Donibane Zangitu: “Orain Zuloaga Memorialean nago zentratuta”
Zonaldeko Udaberri Txapelketa irabazi du Donibane Zangitu (Errenteria, 1990) gazteak. Txapelketa eskuratzea ez da erraza izan, ikasketak eta kirola uztartu behar dituelako. Garaipena momentu onena pasatzen ez dabilen Pedro Mari lagunari eskaini dio, emandako babesarengatik. Zorionak txapelarengatik. Pozik al zaude? Bai bai, pozik. Zer moduz joan zen finala? Emaitzari begiratuta (22-14) erraz irabazi zenuela dirudi, baina hala izan al zen? Hasieran nahiko berdinduta egon ginen, 9-9ra arte. Hortik aurrera aurrea hartu nuen. Finala, bestalde, ez zen partida polita izan, baina, gutxienez, irabazi egin nuen; hori zen garrantzitsuena finalera iritsita. Espero zenuen irabaztea? Ez. Lehiaketa hasi genuenean ez nuen espero irabaztea. Baina finalera iritsi gara, eta irabazi egin dugu. Udaberri Txapelketa orokorrera ez zinen pasatu hasierako fasean hirugarren geratu zinelako. Pena izan zen, ezta? Bai. Tokatu zitzaidan taldea nahiko zaila zen. Bazegoen bat profesionala izandakoa zena, eta ezin nuen ezer egin. Lehenengo partida galdu nuen. Guztira, hiru partida irabazi nituen eta bi galdu, baina ez zen nahikoa izan. Hala ere, nola ikusi duzu zure burua txapelketan zehar? Ni nahiko ongi aurkitu naiz egin ditudan entrenamenduak kontuan hartuta. Gasteizen nabil ikasten, eta noski, ia ezin dut entrenatu. Finalera iristeko, eta irabazteko, oso ongi ibili naiz. Maila hauetan, ordea, zaila izango da tokia [...]
Zonaldeko Udaberri Txapelketa irabazi du Donibane Zangitu (Errenteria, 1990) gazteak. Txapelketa eskuratzea ez da erraza izan, ikasketak eta kirola uztartu behar dituelako. Garaipena momentu onena pasatzen ez dabilen Pedro Mari lagunari eskaini dio, emandako babesarengatik.
Zorionak txapelarengatik. Pozik al zaude?
Bai bai, pozik.
Zer moduz joan zen finala? Emaitzari begiratuta (22-14) erraz irabazi zenuela dirudi, baina hala izan al zen?
Hasieran nahiko berdinduta egon ginen, 9-9ra arte. Hortik aurrera aurrea hartu nuen. Finala, bestalde, ez zen partida polita izan, baina, gutxienez, irabazi egin nuen; hori zen garrantzitsuena finalera iritsita.
Espero zenuen irabaztea?
Ez. Lehiaketa hasi genuenean ez nuen espero irabaztea. Baina finalera iritsi gara, eta irabazi egin dugu.
Udaberri Txapelketa orokorrera ez zinen pasatu hasierako fasean hirugarren geratu zinelako. Pena izan zen, ezta?
Bai. Tokatu zitzaidan taldea nahiko zaila zen. Bazegoen bat profesionala izandakoa zena, eta ezin nuen ezer egin. Lehenengo partida galdu nuen. Guztira, hiru partida irabazi nituen eta bi galdu, baina ez zen nahikoa izan.
Hala ere, nola ikusi duzu zure burua txapelketan zehar?
Ni nahiko ongi aurkitu naiz egin ditudan entrenamenduak kontuan hartuta. Gasteizen nabil ikasten, eta noski, ia ezin dut entrenatu. Finalera iristeko, eta irabazteko, oso ongi ibili naiz.
Maila hauetan, ordea, zaila izango da tokia egitea ezta?
Bai. Gainera, orain seniorretan nabil (18 urtetik gorakoen mailan), eta hor 40 urteko pilotariak ere daude, pilotarik galtzen ez duten horietakoa, gero gazte on bat… Nahiko maila altua dago.
Hala ere, hor toki bat egiteko moduan ikusten al duzu zure burua?
Uf! Oso zaila da hor goian egotea, oso-oso zaila.
Orain, udaran, atseden hartu behar duzu edo badituzu partidak?
Orain Errenterian hasten da txapelketa bat nahiko garrantzitsua dena, Zuloaga [Jose Antonio Zuloaga Memoriala] , eta gelako pilotari batekin, oso ona da, ibiliko naiz, Pazosekin. Berarekin osatuko dut bikotea. Kanporaketa da, eta jokatzen dudan lehen aldia izango da.
Zenbat denbora daramazu pilotan?
9-10 urtekin hasi nintzen. Pilota eta futbolarekin hasi nintzen txikitan, baina iristen da momentu bat horietako bat aukeratu behar duzula, eta nire aita pilotaria izandakoa denez, pilota aukeratu nuen.
Hurrengo denboraldiari begira zertan parte hartzeko asmoa duzu?
Ez dakit. Oraintxe bertan Zuloaga Memorialean nago buru-belarri sartuta, eta ea entrenamendu batzuk egiten ditugun, gutxi egiten baititugu. Gainera, hasieran lehengo urteko txapeldunen kontra tokatu zaigu, kasualitatea. Saiatuko gara ahalik eta urrutien iristen.
Non ibiltzen zara entrenatzen?
Lehen herrian entrenatzen nuen, baina orain, Gasteizen bizitzen nagoenez, nire gelakoarekin geratzen naiz entrenatzeko. Gasteizen, klasekide bat dugu bere aitak frontoian egiten duela lan, eta hor entrenatzen uzten digu.
Zenbatero joaten zarete entrenatzera?
Lehen astean behin joaten ginen, baina azken aldian azterketekin ez dugu batere entrenatu.