Militarrek Jaizkibelen kalte larriak eragin dituztela salatu dute hainbat herritarrek
Jaizkibel mendia erabiltzen duen lezoar eta pasaitar talde batek salatu du Espainiako Defentsa Ministerioak “kalte handiak” eragin dituela Lete eta tiro zelaiaren inguruan. “‘Militarrek’ zortzi eta hamabi metro arteko zabalera duten eta kilometro luzeko lur mugimenduak egin dituzte, babestuta dagoen Garrantzi Komunitarioko Eremuan”, adierazi dute. Lur mugimendu horiengatik landaretza eta ekosistema suntsitu dituztela salatu dute, higadura handia sortzeaz gain.
Gainera, baimenik ez dutela esan dute: “Makina handiekin egindako obra hauek ez dute pasaiako Udalaren lizentziarik. Defentsa Ministerioak ez du inolako proiekturik aurkeztu, are gutxiago Ingurugiro Eraginaren gaineko txostenik aurkeztu”. Militarrek Jaizkibel erabiltzea “arriskutsua” dela, esan dute eta erabilpen horrengatik hildakoak ere egon direla gogorarazi dute. “Erabilera militarra eta Jaizkibel babestea baterazinak direla uste dugu”, gaineratu dute, eta lurrak herriari itzultzeko eskatu dute.