Zortzikoteen doinuak berreskuratuz
Otxoteen doinuek girotuko dituzte igandean Errenteria-Oreretako bost taberna eta kaleak. Izan ere, Errrenteria Hiria Otxote Topaketa ospatuko dute etzi. Niessen elkarteak antolatu du otxoteen topaketa. Adierazi dutenez, Euskal Herrian bakarrik Kanbon (Lapurdi) egiten dute antzeko txapelketa bat. Errenteria-Oreretan bost ariko dira: herriko Karnaba, Arrasateko Txorbela, Martuteneko Ozenki, Baionako Aizkoa eta Donostiako Gaztelupe. Azken hori Gipuzkoako zaharrena da. Karnaba otxoteko kide eta antolatzaile Alberto Mendigutxiak azaldu duenez, «abesteko ohitura galtzen ari da pixkanaka. Nahikoa otxote daude oraindik, baina batez besteko adina igotzen ari da». Ohiturak berreskuratzeko ahalegina dela diote Niessen elkartekoek. Ekitaldiak 12:15ean hasiko dira, bost tabernetan (Limerick, Cyne Reyna, Batzokia, Juli eta Maite) batera. Otxote bana egongo da bertan eta hiruna kanta abestuko dituzte. Uxuala edateko tartea hartu eta hurrengo tabernara joango dira otxoteko kideak. Bost tabernetan izango dira, ordu erdiro aldatuz. 14:30ean, berriz, bazkaria egingo dute Niessen elkartean (ez da abestirik faltako, noski). 18:00etan saio serioa egingo dute Errenteria Hiria kulturgunean. Sarrera doan da. «Goizeko saioetarako abesti folklorikoak ekarri dituzte, baina arratsalderako errepertorio zaila ekarri dute. Harrituta gaude», esan du Mendigutxiak. Saio hori parte hartuko duten otxoteen kalitatea neurtzeko balio duela esan dute antolatzaileek. Musikaste indartzeko Otxoteen topaketa igande honetan antolatzea ez da kasualitatea. Izan ere, bihar hasiko da [...]
Otxoteen doinuek girotuko dituzte igandean Errenteria-Oreretako bost taberna eta kaleak. Izan ere, Errrenteria Hiria Otxote Topaketa ospatuko dute etzi.
Niessen elkarteak antolatu du otxoteen topaketa. Adierazi dutenez, Euskal Herrian bakarrik Kanbon (Lapurdi) egiten dute antzeko txapelketa bat. Errenteria-Oreretan bost ariko dira: herriko Karnaba, Arrasateko Txorbela, Martuteneko Ozenki, Baionako Aizkoa eta Donostiako Gaztelupe. Azken hori Gipuzkoako zaharrena da.
Karnaba otxoteko kide eta antolatzaile Alberto Mendigutxiak azaldu duenez, «abesteko ohitura galtzen ari da pixkanaka. Nahikoa otxote daude oraindik, baina batez besteko adina igotzen ari da». Ohiturak berreskuratzeko ahalegina dela diote Niessen elkartekoek.
Ekitaldiak 12:15ean hasiko dira, bost tabernetan (Limerick, Cyne Reyna, Batzokia, Juli eta Maite) batera. Otxote bana egongo da bertan eta hiruna kanta abestuko dituzte. Uxuala edateko tartea hartu eta hurrengo tabernara joango dira otxoteko kideak. Bost tabernetan izango dira, ordu erdiro aldatuz. 14:30ean, berriz, bazkaria egingo dute Niessen elkartean (ez da abestirik faltako, noski). 18:00etan saio serioa egingo dute Errenteria Hiria kulturgunean. Sarrera doan da. «Goizeko saioetarako abesti folklorikoak ekarri dituzte, baina arratsalderako errepertorio zaila ekarri dute. Harrituta gaude», esan du Mendigutxiak. Saio hori parte hartuko duten otxoteen kalitatea neurtzeko balio duela esan dute antolatzaileek.
Musikaste indartzeko
Otxoteen topaketa igande honetan antolatzea ez da kasualitatea. Izan ere, bihar hasiko da Musikaste eta musika eskaintza horri gehitu nahi diote estreinakoz antolatu dutena. «Igandean Errenteria-Orereta munduan ia-ia musika eskaintza gehien duen hiria izan daiteke, eta hori guztia 200 metrotan», gaineratu dute.
Urte gehiagotan antolatzeko asmoa dute Niessen Elkartekoek:«Hego Euskal Herrian egingo den topaketa bakarra izango da eta erreferente bilakatu nahi dugu. Otxoteetaz hitz egitean jendeak herri hau buruan eduki dezan nahi dugu». Arrasateko otxoteak ideia «kopiatuko» dietela aitortu diete, gainera.
Igandean, beraz, galtzeko bidean dagoen ohitura zaharraz gozatzeko aukera izango da, «baita jendeak otxoteak entzuten eta abesten ondo pasatu dezan ere».