Zentenarioa eta Diana herritarren eskura jarri ditu EMKEk
Musika bandak cda atera du zentenarioa eta dianarekin, gainera aranda de duero /burgos, espainia) musika banden lehiaketan parte hartuko du.
Madalenak iristear direla eta, tabernariek zein herritar ugarik egindako eskaerari erantzuteko EMKE Errenteriako Musika Kultur Elkarteak Zentenarioa eta Errenteriako Diana bildu ditu CD batean. Gaur eguerdian aurkeztu dute CD hori EMKEko presidente Josu Mitxelena, Tomas Lazkano eta Julen Mendoza alkateak. Lazkanok azaldu duenaren arabera Errenkoalderen bidez zabalduko dute tabernarien artean. Bi abestiak udalaren webgunean, (errenteria.net) jasota daude dagoeneko eta baita EMKEren facebooken ere “CDak ez ditugulako salgai jarriko” azaldu du Lazkanok. Doinuak eskuratu nahi dituztenek “bi webgune horietako batean sartu beharko dute eta bertatik jaitsi. Dohoakoa da ahalik eta jende gehienak eskura dezan eta oraindik gehiago zabaltzeko” gaineratu du.
Zentenarioa aski ezaguna da herritarrentzat eta Dianak berriz urteen poderioz ere bere lekua hartu du “banda hasi zen jotzen eta ohituraz edo, azkenean Errenteriako Diana bezala gelditu da” azaldu du Josu Mitxelenak.
Aranda de Dueron lehiatzera
Bestetik Josu Mitxelenak datorren ostiralean, hilaren 15ean, Aranda de Dueron (Burgos, Espainia) antolatu duten musika banden lehiaketan parte hartuko dutela jakinarazi du. “Lehenengo aldia da Euskal Herriko musika banda batek lehiaketan parte hartzen duela” zehaztu du Mitxelenak. Hala, 22:00etan hasita ordubeteko kontzertua eskainiko du Errenteriako Musika Bandak “derrigorrezko bi lan jo behar ditugu eta horiekin batera euskal musikagileen doinuak eramango ditugu eta XX. mendeko doinuak ere joko ditugu” zehaztu du Mitxelenak.
Valentziako (Herrialde Katalanak) beste lau musika banda, Galiziako batekin, Zamorako batekin eta Kataluniako beste batekin lehiatuko da Errenteriako Musika Banda Aranda de Dueroko lehiaketan eta irailaren 9an jakingo dute parte hartzaileen artean zein izan den irabazlea
.


