Agus Cano: Apirilak 14
Agus Cano ezker abertzaleko zinegotzia. Ilusio handia egin zidan, bai. Orereta-Errenteriako Udalak, Errepublikaren 80. urteurrena zela-eta, EB-B udal-taldeak proposatuta eta Udalbatzaren gehiengoak hala erabakita, apirilaren 14an Errepublika berari eta ditxosozko altxamenduaren ondorioz geldiarazi zen Udalbatzari omenaldia egiteko asmoa zuen. Ilusio itzela. ‘Bazen garaia’ ere pentsatu nuen. Zinegotzi moduan ekimen hori egiterakoan nolabaiteko eragile izatea ere oso polita iruditzen zitzaidan. Orduko zinegotziek duten kale mailako aldarrikapenari, behingoz, aldarrikapen instituzionala gehituko zitzaion. Beno, ba, ez. Alkate honek, berrizere, bozeramaileen erabakia bete ez eta planteamendua bertan behera geratu da. Beraz, maiatzaren 22tik aurrera sortuko den Udalbatza berriari gaiari berriro heltzeko esatea besterik ez daukat. Nik herritar moduan, eta ez da gutxi…, parte hartu ahal izango nuke. Noski, oraingo legealdian zinegotzi izateagatik, ezin izan bainaiz hurrengo udalbatzarrean parte hartzeko zerrenda batean aurkeztu ere egin. Ezta nire udal-taldekideak ere. Kutsakorrak omen. Gure egoera paradoxikotzat jo daiteke. Herritarrek bozka eman ziguten EAE-ANV-ren zerrendan aurkeztuta. 80 urte bete berri dituen alderdi hau, Lehenengo Aberria eta gero Alderdia leloa lagun, Errepublika garaian eta ondorengo altxamenduaren aurkako borrokan lan handia egindakoa da. Horregatik legez kanporatu zuten, lehenengo aldiz, indar faxistek. Eta bigarrenez legealdi honetan bertan, 2008 urtean, PSOEren eskutik. Lau urte hauetan zehar, aitzakia moduan, behin baino gehiagotan entzun [...]
Agus Cano ezker abertzaleko zinegotzia.
Ilusio handia egin zidan, bai. Orereta-Errenteriako Udalak, Errepublikaren 80. urteurrena zela-eta, EB-B udal-taldeak proposatuta eta Udalbatzaren gehiengoak hala erabakita, apirilaren 14an Errepublika berari eta ditxosozko altxamenduaren ondorioz geldiarazi zen Udalbatzari omenaldia egiteko asmoa zuen. Ilusio itzela. ‘Bazen garaia’ ere pentsatu nuen. Zinegotzi moduan ekimen hori egiterakoan nolabaiteko eragile izatea ere oso polita iruditzen zitzaidan. Orduko zinegotziek duten kale mailako aldarrikapenari, behingoz, aldarrikapen instituzionala gehituko zitzaion.
Beno, ba, ez. Alkate honek, berrizere, bozeramaileen erabakia bete ez eta planteamendua bertan behera geratu da. Beraz, maiatzaren 22tik aurrera sortuko den Udalbatza berriari gaiari berriro heltzeko esatea besterik ez daukat. Nik herritar moduan, eta ez da gutxi…, parte hartu ahal izango nuke.
Noski, oraingo legealdian zinegotzi izateagatik, ezin izan bainaiz hurrengo udalbatzarrean parte hartzeko zerrenda batean aurkeztu ere egin. Ezta nire udal-taldekideak ere. Kutsakorrak omen.
Gure egoera paradoxikotzat jo daiteke. Herritarrek bozka eman ziguten EAE-ANV-ren zerrendan aurkeztuta. 80 urte bete berri dituen alderdi hau, Lehenengo Aberria eta gero Alderdia leloa lagun, Errepublika garaian eta ondorengo altxamenduaren aurkako borrokan lan handia egindakoa da. Horregatik legez kanporatu zuten, lehenengo aldiz, indar faxistek. Eta bigarrenez legealdi honetan bertan, 2008 urtean, PSOEren eskutik.
Lau urte hauetan zehar, aitzakia moduan, behin baino gehiagotan entzun dugu udaletxean legea beti betetzea ezinezkoa dela. Adierazpen deigarria Caesar-en emaztearen ikuspuntutik begiratuta. Horren harira, oraindik bete gabe dagoen lege bat aipatu eta, Udalbatza berriari proposamenak botatzen hasita, ez nuke ondoko beste hau ahaztu nahi: dagoeneko, araututa dago ikur frankistek gure paisaiatik desagertu behar dutela eta ez nuke esango orain arte inongo neurririk hartu denik. Beno, ba, kitto, legea bete eta ken ditzaten gure kaleetatik garai hartako adierazleak, gure herrian badira-eta, ugari.
Bukatzeko, etorriko direnentzat proposamenak bakarrik ez ditut nahi. Segituan eratuko den Udalbatzari zorte ona opa diot. Ongi esanak kontuan hartu eta gaizki esanak barkatu.

