Jan, edan eta euskaraz hitz egin. Hori da Oarsoaldea Garapen Agentziaren kanpaina berriaren ardatza. Izan ere, eskualdeko ostalaritza establezimenduetan euskaraz aritzeko ekimena abiarazi dute. Aurten merkataritza sektore horren txanda da, urtero aldatzeko asmoa dutelako.
Ekimenari atxikitutako taberna eta jatetxeei mahai gaineko “erakargarriak” banatuko dizkiete. Establezimendu horiek menua jadanik euskaraz dutenak dira (doaneko zerbitzua da menuak euskarara itzultzea, eta eskualdeko udaletan eska daiteke, urte osoan zehar). Guztira eskualdeko 38 taberna eta jatetxe dira mahai oihal jasoko dituztenak, denak ogitartekoak, kaxuelak eta plater konbinatuak ematen dituztenak. Bertan, euskararen erabilera bultzatzen duten mezuak ikus daitezke, Oarsoarrak-eko pertsonaiekin apainduta. Establezimendu bakoitzari 1.500na mahai gaineko emango dizkiete.
Bestalde, irailaren 19tik 9ra, zozketa egingo dute barra duten ostalaritza establezimenduetan. Oiartzungo zinegotzi Irati Etxebestek jakinarazi duenez, euskaraz eskatzen duten bezeroei boleto bana emango diete. Datuak bete, eta kutxa batean sortu behar dute boletoa. Bina lagunentzako bi otordu zozkatuko dituzte: bat Oiartzungo Zuberoa jatetxean eta bestea Errenteria-Oreretako Mugaritzen. «Bezeroez gain», esan du Etxebestek, “tabernetako jabeak ere saritu nahi ditugu: euren artean ere bina afari zozkatuko ditugu”.
Euskararen paisaia
Ekimen horiekin, “hizkuntza paisaia euskalduntzeak duen garrantzia nabarmendu” nahi dutela argitu du Julen Mendoza Errenteria-Oreretako alkateak. Hizkuntza paisaia dendetako errotuluek, jendaurreko idatziek, oharrek eta abarrek osatzen dute.
Mendozak esan duenez, “hizkuntza paisaiak hizkuntzaren status-az gain, establezimenduetako jabeek bezeroei adierazten dieten begirunea ere erakusten du”. Bezeroak berak euskara erabiltzea ahalbidetzeko paisaia euskaraz egotea baliagarria dela gaineratu du Errenteria-Oreretako alkateak. Pasaiakoak, Amaia Agirregabiriak, euskara bultzatzeko ekimenetan parte hartzeko eskatu die ostalartitzako langileei, eta “horretarako dauden erraztasunak aprobetxa ditzatela”.