Atez atekoak merezi duela eta errauste plantarik ez dutela nahi diote ikasleek
Herriko Elizalde Herri Eskolako eta Haurtzaro Ikastolako ikasleen iritziz, atez ateko bilketak merezi du. Era berean, ikasturtean egindako lanaren bidez, ondorioztatu dute ez dutela errauste plantarik nahi. Hala jakinarazi zioten Aitor Etxeberria jarduneko alkateari pasa den ostiralean. Ikasturtea bukatzeko, Eskola Agenda 21eko ikasle ordezkariek Udal Foroa egin zuten alkatearekin. Ikasturtean zehar ikasgeletan landu dutena azaldu zioten, eta Udalari zenbait eskaera zehatz egin zizkioten, hondakinen kudeaketa hobetzeko. Horrez gain, euren konpromisoak zeintzuk diren ere azaldu zuten. Hondakinen gaia Aurten, iaz bezala, hondakinen gaia landu dute herriko bi ikastetxeetan. Iaz, atez ateko bilketa ezarri aurretik egin zuten lanketa, eta ikasleek gogorarazi zutenez, dudak zituzten atez atekoa ez zutelako ezagutzen, eta ez zekitelako zer izango zen. Aurten, berriz “atez ateko bilketa oso arrunta bihurtu da guretzat” nabarmendu zuten ikasleek: “Herria garbiagoa dago orain eta hondakin gutxiago bidaltzen dugu zabortegira”. Horrekin batera, jakinarazi zuten hondakinak tratatzeko hainbat sistema ezagutu dituztela, eta ez dutela errauste plantarik nahi. Ikasleek atez ateko bilketak herritarrei “ardura gehiago” eskatzen diela onartu zuten, “baina ahaleginak merezi du, eta lortzen ari garenak ilusioa pizten du”, adierazi zuten. Gainera, ikasgeletan konposta nola egiten den ikasi dute, Behemendirekin baserriko esnearen inguruko lanketa egin dute, euren hamaiketakoak aztertu dituzte eta atez ateko bilketa aztertu [...]
Herriko Elizalde Herri Eskolako eta Haurtzaro Ikastolako ikasleen iritziz, atez ateko bilketak merezi du. Era berean, ikasturtean egindako lanaren bidez, ondorioztatu dute ez dutela errauste plantarik nahi.
Hala jakinarazi zioten Aitor Etxeberria jarduneko alkateari pasa den ostiralean. Ikasturtea bukatzeko, Eskola Agenda 21eko ikasle ordezkariek Udal Foroa egin zuten alkatearekin. Ikasturtean zehar ikasgeletan landu dutena azaldu zioten, eta Udalari zenbait eskaera zehatz egin zizkioten, hondakinen kudeaketa hobetzeko. Horrez gain, euren konpromisoak zeintzuk diren ere azaldu zuten.
Hondakinen gaia
Aurten, iaz bezala, hondakinen gaia landu dute herriko bi ikastetxeetan. Iaz, atez ateko bilketa ezarri aurretik egin zuten lanketa, eta ikasleek gogorarazi zutenez, dudak zituzten atez atekoa ez zutelako ezagutzen, eta ez zekitelako zer izango zen. Aurten, berriz “atez ateko bilketa oso arrunta bihurtu da guretzat” nabarmendu zuten ikasleek: “Herria garbiagoa dago orain eta hondakin gutxiago bidaltzen dugu zabortegira”.
Horrekin batera, jakinarazi zuten hondakinak tratatzeko hainbat sistema ezagutu dituztela, eta ez dutela errauste plantarik nahi. Ikasleek atez ateko bilketak herritarrei “ardura gehiago” eskatzen diela onartu zuten, “baina ahaleginak merezi du, eta lortzen ari garenak ilusioa pizten du”, adierazi zuten.
Gainera, ikasgeletan konposta nola egiten den ikasi dute, Behemendirekin baserriko esnearen inguruko lanketa egin dute, euren hamaiketakoak aztertu dituzte eta atez ateko bilketa aztertu dute. Lanketa egin ondoren hainbat konpromiso hartu dituzte ikasleek, eta Udalari zenbait eskaera egin dizkiote, atez ateko bilketa hobetzeko.
Eskaerak
Atez ateko bilketa hobetzeko zenbait iradokizun egin zizkioten ikasleek ostiralean Udalari: “Jolasparkeetan zakarrontzi gehiago jartzea; postontzietan Propagandarik ez pegatinak jartzea; zintzilikailuentzako aterpea jartzea; ontzi arinak astean hirutan biltzea; Elizalde Eskolako konposta makina berriz martxan jartzea; Oiartzungo hondakin organikoarekin egindako konposta itzultzea…”.
Konpromisoak
Era berean, konpromisoak ere hartu dituzte ikasleek: “Papera aprobetxatuko dugu; zakarrontziak erabiliko ditugu; erosketetan hondakin gutxien sortuko dituzten produktuak erosiko ditugu; hamaiketako osasuntsua eta hondakin gutxi sortzen dituztenak egingo ditugu; birziklapena sustatzen jarraituko dugu…”. Argi utzi zuten atez atekoaren aldeko apustua: “Atez ateko bilketarekin jarraitu nahi dugu eta beste herrietan ere jartzea nahi dugu”.
Alkatearen erantzuna
Aitor Etxeberria alkateak, ikasleen eskaera eta konpromiso guztiak entzun ondoren, “egindako lanagatik berriz ere eskerrak” eman zizkien. Horrekin batera, iazko maiatzean Oiartzunen hondakinak atez ate biltzen hasi zirenetik, urtebetean %30 birziklatzetik %80 birziklatzera pasatu dela gogorarazi zuen Etxeberriak. Emaitza on horiek denen artean lortutakoak direla nabarmendu zuen alkateak.
Baina oraindik gauzak findu behar direla ere azaldu zuen, eta errieta txiki bat egin zien ikasleei: “Mesedez, asteburuetan litxarkeriak jaten dituzuenean, poltsak eta zakarrontzira bota; guk jarriko ditugu bai, baina erabiltzeko dira”.
Horrez gain, erronka bota zien ikasleei eta herritarrei: “Hau hasi besterik ez da egin, lanean jarraitu behar dugu: gehiago berrerabili, gehiago birziklatu eta gutxiago sortu. Hori da aurretik dugun erronka”.
Zazpigarren urtea
Zazpigarren ikasturtez landu dute Eskola Agenda 21 Elizalden eta Haurtzaron. Datorren ikasturtean ere jarraituko dute ekimenarekin. Aurretik, ordea, dagoeneko jarri dute beste hitzordu bat Udalarekin. Ostiralean egindako eskaerak erantzuteko, irailaren 23an bildu nahi dute Udaleko ordezkariekin, 10:00etan.
Aitor Etxeberriak alkateak ikasleei gogorarazi zienez, irailean ordezkari berriak izango ditu Udalak eta horiekin bilduko dira, erantzunak jasotzeko.


