“2007ko programaren %90 baino gehiago bete dugu”
Aitor Kerejeta Hondarribiko EAJren alkategaia Aitor Kerejetak (Hondarribia, 1972) lehen legegintzaldia bete du alkate moduan. Berriro alkate izateko aurkeztu da EAJko zerrendaburu. Agenda okupatua du Kerejetak, alkate eta hautagai moduan. Hitza prentsaurreko baten ondoren eta beste elkarrizketa baten aurretik izan da Kerejetarekin, Hondarribiko Kai Zaharrean. Bitartean, Hondarribin 74 urte daramatzan kantabriar bat hurbildu zaio alkateari. Estimu handia dio, hiru aldiz luzatu baitio eskua. Zein lan ildo proposatzen ditu EAJk datozen lau urtetarako? Proposatzen dugun lehenengo gauza da dena idatzita jasotzea izatea. Orain dela lau urte hautagai berriak aurkeztu ginen eta programa batekin aurkeztu ginen: beltza zuriaren gainean, esaten den bezala. Lau urteren ondoren, nahi duenak irakur dezake proposatzen genuena eta egin duguna. Nahi duenarekin prest nago konparatzeko. Idatzita egoteaz gain, gauza zehatzak dira guk proposatzen ditugunak. Nabaritzen ari naiz gainontzeko alderdi politikoak orokortasunean hitz egiten ari direla: ‘enplegua hobetu behar da’, ‘aparkalekua hobetu behar da’… Hori nabarmena da. Ideiak azaldu behar dira, gero proiektuak eta, hirugarrenez, horiek egiteko ahalmena eduki behar da. Herritar bezala, etxean jaso dudan publizitate guztia diptikoak eta triptikoak izan dira. Oso zaila iruditzen zait horrelako paperetan lau urteko lana sartzea. Guk hamar lan ildo ditugu. Adibidez, guk diogu hezkuntza hobetu behar dela: ikastetxe publikoak beste eraikuntza [...]
Aitor Kerejeta Hondarribiko EAJren alkategaia
Aitor Kerejetak (Hondarribia, 1972) lehen legegintzaldia bete du alkate moduan. Berriro alkate izateko aurkeztu da EAJko zerrendaburu.
Agenda okupatua du Kerejetak, alkate eta hautagai moduan. Hitza prentsaurreko baten ondoren eta beste elkarrizketa baten aurretik izan da Kerejetarekin, Hondarribiko Kai Zaharrean. Bitartean, Hondarribin 74 urte daramatzan kantabriar bat hurbildu zaio alkateari. Estimu handia dio, hiru aldiz luzatu baitio eskua.
Zein lan ildo proposatzen ditu EAJk datozen lau urtetarako?
Proposatzen dugun lehenengo gauza da dena idatzita jasotzea izatea. Orain dela lau urte hautagai berriak aurkeztu ginen eta programa batekin aurkeztu ginen: beltza zuriaren gainean, esaten den bezala. Lau urteren ondoren, nahi duenak irakur dezake proposatzen genuena eta egin duguna. Nahi duenarekin prest nago konparatzeko. Idatzita egoteaz gain, gauza zehatzak dira guk proposatzen ditugunak. Nabaritzen ari naiz gainontzeko alderdi politikoak orokortasunean hitz egiten ari direla: ‘enplegua hobetu behar da’, ‘aparkalekua hobetu behar da’… Hori nabarmena da. Ideiak azaldu behar dira, gero proiektuak eta, hirugarrenez, horiek egiteko ahalmena eduki behar da. Herritar bezala, etxean jaso dudan publizitate guztia diptikoak eta triptikoak izan dira. Oso zaila iruditzen zait horrelako paperetan lau urteko lana sartzea. Guk hamar lan ildo ditugu. Adibidez, guk diogu hezkuntza hobetu behar dela: ikastetxe publikoak beste eraikuntza bat behar du. Non? Muliaten. Kiroletan instalazioak hobetzea proposatzen dugu: arraun elkartearenak, emaitza onak ematen ari den Amutekoak bezala. Plan estrategikoak ere behar ditugu: Zubietako parke teknologikoa esaterako. Gipuzkoan enplegu aldetik egingo den apostu garrantzitsuena da. Miramongo parke teknologikoa handitu behar da. Eurekin hitz egin dugu, bertako administrazio kontseiluko EAJko kideak ere esaten ari dira Zubietan joan behar duela eta Espainiako Kongresuko jeltzaleen ordezkaritzak ere bi milioi euro negoziatu ditu Zubietako lur eremuak erosteko. Garraio publikoan ere badago eztabaida bat: metroa ala tranbia.
Zuek tranbia proposatu duzue.
Bai. Herritarren artean gauza kuriosoa gertatzen da. Batzuek ez dute ulertzen nik, alkate bezala, metrorik ez dudala nahi. Metroa lur azpitik joango da, ez dio kalterik egingo herriari eta, gainera, jendeak esaten duen bezala, ‘ordaindu egiten didate’. Baina politikak ezin du horrela funtzionatu. 160 milioi euroko egitasmoaz ari gara hitz egiten, Irun eta Hondarribiko zatiei dagokienean. Krisi garaian diru asko da hori, eta lurrazaleko tranbia behar dugu, bi hiriak komunikatzen dituenak eta gero Irungo intermodalarekin lotuta, Donostiara joateko. Irun eta Hondarribia arteko errepidea da Gipuzkoan trafiko gehien duen bigarrena.
Merkeagoa izango al litzateke?
Metroari dagokionez, ikerketek esaten dute 40 milioi euroko izango lukeela kilometro normal bakoitzak —Jaizubiako erreka azpitik pasatu behar duela kontatu gabe— eta tranbiak, berriz, 15-18 milioi balio ditu.
