Bilduren ateak zabalik “Pasaian erabaki nahi dutenentzat”
Pozik batzuk eta burumakur beste hainbat. Horiexek hauteskundeen biharamunean hautagaien balorazioetan atzemandakoak. Datuen irakurketaren gainean lehen balorazioa egiteko eskatzean esandakoak irakur daitezke ondorengo lerrotan. Agirregabiria: “Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu” “Astindu ederra eman dugu. Hori argi dago. Aurreikuspen guztiak gainditu dira eta oso pozik gaude. Eskertu nahi diegu gurekin batera lanean aritu diren pertsona guztiei, beraiei esker iritsi garelako gauden lekuraino. Pasaia eta pasaitarrei eman behar zaie eskerrak. Garaipena pasaitar guztiona izan da. Pasaiak erabaki du zer udal ordezkaritza nahi duen. Orain arte, udal indartsu bat egon da Pasaian, eta udal indartsu bat jarraituko du egoten. Guk printzipioz ez dugu asmorik inorekin itunik egiteko, ez dugu behar ere ez, baina gure postulatuekin bat egiten dutenentzako ateak zabalik ditugu. Pasaian eraiki eta erabakitzen dena errespetatua izan dadin nahi dugu eta horrekin bat egiten duten guztiek ateak irekiak izango dituzte. Hori argi eta garbi esango dugu hasieratik”. Izaskun Gomez: “Krisiak eragin digu, asko eragin ere” “Lehenik eta behin, Bildu zoriondu nahiko nuke lortu dituzten emaitzengatik. Bidezkoa da, eta hori esan nahi nuke lehenik. Bigarrenik esan PSE-EEren emaitzak txarrak izan direla. Ezin dira aitzakiarik jarri. Ez genituen halako emaitzak aurreikusten. Guk uste genuen Euskadin krisiaren eragina ez zigula Espainiako beste tokitan bezain beste eragingo, [...]
Pozik batzuk eta burumakur beste hainbat. Horiexek hauteskundeen biharamunean hautagaien balorazioetan atzemandakoak. Datuen irakurketaren gainean lehen balorazioa egiteko eskatzean esandakoak irakur daitezke ondorengo lerrotan.
Agirregabiria: “Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu”
“Astindu ederra eman dugu. Hori argi dago. Aurreikuspen guztiak gainditu dira eta oso pozik gaude. Eskertu nahi diegu gurekin batera lanean aritu diren pertsona guztiei, beraiei esker iritsi garelako gauden lekuraino. Pasaia eta pasaitarrei eman behar zaie eskerrak. Garaipena pasaitar guztiona izan da.
Pasaiak erabaki du zer udal ordezkaritza nahi duen. Orain arte, udal indartsu bat egon da Pasaian, eta udal indartsu bat jarraituko du egoten. Guk printzipioz ez dugu asmorik inorekin itunik egiteko, ez dugu behar ere ez, baina gure postulatuekin bat egiten dutenentzako ateak zabalik ditugu. Pasaian eraiki eta erabakitzen dena errespetatua izan dadin nahi dugu eta horrekin bat egiten duten guztiek ateak irekiak izango dituzte. Hori argi eta garbi esango dugu hasieratik”.
Izaskun Gomez: “Krisiak eragin digu, asko eragin ere”
“Lehenik eta behin, Bildu zoriondu nahiko nuke lortu dituzten emaitzengatik. Bidezkoa da, eta hori esan nahi nuke lehenik. Bigarrenik esan PSE-EEren emaitzak txarrak izan direla. Ezin dira aitzakiarik jarri. Ez genituen halako emaitzak aurreikusten. Guk uste genuen Euskadin krisiaren eragina ez zigula Espainiako beste tokitan bezain beste eragingo, baina ez da horrela izan. Eragin digu, asko eragin ere.
Pasaiari dagokionez esan, gure botoak ez direla beste indar politikoengana joan. Abstentzioan geratu dira, beraz, lehen irakurketa da, gu zigortzeko modua etxean geratzea izan dela. Beste hainbatetan botoak PPra joan izan dira, baina oraingoan ez da horrelakorik izan. Premiazko balorazio batean horiek nabarmendu daitezke: emaitza txarrak dira; herritarrek zigortu gaituzte krisiaren ondorioz hartu behar izan diren neurriengatik eta guk espero ez genuen arren, horrek kalte egin digu. Edonola ere emaitzak tentu handiagoz aztertu beharko dira, eta hala egingo dugu”.
Otermin: “Duela lau urteko emaitzak hobeto ditugu”
“Pasaiako EAJk hauteskunde hauen balorazioa positiboa dela pentsatzen du. Duela lau urteko emaitzak hobetu egin ditugu bai zinegotzi kopuruan eta bai boto kopuruan ere, eta honek goranzko progresio batean gaudela pentsarazten digu. Emaitzek orain arte lanean jardun izan dugun bezala aritzeko aukera ematen digute.
Guk Pasaiarentzako egingo dugu lan. Pasaia, eta ondorioz pasaitarron bizitza hobetzen duten ideiak eta proiektuak eskaintzen dituzten taldeekin elkarlanean aritzeko asmoa dugu, pasaitarrak direlako botoaren bidez guregan konfiantza jarri dutenak. Eta beti ere ahaztu gabe gu garela pasaitarren zerbitzura gaudenak. Pasaitar guztien zerbitzura. Gu bozkatu gaituzten pasaitarren zerbitzura, eta baita gu bozkatu ez gaituztenenen zerbitzura ere”.