“Gure asmoa da aurten mailaz igotzea”
Kargu berria du pasa den ostegunetik Javier Peralek (Errenteria, 1947): Touringeko presidente da. Luis Mari Larrainen lekukoa hartu du, eta aldaketaren atea ireki du. Orain kanpoko taldeetan aritu diren etxeko jokalariak berreskuratzen ari da, eta hemendik lau urterako Hirugarren Mailan egotea du helburu. Zergatik aurkeztu zenuen zure burua Touringeko presidente izateko? Touringeko zuzendaritzan egon naiz zortzi urtez, eta gauzak ez zeuden ondo. Bazkide [28ren babesa lortu du] batzuk iazko ekainean proposatu zidaten presidente izateko. Ondo pentsatu nuen, eta baiezkoa eman nien. Zerk mugitu zuen balantza baiezkoaren aldera? Touring nola zihoan ikusita, aldaketa behar zuela uste nuen. Errenteriako jendea kanpoan zegoen, eta horiek ekarri behar ziren, eta horretan ari gara. Astebete daramazu Touringeko presidente bezala. Izan duzu denbora elkartea nola dagoen ikusteko? Lan asko egin behar da. Dena oso nahasia dago, eta ordena falta da. Zeintzuk dira Touringek dituen gabezia handienak? Elkartea aldatu behar da, eta hori lortzen ari gara jokalarien bidez; hortik aurrera ikusi beharko dugu nola segitzen duen martxa. Gure asmoa da aurten mailaz igotzea. Jende gaztea hartu dugu, nahikoa ibilbide eduki dutenak. Helburua da mailaz igotzea hiru kategoriatan: Preferentean, Lehenengo Erregionalean, eta Gazte Mailan. Aurten Gazte Mailakoak jaitsi egin dira, eta espero dugu aurten berriro igotzea. Preferentean aurten, [...]
Kargu berria du pasa den ostegunetik Javier Peralek (Errenteria, 1947): Touringeko presidente da. Luis Mari Larrainen lekukoa hartu du, eta aldaketaren atea ireki du. Orain kanpoko taldeetan aritu diren etxeko jokalariak berreskuratzen ari da, eta hemendik lau urterako Hirugarren Mailan egotea du helburu.
Zergatik aurkeztu zenuen zure burua Touringeko presidente izateko?
Touringeko zuzendaritzan egon naiz zortzi urtez, eta gauzak ez zeuden ondo. Bazkide [28ren babesa lortu du] batzuk iazko ekainean proposatu zidaten presidente izateko. Ondo pentsatu nuen, eta baiezkoa eman nien.
Zerk mugitu zuen balantza baiezkoaren aldera?
Touring nola zihoan ikusita, aldaketa behar zuela uste nuen. Errenteriako jendea kanpoan zegoen, eta horiek ekarri behar ziren, eta horretan ari gara.
Astebete daramazu Touringeko presidente bezala. Izan duzu denbora elkartea nola dagoen ikusteko?
Lan asko egin behar da. Dena oso nahasia dago, eta ordena falta da.
Zeintzuk dira Touringek dituen gabezia handienak?
Elkartea aldatu behar da, eta hori lortzen ari gara jokalarien bidez; hortik aurrera ikusi beharko dugu nola segitzen duen martxa. Gure asmoa da aurten mailaz igotzea. Jende gaztea hartu dugu, nahikoa ibilbide eduki dutenak. Helburua da mailaz igotzea hiru kategoriatan: Preferentean, Lehenengo Erregionalean, eta Gazte Mailan. Aurten Gazte Mailakoak jaitsi egin dira, eta espero dugu aurten berriro igotzea.
Preferentean aurten, behintzat, goian egon da Touring.
Zorte txarra izan dute azken momentuan, baina oso ondo ibili dira.
Zenbat etxeko jokalari berreskuratu dituzue?
11: Antiguatik bi, Pasaiatik bi, Oiartzundik bi, Hernanitik bi eta Trintxerpetik hiru. Taldea nahikoa aldatu dugu. Nahiago genuke denak etortzea, baina ezinezkoa da. Erregional Preferentea maila txarra da, eta ez dute etorri nahi. Zaila da erakartzea, nahiago dute goragoko kategorietan egon.
Jokalari horiek zergatik joan ziren bere garaian kanpora?
Giro txarrarengatik joan ziren. Zuzendaritzako kideekin, kirol zuzendariarekin, giro oso txarra zegoen. Horrekin batera, jendeak ez du ezer ere kobratzen, aspertu egiten dira, ez dute jasaten eta joan egiten dira.
Aurreko presidentearen taldeak egindako lana nolakoa izan da?
Ona ez. Ni zuzendaritzako kide izan naiz, eta ikusi dut zer gertatu den. Hiru zeuden eta horiek eramaten zuten lan guztia. Guk bakarrik figuratu egiten genuen.
Errenteria-Orereta Gipuzkoako hirugarren herria da, eta lehen taldea Erregional Preferentean dauka. Merezi al du?
Ez du merezi. Bere tokia, agian, ez da 2.B Maila, baina bai Hirugarren Maila. Guk asmoa daukagu lana ondo egitea (jende ona daukat), eta ea hemendik lau urtera Touring Hirugarren Mailan dagoen. Lau urte ditut hemen lana egiteko, eta asmo hori daukagu.
Hori lortzeko zer egingo duzue?
Hori batik bat kirol zuzendariaren lana da. Lan ona egiten badu, gure babesarekin, beti goruntz joango da taldea. Egoitz Mendizabal dago orain postu horretan, eta lan oso ona egiten ari da.
Harrobia nola dago?
Hori ikusiko dugu hemendik Gabonak bitartean. Guk uste dugu ondo dagoela. Gazte Mailan ere beste talde bat gehiago atera dugu, eta beraz, bi talde izango ditugu. Bat nahi dugu oso indartsua ateratzea igotzeko, eta bestea, berriz, hor dago. Neskekin ere ari gara lanean. Pasa den denboraldi guztian hamar edo hamabi neska zeuden, eta momentu honetan 28 ditugu. Eurekin lanean Naroa Murua ari da. Gainera, lehen zuzendaritzan ez zegoen emakumerik, eta, orain, hiru ditugu.
Beti Onarekin zein harreman izango duzue?
Beti Onarekin hamabi urte dira ez dugula hitz egiten, giro txarra eduki dugu berarekin… Orain, berriz, Beti Onako presidentearekin hitz egiten aritu naiz, telefonoz, eta astelehenerako geratu gara. Nik nahi dudana da, ongi ibiltzea taldearekin, eta giro ona edukitzea berarekin. Aurten akatsa izan dugu Beti Onarekin bertako entrenatzailea, Lalo, gurekin etorri dela. Lau jokalarirengatik ere galdetu diogu Beti Onari, baina ez zaie gustatu, eta azkenean ez dira etorriko. Baina entrenatzailea bera izan da hona etorri nahi izan duena.
Eta eskualdeko beste taldeekin?
Pasaiarekin oso ongi ibili gara beti, baina Oiartzunekin ez. Duela bi urte zerbait gertatu zen, ez dakit zer, eta orduz geroztik ez dugu harreman ona izan. Egotekoak gara Oiartzungo presidentearekin eta kirol zuzendariarekin, eta ez dakigu zertara iritsiko garen. Hala eta guztiz ere, etortzekoak dira Errenteria Hiria Sarira. Gonbidapena eman diegu, eta baiezkoa eman digute, beraz, badirudi giro ona ari dela sortzen.