Orereta-Errenteria eta Lezoko Bilduk elkarretaratzeak deitu dituzte Bateragune auzia dela eta
Orereta Errenteriako Bilduk eta Lezoko Bilduk elakrretaratzea deitu dute Bateragune auzia dela eta. Sonia Jacinto preso oreretarra epaituko dute auziaren baitan.
Datorren astelehenean hasiko da Sonia Jacinto herritarra eta beste zazpi lagunen kontrako epaiketa Bateragune auzia dela eta. Hala, Orereta-Errenteriako eta Lezoko Bilduk elkarretaratzeak deitu dituzte auzi hori salatu eta auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Astelehenean bertan egingo dituzte elkarretaratzeak, Errenteria-Oreretan 12:00etan, Herriko Enparantzan deitu dute eta Lezon, ordu berean Gurutze Santuaren plazan. Herritar guztiak animatu dituzte protesta horietan eta egingo dituzten beste ekimen guztietan parte hartzera.
Orereta-Errenteriako Bilduren arabera, epaiketa politikoa da, eta xede nagusi bati erantzuten dio: “Herri honetan zabaldu den garai politiko berria oztopatzea eta garai politiko berri hau zabaltzen ahalegin berezia egin duten hainbat ordezkari politiko zigortzea”. Gaineratu duenez, epaiketa horren eta Espainiako Auzitegian dauden beste batzuen helduleku juridiko bakarra alderdien legea da “urteotan herri honen ordezkaritza politiko eta sozial garrantzitsu baten parte hartze legalari bidea ixteko garatu dena, milaka herritarren eskubideak zapuztuz eta hamarnaka ordezkari politiko atxilotu eta espetxeratuz”.
Halaber, Bateragune auziak Espainiako Estatuaren “sakoneko defizit demokratikoa” erakusten duela salatu du Bilduk “ideia politikoen defentsa eta antolatzeko eskubidea ukatzen dizkiolako euskal gizartearen zati garrantzitsu bati”.
Orereta-Errenteriako Bilduk horrenbestez, epaiketa politikoekin behin betiko amaitzeko eskatu du “zabaldu den garai berriari jarri nahi zaizkion oztopoekin amaitzeko”, eta Bateragune auzian inplikatutako kide guztien berehalako askatasuna eta absoluzioa exijitu dute. Amaitzeko “gatazkaren irtenbidea sustatzeko dagokigun konpromisoa” hartzen dutela zehaztu dute.