Legegintzaldiaren zein balantze egiten duzu?
Egun hauetan entzuten ari naiz Udalak turistentzat bakarrik egiten duela lan. Hori diotenek, esango al zenidakete proiektu bakar bat turistentzat egina dena? Lau urte hauetan haurtzaindegia egin dugu, naturaren eta historiaren intepretazio guneak, Psylociberentzat lokal berriak, oraindik obretan dagoen kultur etxea, Itsas Etxearen handitzea, Harresilanda, hirigintza biziberritzeak… Proiektu horiek norentzat dira? Guretzako! Hemen bizi garenok erabiltzen ditugu. Pixka bat nekatuta nago hauteskunde kanpainetan solgan eta leloekin ibiltzea. Proiektuak aurkeztu behar dira. Eta ez bakarrik aurkeztu, baizik eta nola egin nahi duten. Orain dela lau urte hitza eman genuen eta orain programaren %90 baino gehiago bete dugu. Esan dezaket, harrotasunez gainera, esandakoa bete dugula. Gauzak hobeto egin daitezke, noski, bizitzako gauza guztietan bezala. Baina gehiago? Ez dut uste. Gainera, krisi ekonomiko garaian gaude eta Udalaren inbertsio maila ez da jaitsi. Udalaren gaur egungo egoera ekonomikoa duela lau urtekoarekin alderatzen badugu, berbera da. Badago kudeaketa eredu bat Udalean: gure familiakoaren berbera da. Ehun euro baditugu, ez ditugu 101 gastatzen, hortik behera baizik. Dirua aurreztu behar dugu, gero inbertsioak egiteko. Horrela ulertzen ditugu Udala eta hiria.
Udalaren egoera ekonomikoa, beraz, ona da?
Bai, bai. Udalak ez du inongo zorrik eta datozen urtetan inbertsioak egiteko dirua badu. Adibidez, Soroetako berritzerako edo Azken Porturako. Horietarako dirua jarrita dugu jadanik. Hori bai, gauza askori esan behar izan diogu ezetz, baina ez dugu gastatu duguna baino gehiago gastatu. Azken bi urtetan, gainera, ez dugu ez tasarik ez zergarik igo. Gure soldatak eta langileenak jaitsi ditugu. Ez dira neurri errazak, baina egin behar dira.
Zuek Donostia kalean proposatzen duzue parkina, beste batzuek Ugarten. Zergatik?
Politika egiteko era dago hor. Aurreproiektu batera iristen ez den zerbait da parkinarena. Zinegotzi batek, ostiral batean, informazioa eskatu zidan aparkalekuari buruz. Hurrengo astelehenean prentsaurreko bat eman zuen irudiekin eta guzti aparkalekua kritikatuz. Hori politika egiteko era bat da, eta ez naiz horretan sartuko. Portuak lurrazpiko parkina behar du, bizilagunentzat eta hori portuaren proiektuarekin batera dator. Autoak nonbait sartu behar ditugu, horretan denak ados gaudela uste dut. Saiatu ginen Benta azpian egiten parkina, baina aurrekontua ikaragarri handia zen, besteak beste, lurra ez delako gurea eta trafikoa herrigunean sartuko genukeelako. Donostia kalean hobeto da: lurra gurea da, errazagoa da obra eta, gainera, trafikoa ez genuke herrian sartuko. Biteritik etorriko litzateke, Donostia kalean sartu eta bertatik Sokoara aterako litzateke. 600 aparkaleku dituen parkina da. Portuan daude herriko komertzio eta tabernarik gehienak eta logikoa da aparkalekuak hor egon behar duela pentsatzea. Baina 2011n egin dugun aurrekontuan ikerketak egiteko partida sartu dugu bakarrik. Lehendabizi bizilagunekin egon behar dugu, merkatariekin, gero zehaztu behar dugu… Pixkanaka joan behar dugu. Baina komunikabideen bitartez egitea ezinezkoa da.
Zenbat zinegotzi aterako dituzue?
Ufa! [barreak]. Aurrekoan sei zinegotzi atera genituen. Espero dut hautesleek gure lana baloratzea. Ez hori bakarrik, baita nola egin dugun ere. Bi buelta eman dizkiot herriari, auzoz auzo, gure lana azaltzen. Inoiz ez dut sinisten inkestetan. Jendea hurbiltzen zait esanez ‘irabaziko duzue’, baina kontuz, beste alderdietako guztiak joaten dira bozkatzera eta nik ere nahi dut nireak denak joan daitezen.
Bukatzeko, Udaletik haratago doan gai bati helduta. Zer iruditzen zaidu aurrekanpainan Bildurekin gertatu dena?
Eskerrak konpondu dela antolatutako sarraski hori guztia. Eskerrak Bildu gurekin dagoela hauteskundeetan. Lehendabiziko atal hori bukatuta, egin behar dutena da gure herrirako zein proiektu nahi dituzten idatzita jasotzea eskatzen diet, baita nola gauzatu nahi duten ere. Baina horretaz gain, albiste oso pozgarria da demokraziarentzat. Etorkizunerako zein gure Euskal Herri maiterako aurrerapauso ikaragarria izan da. Gauza asko ahaztu behar ditugu etorkizunean, denek aldetik, eta abertzaletasunaren baitan pausoak elkarrekin enateko gai izan behar gara. Ez da egun batetik besterako kontua izango. Tamalez, 30 urteren ondoren argi geratu da indarkeriak ez duela balio. Pena da, zeren hainbat hildako izan dira, espetxeratu asko izan dira.