Bilduko Amaia Agirregabiria izendatu dute alkate Pasaian
10:00etan puntual hasi da udalbatzarra osatzeko ekitaldia Pasaian, eta ordurako herritarrez lepo zegoen Donibaneko pleno aretoa. Ikusleen arteko askok Euskal presoak Euskal Herrira aldarri duten pegatinak soinean zituzten. Herritarren artean ziren, bes...
10:00etan puntual hasi da udalbatzarra osatzeko ekitaldia Pasaian, eta ordurako herritarrez lepo zegoen Donibaneko pleno aretoa. Ikusleen arteko askok Euskal presoak Euskal Herrira aldarri duten pegatinak soinean zituzten. Herritarren artean ziren, besteak beste, Roberto Lopez Etxezarreta, Juan Carlos Alduntzin eta Maider Ziganda alkate ohiak eta baita aurreko legegintzaldian zinegotzi izandako hainbat.
Hogeita bost minutu eskas behar izan dituzte alkate berria izendatzeko. Idazkariak hartu du hitza lehenik, zinegotzi berriei ongi etorria emateko. Gero, udalbatza osatzeko eman beharreko urratsak azaldu dizkie zinegotziei. Idazkariak azaldutako araudiari jarraituta, zinegotzi zaharrenak (EAJrena) eta gazteenak (PPrena) hartu dute udalbatzarraren gidaritza. Zaharrenak galdetu du ia zein alderdik aurkeztu behar zuten beren hautagaiak alkatetzarako, eta guztiek altxatu dute eskua. Alderdi guztiek hautagaia aurkeztuta, norbere hautagaiari eman dio botoa gero. Ondorioz, inork ez du eskuratu alkatetza zuzenean eskuratzeko beharrezkoa zen gehiengo absolutua. 9 boto behar ziren gehiengo absolutua lortzeko, eta 8 lortu ditu Bilduko hautagai Amaia Agirregabiriak. Indar botatuenak eskuratzen du halakoetan alkatetza, eta beraz, Bilduko Amaia Agirregabiria izendatu dute alkate, pleno aretoan zeuden herritarren txalo artean.
Alkateak hartu du hitza jarraian, eta euskara hutsez, eskerrak eman die alkatetzaraino lagundu dieten guztiei. Lanerako konpromisoa agindu eta herritarrak eta gainontzeko zinegotziak indarrak biltzera gonbidatu ditu.