Neguan egindako lanaren lehen azterketa izango dute bihar traineruek Mutrikun. 17:00etatik aurrera Mutrikuko XII. Ikurrina jokoan izango da, eta bertan Gipuzkoako eta Bizkaiko traineru onenak izango dira, tartean Oarsoaldekoak eta Bidasokoak. Formatu mistoa izango du estropadak: lehenengo, zortzi traineruk erlojupekoan egingo dute lehia, binaka, lau txandatan (horietako lehenean dago Trintxerpe-Illunbe, Elantxoberekin batera); gainontzeko bederatziek lineako estropada egingo dute, hiru ontzik hiruna txandatan.
Hala, linean egingo den bigarren txandan Hondarribia eta San Pedro izango dira, Zarautzekin batera. Lineako hirugarren eta azken txandan, berriz, San Juanek Urdaibairekin eta Kaikurekin neurtuko ditu indarrak.
Ekainean gaude, eta horrek esan nahi du traineruek sasoian egoten hasteko garaia dutela, San Miguel Liga hilaren 18an eta 19an hasiko delako Bordelen. Biharko estropadan ikusiko da zein sasoi puntuan dauden Hondarribia, San Juan, San Pedro eta Trintxerpe-Illunbe.

Hondarribiko trainerua