Decabike Eguna egingo dute igandean Irunen, bizikletaren alde
Decabike Eguna egingo dute maiatzaren 29am Irunen. Udalaren, Decathlon saltokiaren eta Irungo Txirrundaritza Elkartearen ekimena da. Doan da, eta bizikletaren erabilera sustatzeko asmoa dute.
Lehenengo bizikletaren jaia egingo dute igandean Irunen. Udalak, Decathlonek eta Irungo Txirrindularitza Elkarteak (ITE) antolatu dute, eta Decabike goiburua jarri diote. Antolatzaileek publiko guztientzako festa izatea nahi dute, bizikleta garraiobide garbia, iraunkorra eta merkea dela adierazteko, eta lehia izaerarik gabeko mota askotako ekintzak antolatu dituzte horretarako.
Belen Sierra Kirol Patronatuko presidenteak onartu du Decathlon kirol saltokiak ideia proposatu zionean, ideia bikaina iruditu zitzaiola: “Gure helburu berberak dituzten ekimen guztiak sustatuko ditugu, eta hau halakoa da”. Sierrarentzat garrantzitsua da kirolaren praktika sustatzea bizitzeko ohitura gisa, “bai osasunak bai kirolak berekin dakartzan baloreak bultzatzeko”.
Parte hartzaileek 8,5 kilometroko ibilbidea egingo dute, Zabaltza plazatik abiatuta. Hiriko hainbat auzotatik pasatuko dira, eta erabilgarri dauden bidegorri eremuak erabiliko dituzte. Ekitaldiaren erdigunea Zabaltza plazan egongo da: abiatzea eta helmuga jasotzeaz gain, Bike Trial erakustaldia, bizikleta probak eta konponketa tailerra prestatuko dituzte. Horiez gain, bizikleta arloarekin harremanik ez duten beste jarduera batzuk egongo dituzte: mahai tenisa, porteria txikiak, saskibaloi saskiak…
Ola sagardotegian ere
Zabaltza plazako konponketa tailerraz gain, Ola sagardotegian beste bat muntatuko dute, ibilbidean zehar gerta litezkeen matxurak konpondu ahal izateko. Horrez gain, haizatze postu bat ere izanen da bertan.
Antolatzaileek parte hartzaile bakoitzari edaria eta janaria emango diete. Horregatik, ekintza doan bada ere, izena eman behar da larunbata baino lehen Decathlonen, edo www.operacionesdecathlon.es/decabike/ webgunean.

