LAB sindikatuak euskal presoen aldeko mobilizazioak egingo ditu Oarso Bidasoko lantegietan
LAb sindikatuak euskal prtesoak etxeratzeko aldarrikapena eramango du lantegietara
“Euskal presoak etxera” aldarrikapenarekin bat egiten dutela eta hortaz, eskaera hori Oarso Bidasoko hainbat lantegietara eramango dutela jakinarazi dute gaur LABeko eskualdeko ordezkariek Foru plazan egindako agerraldian. Zorion Ortigosa eta Kristina Getek hartu dute hitza sindikatu abertzalearen izenean eta LAB sindikatuak “Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aldarrikapenekiko konpromiso zintzoena adierazten duela” azaldu dute. Hala euskal presoak etxeratzeko aldarrikatzeko Oarso Bidasoko hainbat lantokitan deituko dituzten mobilizazioetaz gain, azken ostiraletan herrietan presoen alde egiten diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei.
“Ukazioan oinarritutako espetxe politika”
LAB sindikatuko bi ordezkariek Frantziako eta Espainiako Gobernuen jarrera salatu dute “Euskal Herrian bake iraunkor eta egonkorra lortzeko oinarri sendoak jartzen ari garen honetan, ukazioan oinarrituta den eta sufrimendua baino ez dakarren espetxe politika indarrean mantentzen dutelako”. Politika horren baitan kokatu dituzte “osasun eskubidearen ukazioa, biziarteko zigorra, kanporaketak dakarren tortura eta inkomunikazio arriskua, edo sakabanaketa politikak joan etorrietan senide eta lagunei eragindako istripuak. Lehenengoaren adibide garbia dugu Mikel Ibañez euskal preso politiko ohiaren kasua, espetxe politika krudel honek eraman zuen heriotzaraino” salatu dute.
Bestalde, agerraldian aipamen berezia jaso dute 25 urte espetxean eman ondoren herenegun etxera itzuli ziren Estanis Lopez eta Ander Errandonea preso ohiak “ euskal presoei ezartzen zaien biziarteko zigorraren adibide baitira”. Errenteria-Oreretako Manu Ugartemendia euskal presoa ere gogora ekarri dute. Ugartemendia maiatzaren 2az geroztik gose greban da kanporatua izateko arriskua dela eta. Euskal presoak bihar beteko du Frantziak ezarritako zigorra “eta kanporatuz gero inkomunikatua eta torturatua izateko arriskua du”. Horren harira, manifestazioa egingo dute bihar arratsaldeko zortzietan Herriko Enparantzarik abiatuta.
Agerraldia amaituta ordu erdiko elkarretaratzea egin dute sindikatu abertzaleko ordezkariek Zumardian sakabanaketaren aurkako banderekin.