Zapi gorriek Antxoko zerua estali dute
sanferminak 2011
20:00etan puntuan piztu du Juanjo Bujandak suziriaren metxa puru tzarrarekin. Ordurako Gure Zumardia lepo zegoen, herritarrak festak noiz hasiko, elizako kanpandorreari so, sanferminetan murgiltzeko zain. Eztandarekin bat, zapi gorriak lepora eta musika, dantza eta xanpain zorrotadek hartu zuten zumardia. Agertokian, bitartean, aurtengo sanferminetako omendutako guztiak. Kantinerak batetik: Idoia Fernandez (Basari), Rosa Begue (helduak) eta Uxue Obeso eta Izaro Arruabarrena (haurrak) eta alkate txikiak bestetik: Julen Uribarrena eta Irune Doce Cabanillas. Sukaldari Nagusi Carlos Martin ere bertan zen eta guztiekin batera, Pasaia Kirol Elkarteko Gazte Taldea, Gipuzkoako Kopa irabazteagatik omendu baitzuten.
Herritik urrun daudenak ere izan zuten protagonismoa txupinazoan, preso eta iheslarien alde antolatutako brindisean.
Bitartean, Usozen futbito finala jokatu zuten Txerritxuleta eta Dani taberna taldeek.
Bihar, haurrak agintean
Bihar, haurrak izango dira eguneko protagonistak. Eguerdian jasoko dute aginte makila eta beraiek gidatuko dute festa eguna. Arratsaldean, berriz, haurren danborrada irtengo da.
Saltseroen egunean, jotak eta herri kirolak ere izango dira. Herri kiroletan azken orduko aldaketak izan dira. Ostolazaren ordez, Goenatxo arituko da, Saralegiren ordez, Mujika, eta Idoia Etxeberriaren ordez, Urdax Magunazelai gaztea.