Nagarotera, maletak elkartasunez beteta
Ilargi Beltza elkartea 2005ean sortu zuten. Aurretik Euskal Herria eta Kubaren arteko elkarlan egitasmoetan lan egindako hainbat gipuzkoarrek sortu zuen elkartea, eta elkartasun keinuak Nikaraguara luzatzeko erabakia hartu zuten. Izan ere, Nikaraguako Nagarote herriko alkate izandakoa aurretik ezagutzen zuten Ilargi Beltzako kideek, eta berriz ere alkatetzara iritsi zenean, elkartasun egitasmoak egiteko hitzarmena egin zuten. Osasun eta hezkuntza alorretan lan egiten duten kideez osatuta dago Ilargi Beltza, eta alor horietako egitasmoak Nikaraguan garatzen dituzte, Nagarote herrian batik bat: ginekologia planta egiten lagundu dute, lur orotako anbulantzia bideratu dute, emakumeei euren etxeen jabe izaten lagundu diete, hezkuntza materiala eraman dute… Gipuzkoako hainbat udalek lagundu ditu egitasmo horiek. Izan duten azken ideia Atlantikoaren beste aldeko herrialdean bi futbol talde sortzearena izan da. Oiartzungo gazte talde batek garatu du egitasmo hori. Haurren bi futbol talde sortzea aurreikusi dute: 20 haur izango ditu talde bakoitzak, bat neskena eta bestea mutilena. Horretarako, Realak 8-14 urteko haurrentzako ekipamendua eman die, baita hainbat baloi ere. Zumarragako Musti peñaren elkarlanari esker lortu dituzte dohaintza horiek Ilargi Beltzako kideek. Realak hitza eman die elkartekoei urtero lagunduko diela materiala eta ekipamendua berritzen. Proiektua finkatzen denean ere laguntzen jarraituko duela jakinarazi du Realak. Oiartzualdekoak, abuztuan Abuztuan jasoko dute material hori Nikaraguako haurrek, [...]
Ilargi Beltza elkartea 2005ean sortu zuten. Aurretik Euskal Herria eta Kubaren arteko elkarlan egitasmoetan lan egindako hainbat gipuzkoarrek sortu zuen elkartea, eta elkartasun keinuak Nikaraguara luzatzeko erabakia hartu zuten. Izan ere, Nikaraguako Nagarote herriko alkate izandakoa aurretik ezagutzen zuten Ilargi Beltzako kideek, eta berriz ere alkatetzara iritsi zenean, elkartasun egitasmoak egiteko hitzarmena egin zuten. Osasun eta hezkuntza alorretan lan egiten duten kideez osatuta dago Ilargi Beltza, eta alor horietako egitasmoak Nikaraguan garatzen dituzte, Nagarote herrian batik bat: ginekologia planta egiten lagundu dute, lur orotako anbulantzia bideratu dute, emakumeei euren etxeen jabe izaten lagundu diete, hezkuntza materiala eraman dute… Gipuzkoako hainbat udalek lagundu ditu egitasmo horiek.
Izan duten azken ideia Atlantikoaren beste aldeko herrialdean bi futbol talde sortzearena izan da. Oiartzungo gazte talde batek garatu du egitasmo hori. Haurren bi futbol talde sortzea aurreikusi dute: 20 haur izango ditu talde bakoitzak, bat neskena eta bestea mutilena. Horretarako, Realak 8-14 urteko haurrentzako ekipamendua eman die, baita hainbat baloi ere. Zumarragako Musti peñaren elkarlanari esker lortu dituzte dohaintza horiek Ilargi Beltzako kideek. Realak hitza eman die elkartekoei urtero lagunduko diela materiala eta ekipamendua berritzen. Proiektua finkatzen denean ere laguntzen jarraituko duela jakinarazi du Realak.
Oiartzualdekoak, abuztuan
Abuztuan jasoko dute material hori Nikaraguako haurrek, Oiartzualdetik hara joango diren zazpi lagunen eskutik: Oinatz Aizpuru, Aritz Bereziartua, Maialen Bengoetxea, Maddalen Aristegi, Nagore Zapirain, Oier Moreno eta Itxaso Arostegi dira gazte horiek. Elkarteko boluntarioak dira denak.
Futbol taldeak sortzeaz gain, Nagaroten aurrera eramaten ari diren proiektuen jarraipena egingo dute eta garapenean lagundu. Babesleren baten laguntza ere behar dute, botak edo kirola egiteko oinetakoak erosteko edota dohaintzat emateko. Horrez gain, beste laguntza txiki bat ere nahiko lukete, bi talde horiek denboraldian zehar izan ditzaketen gastuak ordaindu ahal izateko.
Oarsoaldeko gazte horiek abuztuaren 9an joango dira Nagarotera, eta irailaren 8an itzuliko dira. Futbol taldeak sortzeaz gain, hango gazteekin esperientziak trukatzeko asmoa dute. Hangoekin ikasteko, hemengoa nikaraguarrei azaltzeko.
Elkarlana
Futbol taldeak sortzearena ez zen izan norabide bakarreko ideia, baina. Hau da, Nagaroteko alkateak ideia hori zuen buruan, eta aurrekoetan egin duen bezala, beharren zerrendan futbol taldea sortzearena jarri zuen. Helburu zehatz bezala hori jarri zuten Oarsoaldeko gazteek, baina badituzte beste asko.
Maddalen Aristegi oiartzuarra da abuztuan Nikaragua aldera joango den gazteetako bat. Duela bi urte han izan zen. Hango gazteen errealitatea Euskal Herrikoenarekin alderatuz guztiz ezberdina dela azaldu du Aristegik: «Han, esaterako, 14-16 urteko gazteek seme-alabak izaten dituzte». Hezkuntzan, eskolatze maila altua dagoela jakinarazi du Aristegik, eskolak badaudela, eta unibertsitatera iristen direla gazte horietako batzuk. Baina eguneroko bizitzan premiak dituztela dio oiartzuarrak, eta horiek nolabait ere betetzen laguntzea dela Ilargi Beltzaren helburua. Hor kokatu behar da futbol taldeen ideia.
Nagarote
Andoni Aristegi zumarragarra da Ilargi Beltzako presidentea. Nagarote ondo ezagutzen du, hainbat elkartasun egitasmo bideratu dituelako Nikaraguako herriarentzat. Aristegik zehaztu du 40.000 bat biztanleko herria dela Nagarote, kaskoa eta landa eremua dituela, eta aurretik ezagutzen zuten alkatea bertan agintean denetik, hobera egin duela nabarmen herriak: «Baina pobrezia maila oso handia da. Muturreko pobrezian biztanleen %30-edo dago. Behar asko dituzte».