Zientziarekiko jakin-mina
Iaz bezala, aurten ere zientzia udalekuak antolatu ditu Elhuyar Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin, Arritxulo aterpetxean. Dagoeneko iritsi dira lehenengo txandakoak eta baita joan ere: 50 gaztetxo izan dira, 1998-1999 urteetan jaiotakoak. Pasa den astelehenean iritsi ziren, eta atzo arte egongo ziren bertan. Bigarren txandakoak gaur iritsi dira, eta Arritxulon egongo dira hilaren 17a arte. Adin bereko beste 50 gaztetxo dira. Aurrekoek bezala, horiek ere hainbat ekintza egingo dituzte, zientziarekin lotutakoak: Arditurrira bisita; entomologoarekin eskolak; zientzia tailerrak… Hirugarren txandakoak ere 50 izango dira datorren astean, 1996-1997 urteetan jaioak. 18tik 24ra egongo dira Arritxulon. Jakin-mina eta irudimena Gazteengan zientziarekiko jakin-mina eta irudimena piztea eta sustatzea da udalekuen helburu nagusienetako bat. Elhuyar Fundazioak urte asko darama gazteen artean zientzia era atseginean zabaltzen, eta 2011ko udan Zientzia Udalekuak jarri ditu martxan bigarren urtez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin. Udalekuaren ardatza da aisialdia eta zientzia-ekintzak eta tailerrak uztartzea, baina proiektuaren helburu zuzenak honako hauek dira. Batetik, 12-16 urte bitarteko gazteei aisialdiko udalekuen eskaintza egitea. Bestetik, gazte horiei zientzia modu erakargarri eta ulergarrian gerturatzea. Gero, gazteengan zientziarekiko jakin-mina eta irudimena piztea eta sustatzea, eta azkenik, aisialdia eta zientzia uztartzea. Horrez gain, beste hiru helburu dituzte udalekuek: ongi pasatzea eta bizikidetza lantzea; zientziaz gozatzea eta [...]
Iaz bezala, aurten ere zientzia udalekuak antolatu ditu Elhuyar Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin, Arritxulo aterpetxean.
Dagoeneko iritsi dira lehenengo txandakoak eta baita joan ere: 50 gaztetxo izan dira, 1998-1999 urteetan jaiotakoak. Pasa den astelehenean iritsi ziren, eta atzo arte egongo ziren bertan.
Bigarren txandakoak gaur iritsi dira, eta Arritxulon egongo dira hilaren 17a arte. Adin bereko beste 50 gaztetxo dira.
Aurrekoek bezala, horiek ere hainbat ekintza egingo dituzte, zientziarekin lotutakoak: Arditurrira bisita; entomologoarekin eskolak; zientzia tailerrak…
Hirugarren txandakoak ere 50 izango dira datorren astean, 1996-1997 urteetan jaioak. 18tik 24ra egongo dira Arritxulon.
Jakin-mina eta irudimena
Gazteengan zientziarekiko jakin-mina eta irudimena piztea eta sustatzea da udalekuen helburu nagusienetako bat.
Elhuyar Fundazioak urte asko darama gazteen artean zientzia era atseginean zabaltzen, eta 2011ko udan Zientzia Udalekuak jarri ditu martxan bigarren urtez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin.
Udalekuaren ardatza da aisialdia eta zientzia-ekintzak eta tailerrak uztartzea, baina proiektuaren helburu zuzenak honako hauek dira. Batetik, 12-16 urte bitarteko gazteei aisialdiko udalekuen eskaintza egitea. Bestetik, gazte horiei zientzia modu erakargarri eta ulergarrian gerturatzea. Gero, gazteengan zientziarekiko jakin-mina eta irudimena piztea eta sustatzea, eta azkenik, aisialdia eta zientzia uztartzea.
Horrez gain, beste hiru helburu dituzte udalekuek: ongi pasatzea eta bizikidetza lantzea; zientziaz gozatzea eta euskaraz bizitzea (beheko koadroan daude, helburu horren barneko asmo guztiak, zehatz-mehatz).
Helburuak
Ongi pasatzea eta bizikidetza lantzea
- Gazteen arteko harremana alaia eta konfiantzazkoa izatea.
- Gazteen sormena, interesa eta parte-hartzea bultzatzea.
- Gazteen beharrak kontuan hartuko dituzten jarduerak eskaintzea.
- Eztabaidan eta elkarrizketan oinarritutako erabakiak hartzea.
- Jarduera guztietan talde-giroa lantzea.
- Gazteek beren nortasuna eta autonomia garatzeko aukera izatea.
- Bakoitzak bere iritziak defendatu eta lantzea, eta besteenak errespetatzea.
- Elkarbizitzarako arauak onartzea.
- Berdintasuna eta hezkidetza lantzea.
Zientziaz gozatzea
- Zientziaren mundua gure mundu hau dela ohartaraztea («denok gara zientzialari»).
- Zientziara jakin-minez hurbiltzea bitxikerietatik abiatuta.
- Zientziaren hiztegia sendotzea.
- Naturara hurbiltzea eta ingurumenarekiko jarrera egokia lantzea kokaguneak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatuz.
Euskaraz bizitzea
- Eguneroko eginbehar arruntetan (oherakoan, jaikitzean, garbiketan, gosaritan, bazkaritan, afaritan…) euskaraz jarduteko aukera izatea.
- Eguneroko ekintzetan (jolasak, irteerak, tailerrak…) euskaraz aritzea.
- Euskara aisialdiko komunikazio-tresna gisa eta bizitzeko jarrera gisa hartzea.
- Gazteen ahozkotasuna indartzea.
- Beren inguru hurbilean euskararekin harreman zuzenik ez duten gazteei euskaraz bizitzeko aukera ematea.
- Euskararekiko jarrera positiboa sustatzea.