Zabalo: “Gugan konfiantza jarri dute lezoar gehienek”
Herenegungo udal hauteskundeek argazki garbia utzi zuten Lezon: Bilduk bederatzi zinegotzi lortu zituen, EAJk hiru eta PSE-EEk bakarra. PPk, Aralarrek eta Ezker Batuak ez dute ordezkaririk lortu. Hauteskunde ondorengo aje egunean, ordezkaritza lortu duten alderdietako zerrendaburuek balorazioa egin dute. Bilduko Ainhoa Zabalorentzat emaitza «positiboa» izan da, “lezoar gehienek guregan jarri dutelako konfiantza”. Bilduko kideak “ilusio eta gogoz beteta” daudela adierazi du Zabalok, “eta gure indar guztiak jarriko ditugu”. Lezorentzako “ezkerrekoa eta abertzalea” den eredua nahi dute Bildukoek, “Udal demokratiko batekin”. Horrela, hainbat lan ildo azaldu ditu Zabalok: “Garapen eredu iraunkorra bilatu nahi dugu, Jaizkibel eta Gaintxurizketako nekazal lurrak babestuko ditugu, badiaren benetako birgaitzea eta portu eredu berri bat bilatu nahi ditugu”. Horrez gain, kalean euskararen erabilera bultzatuko dutela adierazi du, baita elkarteekin elkarlanean ariko direla ere. Gazteek herrian parte hartzea sustatuko dutela ere esan du Zabalok. “Guztiontzat bizi baldintza duinak nahi ditugu, beste gauza askoren artean”, gaineratu du, “eta lan handia egiteko daukagun arren, horrek ez gaitu kikiltzen eta hementxe gaude horretarako”. Beste ordezkariak Lezoko Udalean ordezkaritza lortu duten beste bi zerrendek oposiziotik lanean egingo dutela jakinarazi dute, “orain arte bezala”. PSE-EEk Lezon atera duen ordezkari bakarrak, Mikel Antxon Arrizabalagak, emaitzen balantzea egin du: “Egia esan, ez dago irakurketa handia [...]
Herenegungo udal hauteskundeek argazki garbia utzi zuten Lezon: Bilduk bederatzi zinegotzi lortu zituen, EAJk hiru eta PSE-EEk bakarra. PPk, Aralarrek eta Ezker Batuak ez dute ordezkaririk lortu.
Hauteskunde ondorengo aje egunean, ordezkaritza lortu duten alderdietako zerrendaburuek balorazioa egin dute. Bilduko Ainhoa Zabalorentzat emaitza «positiboa» izan da, “lezoar gehienek guregan jarri dutelako konfiantza”. Bilduko kideak “ilusio eta gogoz beteta” daudela adierazi du Zabalok, “eta gure indar guztiak jarriko ditugu”.
Lezorentzako “ezkerrekoa eta abertzalea” den eredua nahi dute Bildukoek, “Udal demokratiko batekin”. Horrela, hainbat lan ildo azaldu ditu Zabalok: “Garapen eredu iraunkorra bilatu nahi dugu, Jaizkibel eta Gaintxurizketako nekazal lurrak babestuko ditugu, badiaren benetako birgaitzea eta portu eredu berri bat bilatu nahi ditugu”.
Horrez gain, kalean euskararen erabilera bultzatuko dutela adierazi du, baita elkarteekin elkarlanean ariko direla ere. Gazteek herrian parte hartzea sustatuko dutela ere esan du Zabalok. “Guztiontzat bizi baldintza duinak nahi ditugu, beste gauza askoren artean”, gaineratu du, “eta lan handia egiteko daukagun arren, horrek ez gaitu kikiltzen eta hementxe gaude horretarako”.
Beste ordezkariak
Lezoko Udalean ordezkaritza lortu duten beste bi zerrendek oposiziotik lanean egingo dutela jakinarazi dute, “orain arte bezala”. PSE-EEk Lezon atera duen ordezkari bakarrak, Mikel Antxon Arrizabalagak, emaitzen balantzea egin du: “Egia esan, ez dago irakurketa handia egiterik. Orain dela lau urte bezala, zinegotzi bakarra lortu dugu eta Bilduk ANVk baino bat gehiago, nahiz eta parte hartzeak jaitsi den. Oposiziotik lan egiten jarraituko dugu”. Hori bai, Udal Gobernu Taldeak beste jarrera bat edukitzea espero du Arrizabalagak: “Espero dut sartzen direnek jarrera irekiago bat edukitzea”.
EAJk ere oposizioan jarraituko du lau urte gehiago. Zerrendaburu Kepa Garbizuk balantze txiki bat egin du, emaitzak sakon aztertu gabe. “Gauzek bere horretan” jarraitzen dutela adierazi du jeltzaleak, “baina Ezker Batuaren desagerpenarekin”. Horregatik, “oposizioan jarraitzea beste erremediorik” ez dutela adierazi du. Bilduk irabazi izana espero zutela esan du Garbizuk: “Bagenuen susmo hori. Bat gehiago atera dute, baina indar erlazioak berdin jarraitzen dute. Oposizioa eta gobernua zeintzuk izango diren oso argi geratu da”.