Beñat Sagarzazu: “Hawaiirako plaza lortzea da nire helburu nagusia”
Hirugarren urtez jarraian parte hartu du Beñat Sagarzazuk Lanzaroteko Ironman lasterketan; iazko marka ondu du eta 92. postuan sailkatu da, Hawaiirako txartela lortzetik bi plazara. Beñat Sagarzazu (Donostia, 1981) sanpedrotarra Lanzaroteko Ironman lasterketan izan zen asteburuan. Izenak iradokitzen duen gisan, kirol proba latza da Kanariar irletakoa. 3.800 metro igeri, 180 kilometro bizikletaz eta 42 kilometroko korrikaldia osatu behar dute parte-hartzaileek. Nekeak neke, kontent itzuli da handik Sagarzazu, urtetik urtera marka hobetzea lortzen ari delako. Lanzarotik itzuli berri zara, baita pozik itzuli ere, ezta? Bai, hirugarren urtea da parte hartzen dudala, eta urtetik urtera hobeto ari naiz. 10 ordu eta 22 minutu egin nituen, iazko marka lau minututan hobetuz. Gainera, haize ikaragarria zegoen, eta hori kontuan hartuta, 100 lehenbiziko lagunen artean sailkatu izana pozteko moduko da. Aurtengo edizioaz zer nabarmenduko zenuke? Egia esan, inpresiorik handiena parte hartu nuen lehengo urtean hartu nuen. Orain badakit han zer topatuko dudan, horregatik zerbait nabarmentzekotan, haizea nabarmenduko nuke. Esaten zutenez, azken hamabost urtetan ez da halako haizerik ibili. Inguruko probarik entzutetsuena da Lanzaroteko Ironman lasterketa. Zure ustez, nolako da han lehiatzearen esperientzia? Oso esperientzi gogorra da, baina giro handia izaten da. Han eskuratzen dira Hawaiiko probarako plaza gehien. Eta, zu, triatloian aritzen zareten gehienen antzera, [...]
Hirugarren urtez jarraian parte hartu du Beñat Sagarzazuk Lanzaroteko Ironman lasterketan; iazko marka ondu du
eta 92. postuan sailkatu da, Hawaiirako txartela lortzetik bi plazara.
Beñat Sagarzazu (Donostia, 1981) sanpedrotarra Lanzaroteko Ironman lasterketan izan zen asteburuan. Izenak iradokitzen duen gisan, kirol proba latza da Kanariar irletakoa. 3.800 metro igeri, 180 kilometro bizikletaz eta 42 kilometroko korrikaldia osatu behar dute parte-hartzaileek. Nekeak neke, kontent itzuli da handik Sagarzazu, urtetik urtera marka hobetzea lortzen ari delako.
Lanzarotik itzuli berri zara, baita pozik itzuli ere, ezta?
Bai, hirugarren urtea da parte hartzen dudala, eta urtetik urtera hobeto ari naiz. 10 ordu eta 22 minutu egin nituen, iazko marka lau minututan hobetuz. Gainera, haize ikaragarria zegoen, eta hori kontuan hartuta, 100 lehenbiziko lagunen artean sailkatu izana pozteko moduko da.
Aurtengo edizioaz zer nabarmenduko zenuke?
Egia esan, inpresiorik handiena parte hartu nuen lehengo urtean hartu nuen. Orain badakit han zer topatuko dudan, horregatik zerbait nabarmentzekotan, haizea nabarmenduko nuke. Esaten zutenez, azken hamabost urtetan ez da halako haizerik ibili.
Inguruko probarik entzutetsuena da Lanzaroteko Ironman lasterketa. Zure ustez, nolako da han lehiatzearen esperientzia?
Oso esperientzi gogorra da, baina giro handia izaten da. Han eskuratzen dira Hawaiiko probarako plaza gehien.
Eta, zu, triatloian aritzen zareten gehienen antzera, Hawaii duzu amets, ezta ?
Bai, bai. Hori da helburu nagusia. Aurten, korrika hasterako zazpigarren nindoan nire adinekoen taldean, baina gero aurreratu ninduten. Plaza lortzetik 2 plazara geratu naiz.
Datorren urtean ziur, orduan?
Sekula ez da jakiten. Agian hurrengo urtean ez nago hain sasoi onean. Zaila da jakitea.
Epe motzera bestelako zein probak egiteko asmoa duzu?
Ekainaren 11n Zarauzko triatloian parte hartuko dut, eta hilabete bukaeran Alpeetara noa, bizikletarekin zazpi eguneko proba bat egitera. Iaz ere han izan ginen eta errepikatuko dugu. Uztailean Gasteizen jokatuko den distantzia luzeko Espainiako Triatloi Txapelketa egingo dut, eta ondoren, Galeseko Ironmana egitea pentsatzen ari naiz, baina hori, aurrerago erabakiko dut, indarra eta gogoaren arabera.
Beraz, triatloiez gain beste kirolak ere egiten dituzu. Prestakuntza gisa, edo bestela?
Denetik pixka bat, baina batez ere, pixka bat aireratzeko.
Igeri egin, korri edo bizikleta artean aukeratu behar izatekotan…
Bizikleta gustatzen zait gehien.
Gaur egun triatloietan dabilen pasaitar bakarra zara, baina honetan eskarmentu handia duen lagun bat duzu laguntzaile.
Bai, Xabier Lekuek laguntza handia eman izan dit beti. Orain bera kanpoan dago lanean, eta nire hirugarren urtea izanda nola jokatu soberan jakin beharko nukeela esaten dit, baina harremana mantentzen dugu.
Bai Lekuek eta bai zuk, biak arraunean hasitakoak zarete, ondoren triatloietara jauzi egiteko. Zer dute ba, bi kirol hauek komunean?
Ba, egia esan, kasualitatea izan da. Arraunean nenbilenean Xabier Lekuerekin ondo moldatzen nintzen. Ondoren, Lekue hasi zen honetan. Bestalde, esan behar da ni Mikel Astarlozaren koadrilakoa naizela, eta bizikleta betidanik gustuko izan dudanez, berarekin askotan ibiltzen nintzela bizikleta.
Dedikazioaren ikuspuntutik ez dira ba kirol xamurrak
Bai, hala da, koadrilan eta, beti gauza bera esaten didate, kirol gogor batetik are okerrago batera pasatu naizela.


