“Kanpo kaiak onurak ekarriko dizkio eskualdeari”
Mikel Antxon Arrizabalaga (Errenteria-Orereta, 1955) PSE-EEko zinegotzi bakarra da laster bukatuko den legegintzaldian. Igandeko hauteskundeetan ordezkaritza handitzea espero du Agirrezabalagak. Zeintzuk izango dira Lezoko PSE-EEren hautagaitzaren lan ildoak? Egoera ekonomikoak arduratzen gaitu, batez ere. Udalek ez dituzte eskumen asko, baina lagundu dezakete. Lezon hainbat urtetan ez dute industriagunerik garatu, ez da zabaldu: berrienak hogei urte ditu. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak langabetuak kontratatzeko dituen programak aprobetxatu behar dira, baita ikastaroak ere. Zein beste esparru landuko dituzue? Etxebizitza arloan, hitzarmenak bultzatuko ditugu eta, horrela, Aralar kalean zuzkidurazko 50 apartamentu eraikitzea bultzatuko dugu. Kopuru ona da hori eta espero dugu legegintzaldi honetan hori betetzea. Eraikin horretako lokalean haurtzaindegia jarri behar da, orain dagoen lekutik atera behar dela esanez urte asko daramazkigulako. Bakea ere gure lan ildoetako bat izango da. Hurbil dago, baina denen ahalegina behar du, baita ezker abertzalearena ere. Hautagaitzaren aurkezpenean esan zenuen hezkuntza publikoa sustatu nahi duzuela, besteak beste. Bai. Zentzu horretan, Herri Eskolako jangela udara ondoren bukatuta egongo da eta hurrengo ikasturtean erabilgarria izango da. Herri Eskolaren beste arazoak konpondu behar dira. Guk, batez ere, egokitasuna bultzatuko dugu. Ikasle gehiago jaso nahi badituzte, eraikin eraberritu behar da nahi eta nahi ez. Gizarte Zerbitzuei dagokionez, Auñamendi kalean Udalak lokal bat egokitu zuen. [...]
Mikel Antxon Arrizabalaga (Errenteria-Orereta, 1955) PSE-EEko zinegotzi bakarra da laster bukatuko den legegintzaldian. Igandeko hauteskundeetan ordezkaritza handitzea espero du Agirrezabalagak.
Zeintzuk izango dira Lezoko PSE-EEren hautagaitzaren lan ildoak?
Egoera ekonomikoak arduratzen gaitu, batez ere. Udalek ez dituzte eskumen asko, baina lagundu dezakete. Lezon hainbat urtetan ez dute industriagunerik garatu, ez da zabaldu: berrienak hogei urte ditu. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak langabetuak kontratatzeko dituen programak aprobetxatu behar dira, baita ikastaroak ere.
Zein beste esparru landuko dituzue?
Etxebizitza arloan, hitzarmenak bultzatuko ditugu eta, horrela, Aralar kalean zuzkidurazko 50 apartamentu eraikitzea bultzatuko dugu. Kopuru ona da hori eta espero dugu legegintzaldi honetan hori betetzea. Eraikin horretako lokalean haurtzaindegia jarri behar da, orain dagoen lekutik atera behar dela esanez urte asko daramazkigulako.
Bakea ere gure lan ildoetako bat izango da. Hurbil dago, baina denen ahalegina behar du, baita ezker abertzalearena ere.
Hautagaitzaren aurkezpenean esan zenuen hezkuntza publikoa sustatu nahi duzuela, besteak beste.
Bai. Zentzu horretan, Herri Eskolako jangela udara ondoren bukatuta egongo da eta hurrengo ikasturtean erabilgarria izango da. Herri Eskolaren beste arazoak konpondu behar dira. Guk, batez ere, egokitasuna bultzatuko dugu. Ikasle gehiago jaso nahi badituzte, eraikin eraberritu behar da nahi eta nahi ez.
Gizarte Zerbitzuei dagokionez, Auñamendi kalean Udalak lokal bat egokitu zuen. Gu ez ginen ados kokapenarekin, baina Aldundiak Eguneko Zentro hori azkar jarri behar du martxan. Hori izango da legegintzaldiko beste erronketako bat.
Hirigintza aldetik, aparkalekuak falta dira Lezon eta lur azpian egin nahi ditugu. Bidegorria sarea luzatu behar da. Kulturaren aldetik, berriz, kultur etxe berria egin behar da. Dagoena oso polita da, baina nahiko zaharkituta dago eta ez da oso egokia. Alderdi guztien artean adostu behar dugu kultur etxe berria.
Kanpo kaiaren alde egin duzue.
Badakit Lezon jende asko kezkatuta dagoela ingurumenean izango duen eraginarekin, baina ez dut eraginik izango. Uste dugu proiektu horrek onura ekarriko diola bai eskualdeari, bai Gipuzkoari. Ekonomikoki portu batek eragin handia du inguruan. Bestalde, oraingo portuaren gaitasunak ez du gehiago emango, dagoena dagoelako. Kanpo kaia egitean, badia biziberrituko da eta Lezo badiara irekiko da. Gainera, beste instalazioak desagertuko dira, termika adibidez.
Udal Gobernu Taldeari leporatzen diogu proiektu hori ukatzea eta bizkarra ematea. Kanpo kaia egin ala ez, ez da Lezoren erabakia izango. Guk esan dezakegu nolakoa nahi dugun, baina hori ez da konpontzen ‘ez, ez dugu nahi eta kitto’ esanez. Proiektuan sartu behar da eta Lezoren interesak defendatu behar dira.
Legegintzaldi honen zein balantze egiten duzu?
Kaxkarra eta oportunista izan da. Gu ez gaude ados hirigintza planarekin. Iruditzen zaigu berritu behar zela, baina ez zaigu gustatzen. Algeposan kokatzen dira etxe berri gehienak —300 bat etxebizitza egingo dituzte fabrikaren ondoan— eta ez dago hitzarmenik enpresarekin, eta, gainera, ez zaigu toki egokiena iruditzen.
Etxebizitzen arloan, S-1 sektoreko etxeak bakarrik gauzatu dituzte. Dentsitate baxuko gunea da eta nahiko garestiak dira etxeak. Ahalegina egin dute bertan etxebizitza tutelatuak egiteko, baina muino batean egonda, etxeorratz zaharrak dirudite.
Bestalde, Espainiako Gobernuaren Herri Lanetarako Funtsak 1,5 milioi euro utzi ditu Lezon eta Udal Gobernu Taldeak mespretxatu egin ditu. Gainera, lau langile bakarrik kontratatu dituzte.
Nola izan da gehiengo osoarekin oposizio lanetan aritzea?
Txarra. Espero dut hauteskunde hauetan gehiengo osorik ez egotea, ez litzatekeelako komenigarria izango Udalarentzat ezta biztanleentzat.
Zenbat zinegotzi aterako dituzuela uste duzu?
Gure helburua hiru ateratzea izango da. Hala ere, bi ateratzea ondo egongo litzateke ere.
Aurrekanpainako azken momentura arte Bildurekin gertatu dena zer iruditu zaizu?
Auzitegi Konstituzionalaren erabakia ondo iruditzen zait. Hobeto izango da guztiontzat epai hori. Bakearen alde izango da erabakia. Bakearen bidea ez da perfektua izango, bere gauzak eta iskanbilak izango ditu. Aurrerapenak eta atzerapenak izango ditu izango ditu bakegintzak, baina nik uste dut bakegintzaren eskaileraren beste maila bat igo dela erabakiarekin.


