AHTaren kontrako protestara joateko deialdia egin dute
AHT Gelditu Elkarlanak antolatuta, manifestazio nazionala egingo dute azpiegitura horren aurka larunbatean Arrasaten. Honako leloa aukeratu dute: Tenemos argumentos para parar un tren, AHT gelditzera goaz. Errenteria-Oreretako taldeak ere hara joateko deialdia luzatu diete herritarrei “azpiegitura erraldoi zein txikitzaile hori gelditzeko hamaika arrazoi daudelako”. Autobusa ere antolatu dute Arrasatera joateko. Arratsaldeko lauretan aterako da Iztietako autobus geltokitik, eta txartelak Landare eta Arkaitza tabernetan erosi ahal izango dira. Oreretako AHTaren Aurkako Taldeak arrazoi horiek zeintzuk diren zehaztu ditu. Lehengo eta behin, azpiegitura hori eraikitzeko diru publikoa xahutzen ari direla jakinarazi du. Hala, krisia arrazoituz arlo sozialean murrizketak izan direla adierazi du, “baina nola ulertu daiteke hori AHTaren lanetan milaka miloi euro gastatzen ari direnean?”. Era berean, AHTaren “«eragin kaltegarriez” ohartarazi du, “naturgune, ekosistemak eta nekazaritza lur emankorrenak suntsituko lituzke”, esan du. Horrez gain, herritarren iritzia kontuan hartu gabe proiektua “inposatu” egin dutela iritzi diote AHTaren kontrako taldetik: “Jendartean egitasmo horri buruzko eztabaida bultzatu beharrean informazioa ezkutatu dute”. AHTak “beste proiektu txikitzaileekin” harremana duela ere aipatu dute, Jaizkibelgo superportuarekin, Gaintxurizketako plataforma logistikoarekin, Olaberriako zentral termikoarekin edota Zubietako erraustegiarekin. Hala eta guztiz ere, proiektua gelditzeko aukerak badaudela nabarmendu dute: “Zenbait lekutan obrak hasiak dauden arren, lanen erritmoa izugarri motela da. Aldi berean, ofizialki [...]
AHT Gelditu Elkarlanak antolatuta, manifestazio nazionala egingo dute azpiegitura horren aurka larunbatean Arrasaten. Honako leloa aukeratu dute: Tenemos argumentos para parar un tren, AHT gelditzera goaz. Errenteria-Oreretako taldeak ere hara joateko deialdia luzatu diete herritarrei “azpiegitura erraldoi zein txikitzaile hori gelditzeko hamaika arrazoi daudelako”.
Autobusa ere antolatu dute Arrasatera joateko. Arratsaldeko lauretan aterako da Iztietako autobus geltokitik, eta txartelak Landare eta Arkaitza tabernetan erosi ahal izango dira.
Oreretako AHTaren Aurkako Taldeak arrazoi horiek zeintzuk diren zehaztu ditu. Lehengo eta behin, azpiegitura hori eraikitzeko diru publikoa xahutzen ari direla jakinarazi du. Hala, krisia arrazoituz arlo sozialean murrizketak izan direla adierazi du, “baina nola ulertu daiteke hori AHTaren lanetan milaka miloi euro gastatzen ari direnean?”.
Era berean, AHTaren “«eragin kaltegarriez” ohartarazi du, “naturgune, ekosistemak eta nekazaritza lur emankorrenak suntsituko lituzke”, esan du.
Horrez gain, herritarren iritzia kontuan hartu gabe proiektua “inposatu” egin dutela iritzi diote AHTaren kontrako taldetik: “Jendartean egitasmo horri buruzko eztabaida bultzatu beharrean informazioa ezkutatu dute”.
AHTak “beste proiektu txikitzaileekin” harremana duela ere aipatu dute, Jaizkibelgo superportuarekin, Gaintxurizketako plataforma logistikoarekin, Olaberriako zentral termikoarekin edota Zubietako erraustegiarekin.
Hala eta guztiz ere, proiektua gelditzeko aukerak badaudela nabarmendu dute: “Zenbait lekutan obrak hasiak dauden arren, lanen erritmoa izugarri motela da. Aldi berean, ofizialki inauguratu dituzten obrak, benetan ez dituzte hasi, eta desjabetzeko orduan hainbat oztopo topatu dituzte”.
Argazki erraldoia
Guzti hori aldarrikatuz, Oreretako AHTaren Aurkako Taldeak argazki erraldoia aterako du bihar Renfeko tren geltokiaren parean. 20:30ean jarri dute hitzordua. Herritar guztiak parte hartzera animatu dituzte.