Ingurumen Ministerioak dio Hondarribiko aireportua ez handitzeko aukera ere aztertu egin behar dela
Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak 2009an Hondarribiko aireportuko pista handitzeko akordioa lortu zuten arren, Ingurumen Ministerioak AENA Espainiako aireportuak kudeatzen dituen erakundeari esan di...
Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak 2009an Hondarribiko aireportuko pista handitzeko akordioa lortu zuten arren, Ingurumen Ministerioak AENA Espainiako aireportuak kudeatzen dituen erakundeari esan dio erabakia hartu aurretik egitasmoa ez handitzeko aukera ere aztertu egin behar dela. Arlo teknikoa, soziala, ekologikoa eta ekonomikoa aztertu eta “aukerarik onena” hautatu behar dela uste du aipatutako ministerioak, El Pais-ek gaur dakarrenez.
Hondarribiko aireportuko bidaiari kopurua —gero eta txikiagoa da—, ondoko aireportuen eskaintza eta balizko abiadura handiko trena ere kontuan hartu behar dira erabakia hartzean, Ingurumen Ministerioaren arabera.
Hori guztia esanez, 38 orrialdeko txosten bat helarazi die erakunde publikoei eta beste elkarte batzuei.
AENAren ingurumen txostenak dioenez, pista luzatzeak ez luke kalte “bereziki adierazgarririk” eragingo. Guneak ezaugarri ekologiko bereziak dituela onartzen du, baina ez du eragozpen gaindiezinik ikusten proiektuak aurrera egiteko. Pistak 1.650 metroko luzera izango luke; hau da, 150 metro luzatuko litzateke Mendelu auzorantz, eta 50 itsasorantz.