Ezuztekorik ez zen egon larunbatean eta Santanok aginduko du berriz
Jose Antonio Santanok gidatuko du datozen lau urteetan Irungo hiria, larunbatean ospatutako kargu hartze ekitaldian bera izan baitzen bozka gehien lortu zituena. Alderdi bakoitzak hautagaia aurkeztu eta bakoitzak bereari eman zion bozka. Hortaz, Santano hautatu zuten, gehiengoz, sozialisten botoekin. Kargua hartu eta gero alkate izatea beti beretzako “pasioa” izan dela onartu zuen Santanok. Bilkura aretoa leporaino beteta zegoela egin zen bilera, oso giro onean. Ez lehenago, ezta beranduago ere, udaletxeko erlojuak eguerdia zela markatzen zuenean hasi zen larunbateko ekitaldia. Aurrena adin mahaia osatu zen. Juana Herrador idazkariak mahaira deitu zituen Manuel Millan (Ezker Batua) zinegotzi zaharrena eta Santi Reyes gazteena (PP). Haien ardura izan zen udalbatza berria osatzen duten 25 zinegotzien izen abizenak banaka gogoratzea. Hautetsi gehienek euskara aukeratu zuten kargu onartzeko, dozena erdi inguruk bi hizkuntzetan egin zuen, eta gutxi batzuk gaztelania hutsez. Hizkuntzak baino gehiago izan ziren hautatutako formulak: batzuek “zin egin” zuten, beste hainbatek “hitza eman”, eta nahastu zirenek “hitz egin” zuten. Bost hautagaitza Ondoren alderdiek beren hautagaitzak aurkeztu zituzten, maiatzaren 22an ordezkaritza lortu zuten alderdi bakoitzak berea: hurrenez hurren, Xabier Iridoy (EAJ), Juana Bengoetxea (PP), Oinatz Mitxelena (Bildu), Jose Antonio Santano (PSE-EE) eta Manuel Millan. Iridoy jeltzaleak hartu zuen lehenengo hitza, eta eskerrak emateko baliatu zuen [...]
Jose Antonio Santanok gidatuko du datozen lau urteetan Irungo hiria, larunbatean ospatutako kargu hartze ekitaldian bera izan baitzen bozka gehien lortu zituena. Alderdi bakoitzak hautagaia aurkeztu eta bakoitzak bereari eman zion bozka. Hortaz, Santano hautatu zuten, gehiengoz, sozialisten botoekin. Kargua hartu eta gero alkate izatea beti beretzako “pasioa” izan dela onartu zuen Santanok.
Bilkura aretoa leporaino beteta zegoela egin zen bilera, oso giro onean. Ez lehenago, ezta beranduago ere, udaletxeko erlojuak eguerdia zela markatzen zuenean hasi zen larunbateko ekitaldia. Aurrena adin mahaia osatu zen. Juana Herrador idazkariak mahaira deitu zituen Manuel Millan (Ezker Batua) zinegotzi zaharrena eta Santi Reyes gazteena (PP). Haien ardura izan zen udalbatza berria osatzen duten 25 zinegotzien izen abizenak banaka gogoratzea. Hautetsi gehienek euskara aukeratu zuten kargu onartzeko, dozena erdi inguruk bi hizkuntzetan egin zuen, eta gutxi batzuk gaztelania hutsez. Hizkuntzak baino gehiago izan ziren hautatutako formulak: batzuek “zin egin” zuten, beste hainbatek “hitza eman”, eta nahastu zirenek “hitz egin” zuten.
Bost hautagaitza
Ondoren alderdiek beren hautagaitzak aurkeztu zituzten, maiatzaren 22an ordezkaritza lortu zuten alderdi bakoitzak berea: hurrenez hurren, Xabier Iridoy (EAJ), Juana Bengoetxea (PP), Oinatz Mitxelena (Bildu), Jose Antonio Santano (PSE-EE) eta Manuel Millan. Iridoy jeltzaleak hartu zuen lehenengo hitza, eta eskerrak emateko baliatu zuen zuen, “niregan konfidantza erakutsi duten hiritarrei zein alderdikideei”.
Bengoetxea popularrak elkarlanerako prest agertu zen, eta “okerren pasatzen ari direnek Udala beti gertu sentitu dezaten lan egiteko” konpromisoa agertuzuen. Millanek EBren ordezkaritza zein den “jakitun izanik” —aulki bakarra dute— “bakerako eta normalizaziorako erabakiorra” izango den legealdian parte hartzea «ohorea» dela esan zuen. Mitxelena izan zen hitza hartu ez zuen bakarra.
12:40etan izendatu zuten Jose Antonio Santano Irungo alkate. Gehiengoz lortu zuen kargua, ordezkaritza duten alderdi guztiek euren hautagaitza aurkeztu eta babestu zutelako. Santanok PSE-EEren 9 bozkak lortu zituen, Xabier Iridoyk EAJren 5ak, Bilduko Oinatz Mitxelenak beste 5, Juana Bengoetxea PPko alkategaiak beste horrenbeste, eta Manuel Millanek Ezker Batuaren bakarra.
Ondorioz, bozka gehien jaso zuena izanik, Jose Antonio Santano sozialistak aginduko du datozen lau urteetan ere Irunen. Bere lehen hitzak jasotako konfidantza eskertzeko erabili zituen Santanok; herritarrei eta alderdi kideei eskerrak eman nahi izan zizkien. Ondoren, udalbatzan bildutako zinegotziak “61.000 irundarren ordezkari” direla gogoratu die eta “haientzako lan egiteko” eskatu. Gehingo absolutorik gabe, duela lau urterekin alderatuta “erronka berriak” izango dituela nabarmendu du, eta “horiei erantzuna emateko bestelako politikak aurrera eramateko konpromisoa” agertu du.
Bere agintaldian ezarri nahi dituen hiru ezaugarriak argitu ditu, gainera: “zorrotzak izan behar dugu gure kudeaketan, udalaren jarduera gardenagoa egingo duten baliabideak lortu, eta irundarrekin lankidetzan agintzan asmatu behar dugu, haiengandik beti gertu egonez”.
Euskal Herriak bizi duen normalizazio egoerari buruz ere mintzatu zen alkatea bere izendapen hitzaldian. “Irungo udaletik ahal duguna egingo dugu egoera berri hori sendotu dadin”. “Hiriko zinegotziak bizkartzainik gabe joan eta proiektuek horizonte berria ikusi ahal izatea” ere galdegin du Santanok. Krisitik ateratzeko ere elkarlanean aritzeko asmoa agertu zuen mandatari sozialistak.
Ordubete iraun zuen ekitaldia amaituta elkar zoriontzeko eta senitartekoekin argazkiak ateratzeko unea iritsi zen. Ondoren, salbuespenik gabe, alkateak eta zinegotzi guztiek taldeko argazkia atera zuten udaletxeko eskaileretan. Horrela amaitu zen larunbateko kargu hartze ekitaldia Irunen, hasi bezala, giro enean.