TV3k ekoitzitako ‘Euri lehorra’ dokumentala Irunen emango dute asteazkenean

Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak, Euri lehorra dokumentala aurkeztuko du asteazkenean Irunen, Euskal Herriko zenbait herri bisitatzen ari den Bakeranzko bidea, itxaropenetik ekintzetara zine-forum zikloaren barruan. Aste...

Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak, Euri lehorra dokumentala aurkeztuko du asteazkenean Irunen, Euskal Herriko zenbait herri bisitatzen ari den Bakeranzko bidea, itxaropenetik ekintzetara zine-forum zikloaren barruan. Asteazkenean izango da, 19:30ean, Amaia Kultur Zentroan. Sarrera libre izango da, eserlekuak bete arte.

Lokarriko arduradunen esanetan bi helburu ditu zikloak: batetik, dokumentala bera gizarteratzea, eta, bestetik, “bakea lortzeko egungo testuinguruan dauden aukerei eta ibili beharreko bideei buruzko iritziak elkarri azaltzeko interesa duten pertsona guztiei elkarrizketarako gune bat erraztea”.

Euri lehorra Gorka Espiauk zuzendutako lana da, Herrialde Katalanetako TV3 telebista kateak ekoitzitakoa. Apirilean estreinatu zuten Donostiako Kursaalean, eta maiatzaren erdialdean Gasteizen eman zuten berriz, Bakeranzko bidea, itxaropenetik ekintzetara zine-forum zikloaren lehen emanaldian. Aste honetan bertan Hernanin ere ikusi ahalko da, asteartean, eta heldu den astean Getxon, hilaren 14an.

Hegoafrika eta Irlanda
Dokumentala Hegoafrikan, Ipar Irlandan eta Euskal Herrian grabatua izan da. Brian Currin, Rolf Meyer, Alec Reid eta Harold Gooden lekukotasunen bidez, herrialde horietako gatazketan beraiek egindako erraztaile lana erakusten du. Hego Afrikako eta Irlandako bake prozesuen hurbileko begiratua egiten du dokumentalak, eta, desberdintasunak alde batera utzita, Euskal Herrirako baliagarriak izan daitezkeen elementuak nabarmendu nahi ditu.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.