Lehen aldiz alkatea emakumea izango da Oiartzunen
Hainbat aldaketa izango dira legegintzaldi berrian Oiartzungo udaletxean. Lehenengoa agintari nagusiari dagokiona. Lehen aldiz herrian, emakume batek hartuko du alkate kargua: Aiora Perez de San Romanek. Zinegotziei dagokienez, aurreko legegintzaldieta...
Hainbat aldaketa izango dira legegintzaldi berrian Oiartzungo udaletxean. Lehenengoa agintari nagusiari dagokiona. Lehen aldiz herrian, emakume batek hartuko du alkate kargua: Aiora Perez de San Romanek.
Zinegotziei dagokienez, aurreko legegintzaldietan baino emakume gehiago izango dira. Azkeneko legegintzaldian bost emakume izan dira zinegotzi: Gobernu Taldeko Arantza Arrese, Idurre Bera eta Karmele Irastorza; eta OiartzunBai (OBko) Gemma Roteta eta Amaia Arregi. Aurrerantzean sei izango dira, guztiak Gobernu Taldekoak, Bildukoak, alegia: Aiora Perez de San Romanez gain, Irati Etxebeste, Manoli Larrayoz, Koldobike Iragorri, Eider Mitxelena eta Miren Irigoien .
Dena den, gizonak gehiago dira Udalbatzan, hamahiru zinegotzik osatzen dute eta zazpi dira gizonak: Gobernu Taldeko Peio Aramendi, Zigor Goikoetxea, Oihan Tello eta Asier Legorburu; Hamaikabateko (H1!) Xanet Arozena; eta Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) Aitor Santxez Urkia eta Mikel Idiazabal.
Beste berritasun bat: zinegotzien ia %85 berriak dira. Gobernu Taldeko guztiak dira aurpegi berriak herritarrentzat, eta baita EAJko Mikel Idiazabal ere. Bik errepikatuko dute kargua: H1eko Xanet Arozenak eta EAJko Aitor Santxez Urkiak.
Kargu hartzeak, larunbatean
Udalbatza berriko kideek etzidamu (larunbatean) hartuko dituzte karguak. Kargu hartze ekitaldia 12:00etan izango da, udaletxeko areto nagusian.