Scaenici italiarrek erromatarren musika eta soinu-tresnen inguruko tailerra eskainiko dute eta hurrengo egunean, kontzertua eskainiko dute 20:00etan Oiassoko Baskoiak taldearekin. Udako kontzertuaren ondoren, afaria izango da.
Era berean, asteburu honetan Irungo Oiasso Museoan Dies Oiassonis. Historia berreraikitzeko II. jardunaldiak izango dira.
Egitaraua
- 10:00etatik 14:00etara. Meategia bisitatzeko ateak zabalik (dohainik). Tailerrak parketxean: geologia, musika —ote-jotzea, kirikoketa— eta eskulanak haurrentzat —karetak eta txapak— .
- 11:30ean. Irteera haur, gazte eta helduentzat: Mineralen bila, Jose Angel Torresekin. Ordutebeteko bisita.
- 12:30ean. Ibilaldi gidatua. Metalla Oiassonis. Aiako Harriko erromatar meatze-ingenieritza, Txomin Ugalderekin.
- Erakusketak. Luberri Ikasgune Geologikoa eta Herri Musikaren Txokoa.
- Txu-txu trena. Goizean zehar, Arditurriko aparkalekutik parketxera.
- 16:00etatik 18:00etara. Meategia bisitatzeko ateak zabalik (dohainik). Harrizulatzaileen erakustaldia. Tobera eta bertsolariak.
Herri Musikaren 10. jardunaldiak
Egitaraua
Dies Oiassonis Historia Berreraikitzeko II. Jardunaldiak
Egitaraua

