Bildurena da Oarsoaldea, eta Irunen itunen menpe daude
Oarsoaldean eta Bidasoan oso errealitate politiko ezberdinak daude. Hori agerian gelditu zen atzoko udal hauteskundeetan. Oarsoaldean Bildu efektua geldiezina izan zen, eta Errenteria-Oreretan koalizioak izan duen garaipen historikoa –1983tik zegoen PSE-EE agintean– da horren adierazgarri. Irunen eta Hondarribian, berriz, aurretik agintean zeuden alderdiek irabazi dituzte hauteskundeak, PSE-EEk eta EAJk hurrenez hurren. Hori bai, PSE-EEk Irunen ia 3.000 bozka galdu ditu –eta hiru zinegotzi–, eta Jose Antonio Santanok laguntza beharko du Gobernu Talde sendoa osatzeko.
Oarsoaldean, Lezon eta Oiartzunen gehiengo osoa lortu du Bilduk. Garaipen oso garbiak izan ditu Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta independenteek osatutako koalizioak, eta datozen lau urtean Gobernu Talde sendoak izango dituzte. Oiartzunen, 2007an EAJrekin koalizioan joan zen EA OiartzunBairen barruan, eta orduan koalizioak lortu zituen bost zinegotzietara ez dira iritsi EAJ eta H1!: hiru lortu dituzte bien artean, Bilduren hamarren aurrean. Oiartzunen deigarria izan da Hamaikabatek (H1!) zinegotzi bakarra lortu izana, OiartzunBairen zatirik eraginkorrena EAtik eratorritakoa baitzen.
Pasaian, bestalde, gehiengo birtuala du Bilduk. Bertako hamazazpi zinegotzietatik zortzi dira koalizioarenak, hau da, gehiengotik zinegotzi bakarrera gelditu da Amaia Agirregabiria buru izan duen zerrenda. PSE-EEk bi zinegotzi galdu ditu 2007ko datuekin alderatuz (hiru dituzte orain), eta azken legegintzaldian oposizioko alderdi aktiboena izan denak hausnartu beharko du zein motako oposizioa egin, izan ere, EAJrekin –bi zinegotzitik hirura pasatu da Nahikari Oterminen alderdia– aulkietan berdindura baitago. PPk ordezkaritza bikoiztu du Pasaian (bi zinegotzi) eta Xabier Pombok (EB) doi-doi jarraituko du zinegotzi izaten. Miriam Cano (H1!), zortzi urteren ondoren, kargurik gabe gelditu da.
Sukalde lana Errenterian
Garaipen historikoa lortu zuen herenegun Errenteria-Oreretan Bilduk. Zaila zirudien Juan Carlos Merino buru zuen PSE-EE Alkatetzatik kentzea, baina herenegungo emaitzen arabera, Bildu izango da datozen lau urteetan Errenteriako Udalaren kudeatzailea.
Hala ere, zinegotzi bateko aldea du Bilduk PSE-EEren aurrean. Botoen aldea 1.331koa bada ere, alde hori, eserlekuei dagokionez, bakarrera mugatu da. Horrek honakoa esan nahi du: Gobernu Talde sendoa osatzeko beste alderdiekin itunak egin beharko dituela Bilduk. Horretarako bi aukera ditu: EAJrena eta EBrena. Hasteko, EB, Errenteriako Udalean aldaketa erraztearen alde agertu da. EAJren jarrera ikusi beharko da zein den. Horrek zerikusia izango du Euskal Herri mailan PSE-EEk eta EAJk egin ditzaketen negoziazioen emaitzekin.
Hala, PSE-EEk, Eusko Legebitzarrean bezala, PPrekin akordioa egiteko aukera du. Bi alderdien artean Bilduk baino zinegotzi bat gehiago izango lukete. Aukera hori ez da baztertu behar, baina balizko itun hori egin ala ez, Errenteria-Oreretatik kanpo erabakiko da.
Sukalde lan handia egin beharko dute Errenteria-Oreretako alderdiek ekainaren 11 baino lehen: egun horretan izendatuko dituzte alkateak eta herri guztietako zinegotziak.
Irun eta Hondarribia
EAJ indartu egin da Hondarribian. Sei zinegotzitatik, zortzira pasatu da. Hau da, Aitor Kerejetak bere lidergoa indartu du, eta azken lau urteetan egin duen gestioa babestu dute hondarribiarrek. Bildu izan da Hondarribiko bigarren indarra bost zinegotzirekin, eta PSE-EE hirugarrena birekin. PPk eta Hamaikabatek zinegotzi bana lortu dute. Ondoriozta daiteke aurreko legegintzaldian EAk zituen lau zinegotzietatik bi EAJra joan direla, eta beste bi Bildura (EAE-ANVren zerrendak hiru zinegotzi lortu zituen 2007an). Hala, eta gehiengo zabala duen arren, H1ekin akordioa egiteko aukera du EAJk gehiengo osoko Gobernu Taldea eratzeko.
Irunen PSE-EEk irabazi du, baina 2007an baino ia 3.000 boto gutxiagorekin. Horrek honakoa esan nahi du: 25 zinegotzietatik bederatzi direla Jose Antonio Santanoren alderdikoak, eta Irunerako erabaki estrategikoak hartzeko beste alderdien babesa beharko duela. EAJk, Bilduk eta PPk bosna zinegotzi lortu dituzte. Oposizioan, beraz, inoiz baino kolore gehiago daude Irunen, inoiz baino indar handiagoarekin.